Musika

badok

2019.03.21

badok

Iñaki Bengoak Anita Parker utzi du

Iñaki Bengoak Anita Parker taldea uztea erabaki du. Hala jakinarazi du Facebook-en jarritako ohar batean bidez. Antza, beste musika mota bat egiteko gogoak bultzatu du horretara. “Bizitza ez da abesti bakarra, ezta musika estilo bakarra ere, eta diskoz aldatzea dagokit, parez-pare beste erronka batzuk dauzkat eta: ilusioz beteko nauten beste erritmo eta doinu batzuk”, azaldu du Arrasateko musikariak. Bengoak eta Jon Zubiaga Osoron-ek sortu zuten Anita Parker 2017an, Gose taldearen geldialdia zela medio, elektronika eta swing doinuen arteko uztarketa lantzeko. Ane Martinez eta Olatz Andueza batu zituzten proiektura eta geroztik bi disko argitaratu dituzte.

Anita Parker

Iñaki Bengoa, Olatz Andueza, Ane Martinez eta Jon Zubiaga ‘Osoron’.

Taldeak eskerrak eman dizkio Bengoari Anita Parkerren “jaiotzaz arduratzeagatik, elikatzeagatik eta hazten laguntzeagatik”, eta aurrera jarraituko duela iragarri du. Izan ere, dagoeneko aukeratu du Bengoaren ordezkoa: Mikel Piris musikaria, Mamba Beat eta The Cherry Boppers taldeetako kidea.

Anita Parker berria

Formazio berriak maiatzaren 17an emango du lehen kontzertua, Ajangizen, biharamunean Azpeitian joko du, eta 19an Lakuntzan. Ondoren, Errekaleorren (maiatzaren 25ean), Legorretan (ekainaren 1ean), Barañainen (ekainaren 27an), Zornotzan (uztailaren 22an), Mundakan (uztailaren 26 eta 28an, Bay of Biscay), Gopegin (uztailaren 27an) eta Gasteizen (abuztauren 7an) izango da.

ETIKETAK:Ane MartinezAnita ParkerGoseIñaki BengoaJon Zubiaga OsoronMikel PirisOlatz Andueza