Musika

badok

2014.07.22

badok

Elkar Sesioak eta EH Sona lehiaketak, abian

Elkar diskoetxeak iragan maiatzean jarri zuen martxan Elkar Estudioa Sesioak ekimena, Hamaika Telebistarekin elkarlanean. Bost talderi aukera eman zien Elkar estudioan jendaurrean jotzeko eta emanaldia grabatzeko, eta ondoren Hamaika Telebistak bost kontzertuak emititu zituen ostiral gauetan eta larunbat arratsaldeetan. Izaki Gardenak, Ezinean, Odolaren Mintzoa, Seiurte eta Këa izan ziren Elkarrek ekimena zabaltzeko aukeratu zituen bost taldeak. Badok.info-n bertan, talde bakoitzari eskainitako orrian ikus ditzakezu kontzertuen bideoak.

Udazkenean ekimenaren bigarren faseari ekin nahi diote Elkar diskoetxeak eta Hamaika Telebistak, baina oraingoan lehiaketa baten bidez aukeratuko dituzte parte hartuko duten bost talde edo bakarlariak. Hauek dira lehiaketan parte hartzeko oinarriak:

  • Talde edo bakarlaria izan daiteke.
  • Talde edo bakarlari bakoitzak 8 abesti aurkeztu beharko ditu.
  • Euskaraz abestutako kanta originalak izan behar dute; bertsioek ez dute balio.
  • Talde eta bakarlariek aurkezten dituzten abestien jabetza izan behar dute.
  • Parte-hartzaileek gutxienez 18 urte izan behar dituzte.
  • 8 abestiak eta talde edo bakarlarien datuak (taldearen edo bakarlariaren izena, emaila, telefono mugikorra, abestien izenak) ees@elkar.com emailera edo ondorengo helbidera bidali behar dira: Elkar Estudioa Sesioak – Portuetxe kalea 88, 20.018 Donostia (Gipuzkoa).
  • Lanak jasotzeko azken eguna irailaren 1a izango da.
  • Irabazleen izena irailaren 15ean jakinaraziko da.
  • Grabaketak urriaren 6tik urriaren 10era izango dira. Grabaketak arratsaldeko 15:00etan hasiko dira.
  • Grabaketa tresnak taldeak berak ekarri beharko ditu.
  • Elkar argitaletxearekin eta Hamaika Telebistarekin akordio bat sinatuko da emanaldi horien eta grabatutako abestien inguruan.

Bestetik, Bartzelonako Euskal Etxeak, EH Sona jaialdiaren antolatzaileak, iaz bezala, “euskal musikaren talentu berriak” bilatzeko lehiaketa bat antolatu du. Kasu honetan, talde edo bakarlari irabazleak Bartzelonako Razzmatazz areto sonatuan jotzeko aukera izango du, Zea Mays taldearekin batera. Hona hemen lehiaketan parte hartzeko baldintzak:

  • Euskaraz abestu eta EH Sona jaialdian inoiz parte hartu ez duten talde eta bakarlari orok parte har dezake lehiaketan. Ez da inolako mugarik jarriko musika estiloari dagokionez.
  • Saria Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona 2014 jaialdiaren barnean kontzertu bat eskaintzea Bartzelonan, Razzmatazz aretoan ZEA MAYS taldearekin batera. Euskal Etxeak bere gain hartuko ditu taldearen bidaia, loa eta afari gastuak.
  • Lehiaketan parte hartzeko gutxienez hiru abesti bidali beharko dira.
  • Lehiaketaren egutegia hau izango da: Uztailaren 18tik irailaren 28ra: lehiaketara aurkezteko epea / Urriaren 1ean: irabazlea jakinaraziko da / Azaroaren 21ean: kontzertua.
  • Kontzertua gutxienez 30 eta gehienez 50 minutukoa izan beharko da.
  • Abestiak formatu digitalean bidali behar dira eta Bartzelonako Euskal Etxeak bere webgune eta blogean erabiliko ditu lehiaketa eta kontzertuaren berri emateko.
  • Epaimahaia Euskal Herrian eta Bartzelonan musika munduan lan egiten duten hainbat lagunek osatuko dute.
  • Parte hartzaileek jabetasun intelektualari buruzko indarrean dagoen legediarekiko edozein lege-hauste ez dela antolatzaileen ardura baieztatzen dute.
  • Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.
  • Antolakuntzak, ezinbesteko baderitzo, oinarri hauetan aldaketak egin ahalko ditu eta behar bezala jakinaraziko ditu.
  • Informazio gehiago eta lanak bidaltzeko: Bartzelonako Euskal Etxea Centre Cultural,  Placeta Montcada 1-3 08003 (Entrada per Arc de Sant Vicenç) Bartzelona kulturabcn@euskaletxeak.org
ETIKETAK:EH SonaElkarElkar Estudioa SesioakLehiaketak