Musika

Pello Artabe

2016.11.23

Pello Artabe

Kemen eta Sapotxinen astoa: istorio rockero bat

“Zuekin hemen dozue Kemen, euskaldun soinu taldea, gure herriaren alde gabiltza gu kantatzen, euskara da gure abotsa euskaldun gara ta, Kemen! Kemen!”. Honako hitzok esanez hasten zituen kontzertu guztiak Zornotzako (Bizkaia) Kemen rock taldeak. Eta sarrera indartsu hark Carlos Santana gitarrista ospetsuaren erritmo bizi bat zuen oinarri. Bat-egite berritzailea, kontuan izanik 1978. urtean sortutako euskal talde batez ari garela.

dav

Kemen taldekoak, gaur eta lehen.

Creacion Band izan zen Kemenen hazia. Hasiera hartan bertsioak egiten zituzten: The Beatles, The Rolling Stones, Status Quo, Dire Straits… Baina taldearen norabidea Ander Gorospe abeslariaren etorrerak aldatu zuen. Gorospe arratiarra zen, euskalduna, eta bakarlari gisa abesten zuen plazarik plaza orduko “kantaldietan”. Horrela bada, 1977ko udan, Usansoloko (Bizkaia) Gorosibai auzoko jaietan oholtza berean elkar ezagutu zuten Gorospek eta Creacion Band taldeak. Eta azken horiek aho zabalik gelditu ziren arratiarraren abesteko moduaz: hura zen behar zutena. “Abesti propioak egitea geneukan buruan, baina letra egile bat, konpositore bat, kantautore bat behar genuen. Hori guztia zen Ander”, azpimarratu du Bernardo Jareño baxulariak.

Taldearekin disko bat grabatzeko proposamena luzatu zioten eta Gorospek baiezkoa eman. Hiru baldintza jarri zituen ordea. Bat: taldeari Kemen izena jartzea. Bi: euskara hutsean abestea. Eta hiru: asteburuetan soilik kontzertuak ematea. Gorospek azalpena eman du: “Lanpostu finkoa neukan fabrika batean eta ezin nuen kolokan jarri behin eta berriro. Goizez egiten nuen lan, seietan sartzen nintzen. Horregatik asteburuetan bakarrik jotzearena”.

Eskakizunok onartu, neguan abestiak prestatu (Zornotzako Boroa auzoko baserri batean entseatzen zuten) eta 1978ko ekainean Jean Phocas soinu teknikariarekin grabatu zuten taldearen lehen (eta azken) diskoa izango zena, Donibane Lohitzuneko Bachanales estudioan. “Errobiren estudioa zen. Gu joan aurreko astean Itoizek ere estudio berean grabatu zuen estreinako diskoa. Orduantxe grabatu zuten “Lau teilatu””, esan du miresmenez Jareñok.

Kemen taldea

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako “Ez, ez, ez” izan zen Kemen taldearen abesti ezagunena.

Ander Gorospe abeslaria, Xabier Villa gitarrista, Bernardo Jareño baxu jolea, Higinio Romero bateria jolea, Gaspar Corchero tronpetista, Luis Berasategi saxofoi jolea eta Iñaki Amorebieta teklista. Zazpi gazte bizkaitar Iparraldean. “Hemen ez zegoen non grabatu, edo Madrilen edo Iparraldean, ez zegoen beste aukerarik”, argitu du Gorospek. Hortaz, eginkizun hartarako dirua bilatzeari ekin zioten. “Xabier ekoizle batekin jarri zen harremanetan eta harek disko bat grabatzeko aukera eman zigun. Estudioko orduak ordainduko zizkigun eta ordez, taldeari zintak eta singleak eman. Horixe izan zen eskaintza”. Eta hala izan zen, diskoaren ustiaketa osoa berea izatearen truke estudioa ordaindu eta 20 kasete eta 10 single (kanta birekin: “Ez, ez, ez” eta “Kanta gizonari”) eman zizkion taldeko kide bakoitzari. Berak 5.000 zinta kopia egin zituen, salmentarako denak.

Hamar abesti grabatu zituen Kemen taldeak eta ahots ozenez egiten zuten aldarri guztietan: aberriaren alde, euskararen alde, langileen alde, nekazarien alde… Gorosperen esanetan, bere mundu ikuskera erraz antzematen da konposizio guztietan. “Ni euskalduna naiz, abertzalea, baserritarra eta fabrikako langilea. Eta hori dena letretan ikusten da, horiexek dira gaiak. Hizkuntzari dagokionez, nahastueraz abesten nuen, bizkaieraz eta batueraz. Orduko denboretan batua oraindik sortzen zebiltzan, eta nik baserriko euskara egiten nuen, Arratiakoa. Lantzen nituen gauza batzuk baina gaur kantak entzuten ditudanean konturatzen naiz hankasartze batzuez, baina garai hartan ez nekien hori. Euskal Herriko beste talde batzuei jente kultuak, maila handikoak, egiten zizkien letrak. Ni ardiak eta ahuntzak zaintzen hezitako tipo bat naiz”. Atahualpa Yupanqui musikari argentinarraren bertsio bat ere euskaratu zuten: “Oilarrak”.

Asto zaharra eta ijitoa
Abesti guzti horien artean, ordea, bat egin zen bereziki ezagun gerora. Arratiar orok ondo ezagutzen duen Sapotxinen astoa. Izan ere, istorio polita dauka atzean.

Ander Gorosperen aldameneko baserrian bizi zen Sapotxin, eta hura etxetik kanpora zegoen egun batean haren emazteak baserriko lanetarako erabiltzen zuten asto zaharra ijito bati saldu zion 400 pezetan. Sapotxinek estimu handia zion asto zaharrari baina, jada, ez zuen askotarako balio eta emazteak senarra etxetik kanpora zegoela aprobetxatu zuen animalia kentzeko. Dena den, hura bueltatu orduko beste asto bat bilatu beharra zeukan, eta ijito berak beste asto gazteago bat eskaini zion. Halatan, fundamentuzko astoa zelakoan 1.000 pezeta ordaindu zizkion Sapotxinen emazteak ijitoari.

Senarra etxera itzuli zenean hantxe topatu zuen asto berria, eta emazteak gertatutakoa kontatu zion. Halere, nahiz eta asto berria gaztea izan, Sapotxini gehiegizkoa iruditu zitzaion ordainetan ordaindutakoa. Hurrengo egunean sorora lanerako eraman zuen eta belarra zamatu bezain laster animalia lurrera ziplo erori zen. Eta auzokideak, Gorospe tartean, barrez hiltzen. Ijitoak ederki sartu zion ziria baserritarrari!

Horrenbestez, erdi brometan, erdi burlaka, bizipen horren inguruko kantu bat egitea otu zitzaion abeslariari, eta bere harridurarako arrakasta itzela lortu zuen. Eta diskorako grabatu ostean are arrakasta handiagoa.

Arratiako herrietako jaietan eta Bizkaia aldean batik bat, askotan pintxatzen zuten, eta gehiegikeria horrek Sapotxin eta bere familia erretxindu egin zituen. Hainbeste ezen eta “adarjotze” hura jada urrutiegi joana zela esan ziotela Gorosperi, eta zerbait egin zezala kaltea konpontzeko. “Ez zegoen ezer egiterik. Kantua grabatua zegoela adierazi nien eta geldiezina zela kontua, baina hitza eman nien nik ez nuela inoiz gehiago abestuko”. Eta ordutik gaurdaino, eta salbuespenik gabe, bere hitza guztiz errespetatu du abeslariak.

“Errobiren kopia perfektua”
1978ko lehen Aste Nagusian, Bilbon, aurkeztu zuten diskoa. “Ate handitik sartu ginen, ezusteko taldea izan ginen, zentzu onean”, aipatu du harro Jareñok. Eta ordutik, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan barrena ibili ziren hara eta hona, plazarik plaza. “Hemen gauza gutxi zegoen ordura arte, Ez Dok Amairu eta gutxi gehiago. Gero agertu ginen gu, AkelarreEgan, Joselu Anayak, Koska, Nekez, Zintzoak… eta Errobi erreferenteak ziren”. Garaiko beste talde batzuk legez, Iparraldekoen zaleak ziren Kemen eta horien bertsioak egiten zituzten. “Errobiren kopia perfektua ginen. Batzuetan haiek baino hobeak ere!”, barre egin du Gorospek. Eta Jareñok ñabartu: “Errobiren abestiak bete egiten genituen, konpletoago egin. Errobi lau ziren, oso onak lauak, baina gu banda bat ginen: konponketa orkestalak sartzen genituen, ahots gehiago, haize instrumentuak… eta batuketa horrek jantzi egiten zituen abestiak”.

1979ko uztailean 29 kontzertu eman zituzten, ia egunero. Hortaz, Gorosperen eskakizunetako bat ez zuten bete. “Kontzertu luzeak egiten genituen eta oso berandu bukatzen genuen. Ekipoa gurea zen, eta guk muntatzen eta desmuntatzen genuen dena. Gero Boroako baserrian furgoneta hustu, tramankuluak utzi, etxera heldu, emaztea agurtu eta lanera joaten nintzen. Egunak egiten nituen lo egin barik. Taldeko besteak beranduago hasten ziren lanean”. Ulertzekoa den moduan, martxa hori gogorra egiten zitzaion Gorosperi eta 1979ko urrian taldea utzi egin zuen.

Gero abeslari berria hartu zuten: Xabier Castillo Xeberri durangarra. “Ezaguna zen, abesti propioak zituen, euskaraz, eta Anderrek bezala desparpajo handia zuen eta ahots ona. Baina Ander baino hippiagoa zen”, esan du irrifartsu Jareñok. Zuzenekoak eman arren, ez zuten disko gehiagorik argitaratu eta Xeberriren ostean beste bi abeslari ere izan zituzten. Taldearen gainbeheraren berri eman du baxu joleak: “1984ko neguan Higinio Romerok, Xabier Villak eta nik taldea utzi egin genuen, nekatuta eta saturatuta egon ginelako. Urtebete bat jarraitu zuen taldeak baina jada ez zuen hainbesteko arrakastarik, eta desegin egin zen”.

Harrezkero bi aldiz bildu da formazio original guztia: 1998ko urte-zahar egunean, Zeanurin, ETBren Kaixo98 saioan (Koska eta Akelarrerekin batera, besteak beste) eta 2006an Zornotzako jaietan. Aurrerantzean, izango al dugu oholtza gainean Kemenik?

ETIKETAK:AkelarreEganEz Dok AmairuItoizJean PhocasKemenKoska