Musika

Ez Dok Amairu eta RRV-k itzalpetutakoa

Mikel Laboarekin hasi eta Zaramarekin segitu. Lourdes Iriondorekin hasi eta Kortaturekin segitu. 1960ko Euskal Herritik 1980kora. Aurreko mendearen bigarren erdiko euskal musikaz hitz egitean, aspaldi da bi foku horiek beste eremu batzuk erdiz itsutu zituztela. Izan zen, ordea, bestelako soinurik, bestelako proposamen artistikorik, eta tarteko hamarkada da ezezagun handienetako bat, musikalki, bederen. 1970eko urteetan, rock progresibora, folk psikodelikora eta jazz-rockera hurbildu ziren euskal musikari asko, «musikari handi eta talde oso interesgarriak», Elkar Musikako Andres Kamio Jitu-ren esanetan. Bada, belaunaldi hari «omenaldi xume bat» egin nahi izan diote orain trantsizioaren ideia izenean daraman lan bikoitzarekin: Katebegiak. 1972-1985. CD-liburua eta biniloa plazaratu dituzte, eta orduko bi lan berrargitaratzeko ere baliatu dute abagunea: William S. Fischerren Akelarre sorta bat eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan.

Makala Antton eta Jitu

Mikel Unzurrunzaga ‘Makala’, Antton Iturbe eta Andres Kamio ‘Jitu’. (Maialen Andres / Foku)

Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala ekoizle eta musikaria egon da proiektuaren atzean hasieratik. Irrati esataria ere bada, eta, batez ere, «bildumazalea». Gaztea irratiko Boom Shaka Laka irratsaioan egindako lana oinarri hartuta, Euskal Herriko musika beltzaren bilduma bat kaleratu zuen 2016an, Boom Shaka Laka – 10 Years, eta horrek hauspotu zion 70etako giroa gehiago arakatzeko gogoa, batik bat, William S. Fischerren musika ezagutzean —haren kantu bat jaso dute bilduman—. «Mende erdia ere ospatzen ari naizenez, ni jaiotako hamarkadan egindako musika aztertzearen ideia ere gustatzen zitzaidan», kontatu du.

Makalak egin du kantuen hautaketa, Elkar, Xoxoa, Herri Gogoa eta IZ diskoetxetako katalogoak baliatuta. Denera, hamahiru kantu aukeratu dituzte LP bikoitzerako eta bat gehiago disko-liburuan sartzeko, azken uneko bonus-track bat gehituta —Eresbili esker berreskuratutako Juan Arkotxaren 1983ko pieza bat—. Bilduma osatzen duten abestiak, berriz, ondorengo artistenak dira: Haizea, Izukaitz, William S. Fischer, Magdalena, Enbor, Itoiz, Koska, Itziar, Errobi, Lisker, Amaia Zubiria & Pascal Gaigne, Gontzal Mendibil & Taldea eta Urria.

Horietako asko arakatzearen puruz deskubritu dituztela nabarmendu du Makalak, eta bidean hartutako ezusteak ospatu ditu. «Adibidez, Itoizen Ezekiel diskoa oso berezia izan zen, eta hor badago kantu bat aukeratu duguna, zeinetan kasualitatez Itziar Egileorrek abesten duen, eta horrek eraman gaitu zer eta hark Itziar izenez atera zuen diskora». Berdin Xoxoa diskoetxean Jean Phocasek 1978-1979an ekoitzi zituen diskoetara, Izukaitzen Izukaitz-era eta Errobiren Ametsaren bidea-ra, besteak beste: «Badute soinu amankomun bat, zerbait berezia. Hor urpekari lana egitea sekulako gozamena izan da».

“Euskal musikaren historia, nolabait, ikuspegi berri batez begiratzeko eta entzuteko aukera bat ematen du bildumak”

60ko urteetako kantautoreen eta 80ko punkaren eraginpeko taldeen aldean, 70eko hamarkadan rock progresibo, folk psikodeliko zein jazz rockaren bueltan aritu zirenek «abesti luzeagoak eta birtuosismo handiagokoak» landu zituztela azaldu du Makalak, eta haien eraginen artean zerrendatu ditu Grateful Dead, Fairport Convention, Frank Zappa eta beste. Makala: «Talde asko berbenetatik etortzen ziren, eta birtuosismoa oso garrantzitsua zen haientzat. Baita euskal musikako instrumentu tradizionalak erabiltzea ere; alboka, txirula, txalaparta… hor daude. Kantuen hitzak tradizionalak ziren, baina jantzi berri bat zekartenak».

Gehi bi «harribitxi»

Bai biniloari eta bai CD-liburuari Blami artistak egin die azala, gorri-zuri-berdea. CD-libururako hitzaurrea Garbiñe Ubedak idatzi du, urte haietako zenbait oroitzapen ekarriz, eta talde bakoitzari dagokion testua Antton Iturbek osatu du —lau hizkuntzetan dator argitalpena—. «Lehenengo-lehenengo, entzule bezala ilusionatu nintzen proiektu honekin», aitortu du Iturbek. «Entzuketa aurkikuntza handi bat izan da, eta inguruko informazioa biltzea ikasketa bat». Diskoan bildutakoa «topikoetatik kanpo» gelditzen den musika dela ere erantsi du. «Euskal musikaren historia, nolabait, ikuspegi berri batez begiratzeko eta entzuteko aukera bat ematen du bildumak. Bilduma gisa oso ederra da, baina batez ere iruditzen zait atari bat dela, harago joateko eta gehiago sakontzeko».

Katebegiak-ekin batera, William S. Fischerren Akelarre sorta bat (1972) eta Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Egun argi hartan (1985) diskoak berreskuratzeak proiektua «borobildu» dutelakoan da lantaldea. Jituk nabarmendu du azaletik hasita direla bereziak bi lanak: «Gaignek esan zigun kantaria azalean agertzen zuen lehenbiziko diskoa izan zela. Hortik hasita du esateko asko lanak».

Fischerrena, berriz, Herri Gogoako Iñaki Beobidek ekoitzi zuen, eta sasoi hartako ekoizleak omentzeko modu bat ere izan dela aipatu dute: «Oso-oso ausarta izan zen garai hartan halako disko bat planteatzea eta merkaturatzea. Groove, jazz eta musika beltza “Peio Joxepe” eta halako herri kantuekin uztartzen ditu; nahasketa oso bitxia da. Kultuko disko bat».

ETIKETAK:Amaia ZubiriaAntton IturbeElkarEnborErrobiGontzal MendibilHaizeaItoizIzukaitzKoskaLiskerMagdalenaMakalaPascal GaigneUrriaWilliam S. Fischer