Elkarrizketa

Saioa Baleztena

2014.10.23

Saioa Baleztena

“EH Sonak jendarte katalana erakartzeko indar berezia du”

Elkarrizketa: Ekaitz Garate

Hamazazpi urte pasa dira Bartzelonan lehen aldiz EH Sona antolatzen hasi zirenetik, eta krisiak kultura gogor zigortzen duen unean, sekula baino indartsuago dator jaialdia. Bihar hasiko da aurtengo ekitaldia, Lou Topet taldeak Passeig del Bornen eskainiko duen doako emanaldiarekin, eta abenduaren 6ra bitarte iraungo du. badok.info atariak ere parte hartuko du, azaroaren 13an Euskal Etxean egingo duen aurkezpenaren bidez. Guztia prest dutenean, Bartzelonako txokoan izan gara Ekaitz Garate kultura teknikariarekin solasean.

Ekaitz Garate EH Sona

Ekaitz Garate, Bartzelonako Euskal Etxeko kidea.

Aurrekoetan ez bezala, aurtengo ekitaldia Mercat de la Música Viva de Vic (MMVV) azokan aurkeztu duzue. Zer moduzko harrera izan du?
Eusko Jaurlaritzatik eta MMVV azokatik aurkezpena Vic-en egiteko proposamena heldu zitzaigun eta aurrerapauso interesgarria izan da guretzat. Katalunian dagoen azoka garrantzitsuena da, Kataluniako musikari eta ekoizlerik hoberenak biltzen dituelako batetik, eta euskal musikari tartea egiten diolako bestetik…

Aurkezpen hari esker zabalkunde gehiago izan duzue Bartzelonatik kanpo. Praktikan nabaritu al duzue?
Hamazazpi urte hauetako lanaren ondoren, MMVV azokan EH Sona aurkeztu ahal izatea erakusleiho garrantzitsua izan da. Uste baino jende gehiago gerturatu zen, ate asko zabaldu dizkigu eta, noski, urtero bezala aurkeztu izan bagenu lortuko ez genituzkeen inputak jaso ditugu dagoeneko!

Egitarauari dagokionez, aurreikusten al duzue etorkizunean Bartzelonako mugak hausteko aukera?
Momentuz ez dugu erabaki zehatzik hartu baina, Euskal Etxean orain arte egin dugun bezala, pausoz pauso hedatzen jarraitzea da gure asmoa. Euskal Herritik kanpo dagoen euskal musika jaialdirik handiena da EH Sona eta horregatik, kontu handiz joan behar dugu. Aurten sail berriak gehitu ditugu, eta datorren urtean aurtengoa sendotu eta Bartzelonako mugak hausteko aukerak aztertuko ditugu.

EH Sona-kartela

Zein dira bihar abiatuko den edizioak ekarriko dituen berrikuntzak?
Hasteko, orain arteko ekitaldiak aztertuta konturatu ginen familiei zuzendutako proposamenak falta zirela, eta haurrei zuzendutako TXO programa estreinatuko dugu. Bi tailer egingo ditugu, birziklatutako instrumentuena bata, eta Dj munduan murgiltzeko ikastaroa, bestea.

Haurrentzako kontzertu berezi bat ere antolatu duzue, oker ez banago.
Hasieran tailerrak egitea aurreikusi genuen bakarrik, baina azkenean kontzertu interesgarri bat lotu dugu. Dues Princeses Barbudes talde katalanak disko bat kaleratu du euskaraz eta bilduma berriaren estreinaldia egingo dute gurean.

Txikientzako ikastaroez aparte helduei zuzendutako beste bat ere antolatu duzue.
EH Sonako programazioa partaidetzaren bitartez dibertsifikatu nahi izan dugu eta tailerrak txertatzea erabaki dugu horretarako. Txikienek bi ikastaro izango dituzte eta Ainara LeGardonek musikari profesionalei zuzendutakoa eskainiko du. Modu horretan, ohiko kontzertuetatik harago, familiei eta musikari profesionalei zuzendutako espazioak sortu nahi ditugu.

“EH Sona lehiaketak eta Banden Lehiak bat egingo dute. Hemendik aurrera Banden Lehiaren saria izango da EH Sonan jotzea”

Azken urteetan arrakasta berezia izan duen EH Sona lehiaketa, aldiz, mantentzen duzue. Parte hartzeak goraka jarraitzen al du?
Lehiaketa urtetik urtera handituz doa, eta aurten errekorra gainditu dugu! Guztira, 31 taldek parte hartu dute eta emaitzarekin oso pozik gaude. Cesk Freixas eta Miquel Gil musikari katalanek osatu dute epaimahaia, eta azken momentura arte borrokan ibili dira irabazlea erabakitzeko.

Epaimahaia katalana izateak zein helburu du?
Zinemaldian jarraitzen ditugun irizpideak barneratu ditugu EH Sona lehiaketan. Orain arte musikarekin lotura zuten eta Bartzelonan bizi ziren euskaldun eta katalanen arteko bilera baten bitartez aukeratzen genuen irabazlea, baina aurten, musikariekiko distantzia mantentzeko asmoz, artista katalanen esku utzi dugu azken erabakia.

Azken urteetan bezala, saridunak – Kasernarat taldeak– EH Sonako kartelburuarekin —Zea Mays— Razzmatazz aretoan jotzeko aukera izango du. Hitzordurik arrakastatsuena al da hori?
Orain arte oso ongi funtzionatu du. Irabazleentzat sari polita da, sona gutxiago duten taldeek Estatuko aretorik garrantzitsuenetako batean jotzeko aukera izaten dutelako, eta ikuslearentzat ere erakargarria da. Lehiaketaren irabazlea ezagutzeko jakin-minak batetik, eta kartelburuak berez duen indarrak bestetik, jendetza erakartzen du.

Kasernarat

Kasernarat taldeak irabazi du aurten EH Sona lehiaketa.

Aurreko edizioetako irabazleekin solastuta bereziki eskertzen dute EH Sonak eman zien bultzada.
Helburu horrekin sortu zen. Talde askorentzat, baliabide urritasunagatik, ezinezkoa litzateke beste modu batean Bartzelonako Razzmatazzen jotzea. Zoritxarrez, gaur egun oso zaila da Euskal Herriko mugak zeharkatzea eta, horregatik, gure apustua da zailagoa duten taldeei bultzada hori ematen jarraitzea.

Razzmatazz garrantzitsua den arren dagoeneko areto sare interesgarria hartzen du EH Sonak.
Batetik, betidanik borrokatu dugu Euskal Etxeko aretoaren balioa aldarrikatzeko, baina hortik kanpo Apolo, Razzmatazz, Harlem eta Tradicionàrius aretoetan kontzertuak egin ahal izatea bikaina da guretzat. Azken finean, talde bakoitzarentzat aretorik egokiena topatzea izan da gure betiko erronka, eta orain lortzen dugu. Estilo bakoitzaren arabera osatzen dugu programa osoa.

“Talde bakoitzarentzat aretorik egokiena topatzea izan da gure betiko erronka, eta orain lortzen dugu”

Bartzelonan bizi garen euskaldunok gustura hartzen dugu EH Sona, baina jendarte katalana erakartzeko erronka bete al duzue?
Zalantzarik gabe! Kontzertuaren arabera aldatu daiteke, baina badira publikoaren gehiengoa katalanek osatzen duten kontzertu asko eta asko. Izan ere, Euskal Etxearen zorionerako, EH Sonak jendarte katalana erakartzeko indar berezia du: bertakoek badakite hilabete eta erdiz euskal talde asko ezagutzeko aukera dagoela Bartzelonan eta jakin-minez gerturatzen dira…

Datorren urtera begira aldaketak izango ditu lehiaketak. Zer gertatuko da zehazki?
EH Sonaren eta Banden Lehiaren arteko elkarlana sustatuko dugu. Orain arteko edizioak aztertuta konturatu gara oso antzekoak ziren bi ekimen antolatzen genituela, eta iaz gainera, talde berak [Eskean Kristö] irabazi zuen han eta hemen. Horregatik, Azkue Fundazioarekin hitz egin ondoren erabaki dugu indarrak batzeko ordua iritsi dela.

Zuen lehiaketa desagertuko da orduan?
Ez, bi lehiaketek bat egingo dute. Orain arte talde berberek parte hartzen zuten bietan eta horregatik, lehiaketa bakarra egin eta sendotzeko asmoz, hemendik aurrera Banden Lehiaren saria izango da EH Sonan jotzea.

Bide batez, zuen eredua jarraituta, Euskadi Suena jaialdia antolatu dute aurten Madrilen lehen aldiz. Ohore bat izango da zuentzat, ezta?
Egia esan, udaberrian deitu ziguten Madrildik EH Sonaren eredua hartuta antzeko jaialdi bat egiteko baimena eskatuz. Guretzat pozgarria da han, New Yorken zein Caracasen, EH Sona eredu hartuta, antzeko ekimenak antolatzeko interesa pizten dela jakitea. Oso berri ona da euskal kulturarentzat: batetik, gure musikarekiko interesa dagoela esan nahi duelako, eta bestetik, kulturaren zabalkundea ziurtatzen dugulako horrela. Euskaldun ororentzat luxu bat da Euskal Herritik kanpo bizi eta euskal kultura gertuan edukitzea.

Lou Topet

Lou Topetek zabalduko du EH Sona.

Zailtasunak zailtasun, kultura zigortuta dagoen momentuan, geroz eta indartsuago dago EH Sona…
Garai txarrak dira eta guretzat oso zaila da EH Sona aurrera ateratzea, Euskal Etxeak urtean zehar antolatzen dituen 150 ekitaldiak antolatzea zaila den bezala. Seguru asko, jaialdiaren arrakasta Euskal Etxeak ibilbide osoan zehar izan duen koherentzian datza. Duela 17 urte, lehen aldiz EH Sona antolatu zutenean asmoa hori baitzen, baliabide ekonomikoekin baino gehiago Euskal Etxean elkartu zen jendearen ilusioaren bitartez euskal kultura Katalunian zabaltzea. Aurrerantzean ere, krisiak jartzen dizkigun mugen gainetik, horrela jarraitu nahiko genuke: koherentzia horren baitan kuantitatiboki baino, kualitatiboki hazten.

Amaitzeko, Bartzelonan bereziki garestia da musika zirkuitua, eta zuek joera horretatik ihesi egiten duzue. Baina, nola?
EH Sona guztion eskura jartzea da gure erronka nagusia eta kontzertuetako sarrerak 30 eurotan salduko bagenitu ez genuke inor ekarriko. Prezioak ahalik eta baxuen jartzen saiatzen gara beti, eta aurten berrikuntza bat ere gehitu dugu: Euskal Etxeko kontzertuak sustatzeko asmoz, eta bazkideen fideltasuna saritzeko, batez ere, euskal musikaren prototipotik erabat aldentzen diren bost proposamen bildu ditugu 20 euroko bono baten truke. Interesa duenak, Mursego, Tania de Sousa, Goienetxe Anaiak, Revolutionary Brothers eta Balerdi Balerdi taldeen kontzertuak ikusi ahal izango ditu 20 euroren truke, kontzertu bakoitzeko edari bat barne.

Egitarau osoa ikusteko: http://www.ehsona.com

ETIKETAK:Balerdi BalerdiEH SonaEskean KristöGoienetxe AnaiakKasernaratLou TopetMursegoTania de SousaZea Mays