Musika

badok

2015.12.09

badok

‘Ez Dok Amairu oroituz’ jardunaldiak Donostian

EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatuta, Ez Dok Amairu oroituz jardunaldiak egingo dira gaur eta bihar Donostiako San Telmo museoan, 19:00etatik aurrera. 60 eta 70. hamarkadetako garai hura ikertzaile eta sortzaile gazteen eskutik gogora ekartzeko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

ez dok amairu

Ez Dok Amairu taldearen argazki ezaguna.

Gaur, asteazkena, Iñar Sastre pianistak Aire berriak obra interpretatuko du —Laboa Katedrak antolatutako sarian akzesita irabazi berri du Sastrek beste lan batekin—, eta ondoren hiru hitzaldi labur entzun ahal izango dira San Telmo museoan: Ana Gandarak bere doktore-tesia aurkeztuko du Ez Dok Amairuren garaia: hurbilketa bat izeneko hitzaldian, Enrike Hurtadok txalapartaren eta musika garaikidearen arteko uztarketa aztertuko du (Txalaparta eta John Cage Euskal Herrian egon zenekoa: Iruñeko musika garaikideko topaketak), eta Imanol Artolak Benito Lertxundiri buruz nazio-eraikuntzaren ikuspegitik egin duen ikerketa azalduko du (Benito Lertxundi eta Ez Dok Amairu).

Itzal Zaunka-300

Olariagak ‘Itzal Zaunka’ emanaldirako egindako marrazkietako bat.

Osteguneko jardunaldia ere Iñar Sastrek zabalduko du, Piano gogoeta 13 obraren interpretazioarekin. Ez Dok Amairu eta dantza izango da bigarren eguneko hitzaldi nagusiaren gaia. “Ez Dok Amairuk musika alorrean ekindako bidearen parekoa egin zuen dantzaren alorrean Argia dantzari taldeak. Hain zuzen ere, bateratsu hasi eta ibili ziren musikari eta dantzariak lehen urteotan, eta elkarren arteko kolaborazioak ohikoak izan ziren”. Ez Dok Amairu eta dantzaren artean izan ziren loturak eta horien ekarpenak aipatuko dituzte Oier Araolazak, Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek.

Musika, poesia eta irudi emanaldi batek itxiko ditu jardunaldiak. Itzal Zaunka eskainiko dute Jexuxmai Lopetegi abeslariak, Harkaitz Cano idazleak eta Antton Olariaga marrazkilariak. Satxa Soriazuk (pianoa) eta Julen Izarrak (saxofoia) lagunduko diote Lopetegiri Canoren testuak musikatzen. Hemen entzun dezakezu bertan joko dituzten kantuetako bat, “Dantzari bakartia”.

ETIKETAK:Ana GandaraAntton OlariagaBenito LertxundiEnrike HurtadoEz Dok AmairuHarkaitz CanoImanol ArtolaIñar SastreJexuxmai LopetegiMarian ArregiMikel UrbeltzOier Araolaza