Musika

Josu Larrinaga

2018.09.28

Josu Larrinaga

Izutu ez baina nekatu bai: Eibarko otsoen azken dantza

1960-70eko hamarkadetan Eibarren egon zen giro sozio-politiko-kulturala izugarria izan behar zen; neronek ez nuen ezagutu, baina zer edo zer entzun dut lagunen kontakizunetan… Bibliografian, adibidez, Mario Onaindiaren memoriek ematen dute horren berri luze eta zabal: geroago kooperatibigintzan, politikagintzan, komunikazioan, ekonomian eta abar itzal luzea izan eta duten pertsonak mugitzen ziren handik (adibide batzuk ematearren, horra abizen batzuk: Cancelo, Aranberri, Otegi…). Giro esploratzaile eta berrizaleak egosten zuen sormen-lapiko horrek kezka sozialak eta euskaltzaletasuna bakarrik bertan posible izan zitekeen maneran lotzen zituen eta, musikaren arloan, folk-rock britainiar puntakoa eta euskal musika tradizionala ezin naturalago eta izukaitzago nahasten zituen taldea sortu zen. Donostian beste musikari batzuk batu eta gero, 1978an agertu zen euren lehenengo diskoa: azalean, taldearen izena, Izukaitz, irudi naif bezain iradokitzaile batekin; barruan, flautak eta txirulak, pianoaren presentzia nabarmena, perkusioen bilbe sendoa, ahots askoren arteko jolasak…, dena, gainera, gazte izateak eta panoraman berria izateak eskaintzen duen freskotasunaz lagundua.

Izukaitz taldeko kideak.

Izukaitz taldeko kideak.

Baina hemen, apur bat beranduago, 1980an —eta ordurako Izukaitz bost musikariren talde funtzionala bilakatu da, tartean Bixente Martinez, Oskorri-tik pasatutako gitarrista eibartarra—, argitaratzen duten bigarren eta azken diskoaz hitz egin behar dugu: Otsoa dantzanMusika sotila egiten segitzen dute, baita alegera eta dantzagarria ere, malenkoniatsua beste batzutan; ahotsik gabeko aleak daude eta kantu narratiboak, edo herri kantutegiko fandango parranderoak. Hitz bitan, folk —edo folk-rock, nahi baduzue— disko bete-betea, agian molde horretan Euskal Herrian egin den borobilenetakoa, eta azkenetakoa ere.

Izan ere, 80ko hamarkadan folka beste gauza bat bilakatu zen, mundu osoan zehar eta baita Euskal Herrian ere: musikariak birtuoso bilakatu ziren, jazzetik kopiatutako jarrera oker samarrak hartzen hasi ziren, euren trebeziak erakustea maite zuten eta ez jendea mugiarazi, emanaldiak antzokietan egiten hasi ziren, publikoa dantzarako gaitzak diren besaulkietan jarrita, new age, world music, mestizajea eta horrelako kontzeptu komertzial bezain antzuak hasi ziren maneiatzen. Izukaitz, bizirik segituz gero, ez zen hortik libratuko: izan ere, Bixente Martinezek eta Fran Lasuen-ek Oskorrik hamarkada horretan bizi izan zuen eboluzio komertzial eztabaidagarrian parte hartze eta protagonismo nabarmena izan zuten…

Folk britaniarraren aterkitik, Euskal Herriko musika plebeioa eguneratu eta elektrifikatu egiten du Izukaitzek, orduan oso modan zegoen ‘barne-orientalismoa’ baztertuz

Baina Izukaitz Otsoa dantzan argitaratu eta gero disolbatu zen, euskal pop musikak urte horietan bizi izan zuen krisi larriak bete-betean harrapatu zuen taldea: kontzerturik ez, edo oso baldintza tekniko kaxkarretan; publikoa beste alde batera begira hasten ari zen… Ate joka zegoen punkak aldaraziko zuen panorama betiko: bere zeregina izango zen kontzertu-zirkuitoa eratzea, frontoietan musika elektrikoa nola sonorizatu ikastea eta abar. Izukaitzeko jendeak Oskorrin, komunikabideetan, soinugintzan, topatu zuen ogibidea eta euren saio berezi hori bertan bukatu zen.

Otsoa dantzan

Otsoa dantzan harribitxia gelditu da, eta berrargitaratu da noizean behin, biniloan inkluso, folkaren maitale europearrek halako altxor txikiak maite dituztelako. Folk britaniarraren aterkitik, Euskal Herriko musika plebeioa eguneratu eta elektrifikatu egiten du Izukaitzek. Orduan oso modan zegoen barne-orientalismoa —hau da, gure euskal musika exotikoa deskubritzeko Zuberoa eta Nafarroara, gure ekialdera begiratzea, alegia— baztertuz eurek bizi ziren mendebalde industrializatuan gelditzen zen erromerietako musika balioan jarri zuten, “Ariniketan arin”-en kantatzen duten moduan, “asfaltoa grisa da ta elurra zuria”.

Pototo Aranbururen baxu sendoak gidatzen ditu kantak, perkusioak oso leku umila betetzen duen bitartean, gitarrek eta teklatuek, eta txirulek eta saxoek, melodiak josi eta ahots anitz eta telurikoek magia sortzen dute kantu iradokitzaileetan, eta besteetan, dantza eta umorea. Folka gero hanpatsu eta harroa bilakatu bazen, disko honetan apaltasuna eta batez ere umorea dira nagusi, baita biniloarekin datozen ohar idatzietan ere: Iñigo de Gibsonaga edo Patxi Fenderbeitia euskal luthier mitikoak gogoratzen dituzte, apur bat lehenago beste folk talde tradiziozale batek argitaratutako diskoaren liner notes delakoetaz trufa eginez. Kreditoetan ere musikarien tresnak eta euren zaletasun gastronomikoa zerrendatzen dira….

Esandakoa, galdu zen musika bide loriatsuaren azken harribitxia; urte asko pasatu beharko da Euskal Herrian folk alegera eta herritarra, sotila eta iradokitzailea, mundukoa bezain errotua berriro agertzeko, agertu izan bada behintzat…

ETIKETAK:Bixente MartinezDiskoakFran LasuenIzukaitzOskorriPototo Aranburu