Musika

badok

2020.01.14

badok

‘Hemen herensugeak daude’, Liher taldearen disko berria

Liher taldeak bere disko berriaren izenburua eta argitalpen data iragarri ditu gaur. Donostiako laukoteak otsailaren 28an kaleratuko du Hemen herensugeak daude, bere hirugarren lana. Argitalpenaren berri emateko “hitzaurre” gisa, thriller itxurako film labur bat zabaldu du taldeak, zeinean lau taldekideak —Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra), Joshka Natke (baxua) eta Ander Berzosa (bateria)— dantzaleku baten inguruan ustez gertaturiko hilketa bat argitu behar duten inspektoreak diren. Nitya Lopezek zuzendu du ikus-entzunezkoa eta Iñaki Beraetxe aktoreak hartu du parte inspektore-buru gisa. Harena da filmeko esaldirik enigmatikoena: “Mesedez, ez egin Lazkao bat”.

Lide Hernandoren bakarkako proiektu gisa sortu zen Liher 2015. urtean. Maketa bat grabatu ondoren —Arrazoi gutxi, denbora asko—, proiektuak talde formatua hartu zuen Hauts izeneko diskoan eta jarraipena izan zuen Tenpluak erre lanarekin. Disko horrekin oihartzun handia lortu du taldeak, 2018ko martxotik 2019ko azaroa bitartean ia 100 kontzertu eman ditu lan hura aurkezteko biraren barruan, horietako asko Euskal Herritik kanpo: Katalunian, Frantzian, Espainian, Suitzan…

Diskoa argitaratu arte itxaron beharko da jakiteko non entzun ahal izango diren kantu berriak zuzenean, baina taldeak dagoeneko iragarri du uztailean Tsunami Xixon jaialdian joko duela.

ETIKETAK:Ander BerzosaIñaki BeraetxeIñigo EtxarriJoshka NatkeLide HernandoLiherNitya Lopez