Musika

badok

2019.02.06

badok

Gernikako Lekuek jaialdiaren egitaraua osatu da

Seigarren urtez Lekuek jaialdia hartuko du Gernika-Lumok (Bizkaia) martxoan. Jaialdiaren izaerak eta helburuak bere horretan diraute bere sorreratik, “Gernikako elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei leku egitea, lantalde boluntario eta boluntarioki babes ekonomikorik gabea garenon eskutik”. Aurten ere herriko hainbat leku izango dira jaialdiaren aterpe. Zehazki, Astrak, Iparragirre Rock Elkarteak, Trinkete Antitxokoak, Lizeo antzokiak eta herriko tabernek hartuko dituzte egitaraua osatzen duten kontzertuak, erakusketak, proiekzioak eta bestelako ekintzak, martxoaren 9tik 16ra bitartean.

Gernikako Lekuek 2019

Egitarau osoa jada ezagutzera eman dute antolatzaileek, eta jaialdiaren filosofiarekin bat eginez, Euskal Herriko eta nazioarteko artistak elkartzen dira izen zerrendan. Bertakoen artean, aipatzekoak dira hainbat proiektu eta lan berriren estreinaldiak. Esaterako, Hannot Mintegiak bultzatutako Moxal proiektuarena edota Neighbor taldeko Maite Larbururen bakarkako lehen diskoarena. Halaber, iaz argitaratutako diskoak aurkeztuko dituzte Bad Sound, Joseba Irazoki eta Lagunak, Kaleko Urdangak eta Dekot taldeek. Euskal Herriko ordezkaritza osatuz, Amorante, Gonzalo Portugal (Last Fear Deal taldeko gitarrista), Mad Muasel, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Belatz —Banden Lehiaren azken talde irabazlea—, Laukatu eta Iñigo Garrido ere jaialdian izango dira.

Atzerriko izenen artean, estilo askotariko artista daude: Nuria Graham (folk-americana), The Soul Jacket (southern rock), Dätcha Mandala (heavy-blues), Vancouvers (power-pop), Antonio Lizana Trio (jazz), Mr. Sipp (blues), Slap Guru (stoner, hard-rock), Doble Capa (rock), 8°6 Crew (reggae)…

Hauek dira sarrera duten kontzertuen datak eta lekuak:

  • martxoak 9: 8°6 Crew eta Kaleko Urdangak, Astra, 21:30
  • martxoak 10: Maite Larburu, Trinkete Antitxokoa, 20:00
  • martxoak 14: Mr. Sipp, Iparragirre Rock Elkartea, 21:30
  • martxoak 15: Vancouvers, Trinkete Antitxokoa, 00:00
  • martxoak 15: The Soul Jacket eta Mississippi Queen & The Wet Dogs, Iparragirre Rock Elkartea, 21:30
  • martxoak 16: Dätcha Mandala eta Doble Capa, Iparragirre Rock Elkartea, 20:30
  • marxroak 16: Bad Sound eta Mad Muasel, Astra, 21:00
  • martxoak 16: Joseba Irazoki eta Lagunak eta Moxal, Trinkete Antitxokoa, 23:00

Jaialdi osorako bonoa salgai dago sarean, baita zenbait kontzertutarako sarrera solteak ere. Gernikako hainbat gunetan ere eskuratu daitezke: Astra, Aterpe taberna, Ospa taberna eta Talako Kantina (Bermeo).

ETIKETAK:AmoranteBad SoundBelatzDekotGernikaGernikako LekuekJaialdiakJoseba Irazoki etaMaite LarburuMoxal