Musika

2018.05.02

Naiara Elola

Memoriari, musika

«Tiro egin, indar guztiz eta ahalik eta gogorrena! Hil, hil behar baduzue!». Hori izan zen, 1978ko uztailaren 8an, Espainiako Poliziaren buruetako baten agindua. Indarrez eta tiroka sartu ziren Iruñeko zezen plazan, eta dozenaka lagun zauritu zituzten. Tiroetako baten ondorioz zendu zen German Rodriguez, 17 urteko gazte iruindarra. Gertakizun haietatik 40 urte betetzear direla eta, Gor diskoetxeak Inpunitateari stop diskoa kaleratu du. Inoiz ez da zigortu Rodriguezen hilketaren arduradunik, eta horregatik salatu dute hiltzaileen «inpunitatea».

'INPUNITATEARI_STOP'_DISKOA

Gor diskoetxeak kaleratutako diskoaren harira Iruñean egindako aurkezpenaren irudia. (Gorka Rubio / Foku)

Duela 40 urteko gertakizunak ez ahazteko, hainbat herritarrek eta gizarte eragilek Sanferminak 78 Gogoan plataforma eratu zuten. Urtea hasi zenetik, 1978ko uztailaren 8ko gertakizunak gogoratzeko, buru-belarri ari dira lanean. Patxi Goñi Gor diskoetxeko arduradunak azaldu duenez, plataformako hainbat kiderekin hizketan ari zela otu zitzaien diskoa egitea. «Musikak ere memoriaren alde ekarpen handia egin dezakeela uste dut», adierazi du Goñik.

Hala, Gor diskoetxearekin harremana zuten hainbat musikariri diskoan parte hartzeko proposamena egin zien. Orotara, hamar musikarik nahiz taldek hartu dute parte: «Bakoitzak, uztailaren 8ko gertakarien harira sentitu zuena islatu du bere hitzen eta musikaren bitartez».

Inpunitateari stop lan askotarikoa da. Hainbat estilotako musika egiten duten artisten lanak batu dituzte. Fermin BalenciaLa Chula PotraEl Drogas eta Balerdi Balerdi dira, besteak beste, proiektuarekin bat egin duten sortzaile eta taldeetako batzuk. Goñik azaldu duenez, diskoaren bitartez, hainbat belaunalditako musikariak jarri nahi izan dituzte harremanetan, modu horretan hartu-eman berriak eratu daitezen.

German Rodriguezen hilketaren erantzukizuna ez zuen inork bere gain hartu. Goñik ondo gogoan du epaiketetan gertatutakoa. «Ikerketak egin ziren, baita epaiketak ere, baina guztia ezerezean gelditu zen». Iruñeko gaztearen heriotzarekin «justiziarik» egin ez arren, gertatu zena kontatu beharra dagoela aldarrikatu du. «Gaur egungo gazte askok ez dakite zer gertatu zen 1978ko uztailaren 8an. Ziurrenik historia liburuek ere ez dute kontatuko. Beraz, guri dagokigu gertakari lazgarri eta mingarri haren berri ematea».

Sei abesti berri
Diskoan jasotako hamar abestietatik lau ez dira berriak. Fermin Balenciak, La Chula Potrak eta El Drogasek aurretik eginak zituzten Rodriguezen omenezko abestiak. Beraz, proiektuan parte hartu duten gainontzeko sei taldeei gertakizunen inguruan zuten ikuskera abesti moduan azaltzeko eskatu zieten. Abesti horiek Iruñeko K estudioetan grabatu zituzten iragan urtarrilean eta otsailean. Zaharrak, berriz, birmasterizatu egin dituzte, soinu aldetik diskoak «batasuna» izan zezan. Hala, emaitzarekin «oso pozik» dagoela adierazi du Goñik. Izan ere, uste du Nafarroan musikaren inguruan dagoen aniztasunaren isla dela.

Proiektua gauzatzeko «denbora gutxi» izan dutela onartu du Patxi Goñik. Hala, diskoan parte hartu duten artista guztiek batera kontzerturen bat eskaintzeko aukerarik baden galdetuta, ez duela uste dio: «Artisten egutegiak oso zailak dira, baita Iruñerriko kontzertu aretoenak ere. Ez dut uste hamar artista eta talderekin kontzerturik programatzeko aukerarik izango dugunik».

ETIKETAK:AltxatuBalerdi BalerdiEl DrogasFermin BalenciaGerman RodriguezGorIruña Soviet bandIruñeaLa Chula PotraLeihotikanLos Del RayoSanferminakSofokaosStreet Wise