Musika

badok

2018.05.15

badok

Ezinean taldeak disko labur bat kaleratu du agur esateko

Bazeramatzan pare bat urte kontzerturik eman gabe eta praktikan amaitua zuen bidea, baina ibilbideari bukaera emateko modu bat asmatu beharra sentitzen zuten taldekideek. Bost kantuz osatutako disko batekin agur esan du Ezinean taldeak. Betirarte Ezinean izenburua jarri dio grabazioari eta dagoeneko hasi da kantuak sare sozialetan zabaltzen. Hardcore melodikoak euskaraz dituen ordezkarietako bat galdu du.

ezinean

Hamabost urteko ibilbidea egin du Ezinean laukoteak.

Oihan Amezuak (bateria), Oier Ezeizak (gitarra eta koruak) eta Iban Amenabarrek (ahotsa eta baxua) sortu zuten Ezinean 2001. urtean, Azpeitian (Gipuzkoa). Lehen diskoa grabatzeko Oihan Lizaso (gitarra) batu zitzaien, eta ondoren Jon Regañok ordezkatu zuen Lizaso. Lehen lan homonimo hura Gor diskoetxeak argitaratu zuen 2006an, eta Bonberenean grabatu zuten Karlos Osinagarekin. Bi urte geroago etorri zen Zuretzat, hau ere Gor diskoetxearekin, eta hura aurkezteko 50 kontzertu inguru eman ondoren lau urteko etenaldia iritsi zen. Oihukak kaleratu zuen Berriz (2014) hirugarren diskoa —lan horretan Oihan Lizaso itzuli zen taldera, Regañoren ordez— eta Elkar diskoetxeak antolatutako Elkar Estudioa Sesioak ekimenean parte hartu zuten.  

Lau kideetatik, Oihan Lizasok soinu teknikari lanak egiten ditu 2Noisy grabazio estudioan, eta Oihan Amezuak Delient taldean jotzen du.

“Sofa gorri hartako letra” da Ezineanen azken grabazioan jasotako kantuetako bat.

ETIKETAK:AzpeitiaElkarElkar Estudioa SesioakEzineanIban AmenabarJon RegañoKarlos OsinagaOier EzeizaOihan AmezuaOihan LizasoOihuka