Musika

Mikel Lizarralde

2017.08.30

Mikel Lizarralde

Ilusioa eta gogoa, garai ilunetan

Berako Atala estudioko kabinaren kanpoko aldean daude Jabier Muguruza, Ander Mujika gitarrista (Napoka Iria, Anari) eta Iñigo Irazoki teknikaria. Mujikaren gitarra pasarte baten gainean Muguruzak grabatu eta behin eta berriro errepikatzen den leloa —«Leiho bat zabalik… leiho bat zabalik…»— entzuten ari dira. Baten bat nola ahoskatu duen ez zaio askorik gustatu kantariari, baina Irazokik egin dizkio zuzenketa batzuk, eta gustura gelditu da hirukotea. Muguruzaren disko berria izango dena grabatzen ari dira hirurak. Lagunartean.

Jabier Muguruzak Berako Atala estudioan grabatu du disko berria. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

Jabier Muguruzak Berako Atala estudioan grabatu du disko berria. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

Lehenengo aldia du Muguruzak Atala estudioan. Eta Mujikarekin eta Irazokirekin lan egiten duen aurrenekoa ere badu. Orain dela 23 urte argitaratu zuen Boza barruan bere bakarkako lehenengo diskoa —nahiz eta ordurako bazuen, Xabi Muguruzaren izenpean, Ja ja lana kaleratua—, eta, ordudanik, zuzenekoak barne, hamabost bat lan grabatu ditu. Horietako asko Azkaraten (Nafarroa), Angel Katarainekin, eta azkenekoak El Vendrelleko auditoriumean (Tarragona, Herrialde Katalanak). Oraingoan, ordea, «jauzi bat» egin nahi izan du kantariak, «konfort gunetik» ateratzeko, eta horrek Mujikarengana eraman du lehendabizi, eta Atala estudiora ondoren: «Estudio bakoitza mundu bat izaten da. Katarainekin eta Mikel Azpirozekin oso soinu akustikoa lantzera ohitu naiz, baina Iñigo [Irazoki] bestelako soinuetara ohituta dago, distortsioetara, saturazio handiko gitarretara…».

Hor dago gakoa. Muguruzak utzi egingo du erregistro akustikoa, eta gitarra elektrikoak eta elektronikak orain arte izan ez duten protagonismoa hartuko dute disko berrian. «Zergatik? Nik asko sinesten dut inkontzientean. Erabaki bat hartzen dugunean, ez da bat-batekoa izaten. Barne beharrak sortzen dira». Tonetti anaiak aurreko diskoa jazz formazio batekin grabatu zuen, eta formatu horrekin «oso gustura» egon arren, zerbait ezberdina egiteko beharra sentitu du orain. «Ziur aski, garapen pertsonal bat egon da, eta garaiek ere horretara eraman naute».

Izan ere, garaiak eta errealitatea «gogorrak» direla jabetuta dago Muguruza, eta hori sortzaileek ere sumatzen dutela uste du. «Harreman handia daukat musikariekin, idazleekin… eta ikusten dut gaur egungo egoera gogorra dela. Pentsatzen dut horrek ere zerikusia duela musika janzkerak izango duen aldaketarekin».

Gitarren ehundura
Ander Mujika orain dela bizpahiru urte ezagutu zuen, Imanolen omenezko bi kontzertutan Napoka Iria taldearekin lan egiteko aukera izan zuenean, eta, hasieratik, bere arreta piztu zuen gitarristak. «Oso fina da, baina badaki soinu lakar horiek ere ateratzen». Muguruzak ez daki orduan pentsatu zuen Mujikarekin zerbait egin behar zuela, baina bai, ordea, «klik bat» egon zela. «Tonetti anaiak ari nintzen prestatzen, eta, kontzeptu aldetik, Mujikaren gitarra ez zetorren bat disko haren soinuarekin; bestela, elkarrekin prestatu genuen kantu bat gustura sartuko nukeen diskoan». Nolanahi ere, esperientzia hark balio izan zion ikusteko Mujika «gitarrista ona izatez gain pertsona serio eta profesionala ere badela».

“Nik asko sinesten dut inkontzientean. Erabaki bat hartzen dugunean, ez da bat-batekoa izaten. Ziur aski, garapen pertsonal bat egon da, eta garaiek ere horretara eraman naute»

Astebetean grabatu dute Atalan diskoaren parte handi bat. Mujikak gitarren oinarriak landu ditu aurrena, Muguruzak ahotsak grabatu ditu ondoren —baita Mireia Otzerinjauregik ere—, eta gitarristak oinarri horren gaineko bestelako konponketak sartu ditu azkenik. «Horiek bestelako ehundura bat emango diote soinuari».

Aste honetan, material horrekin guztiarekin Zaragozara (Espainia) jo dute, Javi Vicente Carasueño-ren estudiora. Hark elektronikaz jantziko du Beran grabatutakoa, baina zehaztapenak beharrezkoak direla iritzita, «elektronikaren tratamendu jakin bat» egingo dutela gaineratu du Muguruzak. Tulsa taldearen La calma chicha diskoa entzutean ezagutu zuen Carasueñoren lana. «Lehen, elektronikak ez ninduen erakartzen, baina disko hori entzun, eta ohartu nintzen han ez zirela bakarrik Miren Izaren kantatzeko modua eta gitarra, bazela beste zerbait… Hitz egin nuen Mirenekin, eta esan zidan Carasueñoren ekarpena sekulakoa zela! Hasi nintzen mundu horretan pixka bat sartzen, eta pentsatu nuen: ‘Ausartuko naiz!’». [Miren Izak diskoan kolaboratu du, ahotsa jarriz abesti batean]

Gitarra elektrikoek eta elektronikak bestelako janzkera emango diete Muguruzaren kantuei, baina horrek ez du aldatuko kantariaren konposatzeko modua. Nortasun zeinuak edo marka hor mantenduko dira. «Erregistro intimista hori hor dago, nik horrela egiten ditudalako kantuak. Eta Jabier Muguruzaren marka hor izango da. Hori bai, oraingoan, beste modu batean bildua». 

Ander Mujikak grabatu ditu diskoko gitarrak. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

Ander Mujikak grabatu ditu gitarrak Muguruzaren lan berrian. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

Marka kantuek egiten dute, eta horiek, etxean, bakardadean, idazten ditu Muguruzak. «Konfiantzazko» musikari bat izan ohi du ondoan, halere, kantuei moldaketak egiteko. «Asmatu dudala esango nuke, intuizio handiko musikariekin lan egin izan dudalako beti. Anderrek ere badu hori; ez da gitarrista on huts bat. [Angel] Unzu, [Txema] Garces, [Mikel] Azpiroz… musikari handiak dira; ez interprete soilak. Kantua entzun, eta soinu mapa hori osatzeko intuizioa dute. Sena deituko nioke horri». Mujikak bete du disko berriaren grabazioan rol hori, eta gustura antzematen zaio Muguruzari haren lanarekin. «Ekarpen handia egin du. Esaten dizkit gauzak, nik ere kontsulta egiten diot… Estudioan jende askoren iritzia izatea ez da ona izaten, baina konfiantzazko norbait izatea, ordea, bai». Eta Mujikak diskoaren «kontzeptua» osatzen lagundu dio. «Hasieratik azaldu nion asmoa, eta berak hasieratik harrapatu zuen ideia. Inplikatu egin da proiektuan». 

“Intuizio handiko musikariekin lan egin izan dut beti, eta Ander Mujikak ere badu hori; ez da gitarrista on huts bat. Hasieratik harrapatu zuen ideia”

Inplikazioa eta ilusioa. Behin eta berriz errepikatzen ditu hitzok kantariak: «Ilusioa eta gogoa oso inportanteak dira. Egoera ez da erraza, eta gogoa nahiz ilusioa behar ditugu». Ilusio horri eusten ahalegintzen da bera, baina onartu du disko berriko zortzi kantuek ez dutela baikortasun handirik transmitituko: «Hitzak ilunak dira orokorrean… Gauzak dauden bezala, horrela sortu da». Eta onartzen du nolabaiteko kontraesana ere: «Esaten dut ilusioa behar dugula, baina…».

Hitzak haren ohiko kolaboratzaileetako batzuek idatzi dituzte: Iñaki Irazuk, Jose Luis Padronek, Harkaitz Canok, Gerardo Markuletak, Lourdes Oñederrak, «aspaldiko partez» Iban Zalduak, Angel Errok… Eta Iñigo Astizena da Leiho bat zabalik, «ziur aski» diskoari izenburua emango dion testua: «Hark bidali zidan poema, eta iruditu zitzaidan iluna bezain ederra… Oso letra gogorra da, baina diskoari izenburua emateko ere oso polita iruditzen zait. Azken urte hauetan ari naiz aldarrikatzen eta esaten argia behar dugula, eta tira, izenburua ez dator gaizki ideia horrekin». 

Argitalpena, bere kasa
Azkeneko diskoak Resistencia Madrilgo diskoetxeak kaleratu ditu, baina urte hasieran itxi egin zuten zigilua. Ondorioz, Mara Mara zigilu propioaren bitartez kaleratuko du lan berria Muguruzak: «Orain arte, zenbakiak begiratu, eta ikusten nuen diskoetxe bat atzean egotea ona zela niretzat. Baina, oraintxe bertan, gogo gutxi daukat ate joka hasteko, eta nik aterako dut». Zenbat eta nola saltzen den ere bada horretarako arrazoietako bat. «Egun, diskoen % 60 zuzeneko emanaldietan saltzen ditut…»

Baina heldu dio berriro ere ilusioa eta gogoa izateko beharrari. «Sinesten dut kulturan eta musikan. Eta eskerrak».

(Berria egunkarian, 2017ko abuztuaren 3an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Ander MujikaIñigo IrazokiJabier MuguruzaNapoka Iria