Musika

badok

2019.07.04

badok

Agortu dira Hertzainak-en bi kontzertuetarako sarrerak

Garik eta Josu Zabalak irailaren 25ean eta 26an Bilboko Euskalduna Jauregian emango dituzten bi kontzertuetarako sarrera guztiak saldu dira jada. Iragarritako lehen emanaldirako sarrerak lau ordutan saldu ziren atzo goizean, eta ondorioz, bezperan beste kontzertu bat ematea erabaki zuten Hertzainak taldeko bi kide ohiek. Bigarren kontzertu horretarako sarrerak ere salgai jarri eta ordu gutxitan agortu dira.

Captura de pantalla 2019-07-03 a las 10.42.27

Aurten 35 urte egin ditu Hertzainak-en lehen diskoak, eta horren harira emanaldi berezi eta intimo bat eskaini zuten Garik eta Josu Zabalak Bilboko Arriaga antzokian, otsailean. Hainbat gonbidatu izan zituzten alboan: Marino Goñi, Iñaki Uoho (Platero y Tú), Jon Agirrezabalaga (WAS taldeko kide eta Gariren azken diskoen ekoizlea), eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak. Emanaldi hartarako sarrerak berehala agortu ziren eta jende asko bikotea zuzenean ikusteko gogoz gelditu zen. Kontzertu haren harira sortu da Euskalduna jauregian jotzeko aukera, Bizkaiko Diputazioak bultzatuta. Inun baino alaiagoa izanen da! leloa jarri diote emanaldiari, Hertzainak-en kantu ezagun batetik (“Ta zer ez da berdin”) hartutako esaldia hain zuzen ere.

“Hertzainak Josu eta Gari baino gehiago da, baina taldearen izpiritua gordetzen dugu, ondo pasa nahi dugu eta jendea gozarazi nahi nahi dugu azken aldi batez”

Kontzertuetan 17 abesti joko dituzte Garik eta Josu Zabalak, Hertzainak-en disko guztietakoak, eta zenbait abestitan abeslari eta musikari gonbidatuak izango dituzte ondoan, baina ez dituzte haien izenak eman. Hertzainak-en “izpiritua” eraman nahi dute oholtzara bi musikariek: “Gure asmoa ez da taldearen soinua erreproduzitzea, jada ez gara ginen berberak eta Hertzainak Josu eta Gari baino gehiago da, baina taldearen izpiritua gordetzen dugu, ondo pasa nahi dugu eta jendeari zoriontasuna transmititu nahi diogu azken aldi batez”, azaldu du Josu Zabalak.

Kontzertuaren leloaz, zera esan du Garik: “Kantua idatzi genuenean bezala, gaur egun ere zaila da euskarazko rock&rollak dirua ematea, nahiz eta badiren hori lortu duten taldeak, baina bai esan dezaket inon baino alaiagoa izaten jarraitzen duela”.

Prentsaurrekoan Bizkaiko Diputazioko Lorea Bilbao Kultura diputatuak ere parte hartu du, erakunde hori izan baita kontzertuaren sustatzailea.

ETIKETAK:GariHertzainakJosu Zabala