Musika

badok

2016.02.09

badok

IZ zigiluaren katalogoa berrargitaratzen hasiko da Elkar

IZ zigiluak 70eko hamarkadatik 90eko hamarkada bitartean osaturiko katalogoaren zati bat berrargitaratzen hasiko da Elkar diskoetxea datozen hilabeteetan. Katalogo hori Ibaizabal argitaletxearen eskuetan egon da azken urteetan, IZ desegin zenetik, baina Elkarrek erosi zuen joan den urtearen amaieran. Guztira 400 erreferentzia inguruk osatzen dute katalogoa, herri-musikaren eremu askotarikoak (trikitixa, rocka, folka, kantagintza, plaza taldeak…) eta horietako batzuk urtean zehar berrargitaratuko ditu Elkarrek. Uda aurretik, esaterako, Imanol Larzabalen eta Laja eta Landakandaren hainbat disko merkaturatuko ditu, baita Mikel Laboaren omenez 1990. urtean argitaratutako Txerokee diskoa ere.

Imanol Larzabalen lehen garaiko lau disko berrargitaratuko ditu Elkarrek: Sentimentuen hauspoz (1979), Jo ezan (1981) —bi hauek Klabelin Komik rock taldearekin ondu zituen—, Iratze okre geldiak (1982) eta Erromantzeak (1984). Horrez gain, Etxahun Iruri eta Etxahun Topeten omenez hainbat kantarik —Imanolek, Beñat Axiarik, Amaia Zubiriak, eta Niko Etxartek) grabaturiko Etxahun eta Etxahun (1980) ere berreskuratuko du. Lan hauek ekainaren inguruan izango dira berriz kalean, lehen aldiz CD formatuan, Imanolen heriotzaren 12. urtemugarekin bat eginez.

Sentimentuen hauspozJo ezan Iratze okre geldiak

Erromantzeak

ETXAHU~1

 

 

 

 

 

 

 

Laja eta Landakanda trikitilari bikote historikoak grabaturiko lau disko ere dendetan izango dira laster: Laja eta Landakanda (1976), Trikitixa (1981), Pepe Yanciren omenez (1986) eta Gure oroitgarri (1994).

Rock zaleentzat berrargitalpenik interesgarriena Mikel Laboaren omenez egindako Txerokee izango da. IZ, Elkar eta Seaskak elkarlanean argitaratu zuten disko hura, 1990. urtean, binilo formatuan soilik, Iparraldeko ikastolei diruz laguntzeko. Xabier Montoiak bultzatu zuen proiektua, eta estilo askotariko taldeak bildu zituen: Negu Gorriak, M-ak, Tapia eta Leturia, Bukaera, Kiowak, Su Ta Gar, Delirium Tremens, Bap!!, Pottoka… Herri Urratsen egunerako izango da kalean, maiatzaren hasieran.

Txerokee

Horrez gain, IZrekin loturarik ez duen disko bat berrargitaratuko du Elkarrek: Xalbadorren Ifarraldeko kantu zaharrak. Herri Gogoa diskoetxeak 1976an argitaratutako LP bikoitza CD formatuan aurkeztuko du Elkarrek. Diskoetxeak azaldu duenez, “disko hau oso berezia da, garai hartan Iparraldeari buruz gauza gutxi jakiten baitzen Hegoaldean eta disko honi, eta orduko beste kantari batzuei esker (Benito Lertxundi, Mikel Laboa…), sartzen hasi zen Hegoaldean Iparraldeko lirikaren indarra”. Hau ere Herri Urratsen inguruan kaleratuko du Elkarrek.

xalbador.jpg

Uda aurretik lan berri bakarra plazaratuko du Elkarrek: Petti kantari nafarraren diskoa. Etxeko Uzta taldearekin grabatuko du —Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria)—, eta hainbat kolaboratzaile izango ditu: Joseba Baleztena eta Estitxu Pinatxo, besteak beste. Apirilean argitaratuko da diskoa eta maiatzaren 7an Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko du zuzenean. Elkarrek argitaratzen duen Pettiren lehen diskoa izango da.

pettiuzta.jpg

Petti & Etxeko Uzta.

ETIKETAK:Amaia ZubiriaBap!!Beñat AxiariDelirium TremensElkarHerri GogoaImanolIZJoseba IrazokiLaja eta LandakandaM-akMikel LaboaNegu GorriakNiko EtxartPettiPottokaSu Ta GarTapia eta LeturiaXalbador