Musika

Ane Eslava

2019.01.08

Ane Eslava

Nortasuna galdu gabe, bueltan

25 urteren ostean «hemen» jarraitzen dutela esatera itzuli dira Iruñeko Leihotikan taldeko kideak, zazpigarren diskoarekin. Sei urtez estudioetatik pasatu gabe egon eta gero, Non zaude? izeneko disko bikoitza kaleratu dute; aurrekoetan bezala, Gor etxearekin. Bi diskotan banatu dute, eta binilo formatuan ere eskaini dute. Immigrazioa, turismoa, punkaren desagerpena, ofizio barruko lehiak, estereotipoak eta musikaren aldaketak izan dituzte hizpide, besteak beste. Taldearen estilo bereizgarrian aritu dira: hardcore melodikoan; goxotasunaren eta gogortasunaren artean.

Leihotikan berria

Leihotikan taldeko kideek 20 daramatzate elkarrekin.

Bi diskoak estudio ezberdinetan grabatu dituzte. Lehenbizikoak Egoen lehian du izena, eta Iruñeko El Sotano estudioan grabatu zuten, Iker Piedrafitarekin, 2017an. Denbora luzez eta lasaitasunez ondutako zortzi kantek osatzen dute lana, eta rockaren munduan nahiz gizartean dauden lehiak salatzea du helburu, Aitor Remon taldeko baxu jotzaileak azaldu duen moduan: «Guk beti egin dugu nahi izan duguna, pentsatu gabe zer irabazi edo galdu behar genuen, eta hori aldarrikatu nahi dugu, inguruan ikusten ditugun lehiak baztertuz». Hain zuzen, honako hau dio diskoaren izenburu bera duen kantak: «Lehenengo gauza esan behar dugu, ez gaudela inor epaitzeko edo burumakur, isilik, zuen iritzia entzuteko; gauzak argi ditugu, eta ez dugu aholkurik behar».

Hasieran disko bakarra egiteko asmoa bazuten ere, Piedrafita ekoizleak ezin izan zuen lan osoa bere gain hartu, eta Leihotikan taldeko kideek Iruñeko K Estudioetako Alberto Porresengana jo zuten bigarren zatia grabatzeko. Aurten grabatu dute, epe laburragoan, eta, esan dutenez, presio handiagoarekin. Bederatzi kantek osatzen dute lana, eta Bizientzat zein hilentzat izenburua du. «Tituluak bi mundu barnebiltzen ditu: atzean geratzen direnak eta aurrera egin behar dutenak; hilak eta biziak», zehaztu du Gorka Armendariz abeslariak. Izan ere, kanta gehienak gizarte gaiez mintzatzen dira: “Patriarka arraren arrakasta” sexu estereotipoez, “Leihoan orduak” presoen sufrimenduaz, eta “Herrimina” immigrazioaz, besteak beste. Nostalgia pixka bat ere badago kantetan; kasurako, 89-k 1980ko hamarkadako bizipenak ditu gogoan, eta galdetzen du ea atzeko aterik al den «bihotz menderakaitzentzat». Horrez gain, “Zakurraren dantza madarikatua” kanta SF78 Gogoan elkarteak hainbat musikarirekin iazko urrian osatutako Inpunitateari Stop diskoan sartu dute, German Rodriguezen omenez.

Diskoari izena ematen dion kanta ere bigarren atalean dago. “Non zaude?” maitasunari buruzkoa da, baina taldekideek uste dute izenburuak laburbildu egiten duela diskoarekin adierazi nahi izan dutena. Armendarizek azaldu du: «Mundua asko aldatu den arren, guk hemen jarraitzen dugula adierazi nahi dugu; eta galdetu nahi dugu non dauden elkartasuna eta eskubide sozialak, baina baita non dagoen punk-rockaren errebeldia ere». Antzeko galderak iradoki dituzte diskoaren azalean agertzen den irudiarekin ere. Aitor Remonek diseinatu du, eta lurrean eserita dagoen eta bere burua besarkatzen ari den pertsona bat erakusten du. «Argazkian agertzen dena emakume bat dela antzeman daiteke; estetikoki, punk-rock itxura du, baina badu goxotasuna ere», adierazi du. Hain zuzen ere, haren hitzetan, horrek islatzen du Leihotikan taldearen izaera.

“Mundua asko aldatu den arren, guk hemen jarraitzen dugu, eta galdetu nahi dugu non dauden elkartasuna eta eskubide sozialak, baita punk-rockaren errebeldia ere”

Diskoa bi estudiotan grabatzeak zailtasuna erantsi dio prozesuari; hala ere, taldekideek uste dute lortu dutela beren izaera islatzea eta lan «lineala» osatzea. Aurrekoekin alderatuz, bilakaera ikusten dute, baina mantendu egin dute beren «indargunea»: «Abestietan nabaritzen da gu garela: gogortasun eta goxotasun hori antzematen da, eta gu trebeak gara hori lortzen», adierazi du Armendarizek. Bestalde, lehenbiziko aldiz, diskoko kantetan ez dute beste musikarien kolaboraziorik izan. «Horregatik, oso gurea da».

Harcore doinuetatik
Gorka Armendarizek, Aitor Remonek eta Patxi Mercerok sortu zuten Leihotikan taldea, 1995ean, punk-rock eta hardcore ingelesean eta amerikarrean oinarrituta. Denbora gutxira, Alfonso Contin Titi sartu zen taldean. 1998an kaleratu zuten lehenbiziko diskoa, Hemen ezer ez da aldatzen. Hasieratik definitu zuten beren nortasuna eta soinua, eta haientzat «erronka» bat izan da horiek mantentzea.

Musikalki ez dute aldaketa handirik izan azken 25 urteetan, baina bidean beren lan egiteko era topatu dutela diote: patxadaz sortzen dituzte kantak, eta gustuko dutena egiten saiatzen dira. Taldea sortu zutenetik gaur arte, musikak aldaketa handiak izan dituela onartu dute, baina uste dute jakin izan dutela beren tokia egiten. «Gaur egungo rocka hezia dago; gu errebeldia mantentzen saiatzen gara», gaineratu dute.

Disko berria sortzeko prozesuan ez dituzte agertokiak utzi, baina, orain, kanta berriak beren jarraitzaileekin partekatzeko garaia dute. Hilaren 12rako dute hurrengo kontzertua, larunbatarekin: Iruñeko Akelarre kultur elkartean emango diote hasiera aurtengo kontzertu birari.

ETIKETAK:Aitor RemonAlfonso ContinGorGorka ArmendarizLeihotikanPatxi Mercero