Musika

Jon Urzelai

2018.06.13

Jon Urzelai

Musika, ogibide?

Zuzenean gutxitan jorratu izan den arren, ohikoak dira gaiaren inguruko iruzkinak musikariei hitza ematen zaienean. Baldintzak kaxkarrak direla eta musikatik bizitzeko aukerak, urriak. Ia ezinezkoa duela musikari batek egonkortasun ekonomikorik lortzea. Horrelakoak irakur litezke azken diskoari edota datozen kontzertuei buruzko solasaldien artean, sakoneko kezka bat badagoenaren seinale. Hertzainak taldekoek Euskadin rokanrolak ez du sekula dirurik emanen hura kantzatzen zutenetik 30 urte baina gehiago pasa dira, baina rokanrola bera ere gainbehera omen datorren garaiotan, musikagintzaren berezko arazoa dirudien honek mahai gainean jarraitzen du oraindik ere.

Txikijazz-2

Joseba Irazoki, Donostiako Jazzaldiak antolaturiko Txikijazz ekitaldian jotzen. (Jagoba Manterola / Foku)

“Musika ez da serio hartzen, ez baita ofizio gisa ikusten”. Maite Arroitajauregiren hitzak dira, Mursego ezizenarekin taularatzen den musikari eibartarrarenak. Erreportaia honetarako elkarrizketatutako guztiek esandakoa izan zitekeen baina, musikarien artean pertzepzio nahiko orokortua baita. “Musikari bat ez da igeltsero baten edo pintore baten moduan ikusten, zerbait ludikoagotzat hartzen da, entretenimenduarekin lotuago dagoen zerbaiten gisara. Orokorrean, kultura eta artea ez dira serio hartzen, ez dira lanbidetzat ikusten”. Joseba Irazoki beratarrak ere antzeko ustea du: “Gure ofizioa aisialdiaren barruan dagoenez, jendeak ez zaitu bere bizitzarako beharrezkotzat hartzen eta, ondorioz, ez du pentsatzen elektrizista bati bezala ordaindu behar dizunik”.

Arroitajauregik musika irakasle bezala ere jarduten du eta Irazokik orain urte batzuk utzi zion horretan aritzeari, soilik musikagintzatik bizitzeko hautua eginez. Bigarren lan bat izatea, ordea, oso ohikoa da musikarien artean, eta Irazoki hamaika taldetan aritzen da horretara jo beharrik ez izateko: Atom Rhumba, Nacho Vegas, Duncan Dhu, Mikel Erentxun, Amateur, Bas(h)oan… Bakarka eta bere taldearekin ere taularatzen da gitarrista nafarra. Horrenbeste proiektu izanagatik, zaila zaio egonkortasua topatzea. “Hilabeteko soldata hagitz ezberdina izaten ahal da denboraldiaren arabera. Era berean, autonomo gisa egotea oso zaila da eta horrela ez bazaude, egindako erosketak justifikatzeko eta errenta deklarazioetan arazoak izango dituzu”. Arroitajauregik are gehiago dio: “Musikaria prekarietatean bizi da, ez daki noiz kontratatuko duten, ea kontzerturik izango duen, ea emango dituen kontzertu horiekin bizi ahal izango duen. Bestetik, autonomo gisa izena emanda ez badago, eromena da, ez dauka inongo baldintza minimorik: ezin du bajarik hartu, ezin da gaixorik egon, kontzertu batetik bueltan istripurik izatekotan hor konpon…”. Autonomoen kuota gehiegizkotzat jotzen dute biek ala biek, eta irabazien eta kontzertu kopuruen araberakoa izan beharko lukeela defendatzen dute.

Euskal Herriko ekosistema sendo bezain hauskorra
Merkatu txikia da Euskal Herrikoa eta gutxi gara euskal kultura kontsumitzen dugunak. Hala zioen gure intuizioak eta ondorio horretara heldu dira azken aldian argitaratu diren ikerketa ezberdinak ere. Agian, gure rock talde entzutetsuenak ere infra aurrizkia erabili eta aldarrikatzea da gure ekosistema kulturalak bere dituen ezaugarri berezi eta bakarren adierazle argiena.

Esperientzia zabala du Mixel Ducauk (Errobi, Zaldibobo, Bidaia, Oreka TX…) eta aski ongi ezagutzen ditu musikari izateko hautuak berarekin dakartzanak. “Gaur egun zailagoa da kantaldiak lortzea. Orokorrean, iruditzen zait kantaldi gutxiago antolatzen direla, nahiz eta rock munduan zerbait mantentzen den. Kontzertuak lortzea askotan ez da erraza izaten, are gutxiago baldintza duinetan. Guk euskal kantagintza berriaren olatua profitatu genuen, baina ziklo hori agortzearekin bat euskal kantariok zailagoa izan dugu emanaldiak lortzea”. Horren aurrean “egiazko politika kultural bat” behar dugula dio, sortzaile askok ahotan duten aldarrikapena bere eginez. Berezko beharrez gain, hizkuntza gutxituak ezinbesteko baititu berariazko neurriak: “Sormena lagundu behar da, herrietako antolatzaileak eta sortzaile gazteak babestu eta komunikabideetan nolabaiteko kuotak ezarri”.

Mursego: “Musikaria prekarietatean bizi da, ez daki noiz kontratatuko duten, eta autonomo gisa izena emanda ez badago, ez du inongo baldintza minimorik”

Euskal Herriak pribilegiatu sentiarazi gaitzakeen ezaugarririk ere ba omen du, ordea. Berezitasun bat: atzerrian nekez topa daitekeen eta musikariari lagungarria zaion areto txikiz osatutako mikrozirkuitua. Baldintza profesionalak ez izanagatik, mundu horrek musikariari arnasa ematen diola dio Irazokik. Mursego ere espazio autogestionatuek, gaztetxeek eta antzekoek osatutako sarean hamaika bider aritutakoa da, eta espazio horietan normalean katxea jaso beharrean sarreraren truke jo arren, ikusgarritasuna lortzeko eta zuzeneko emanaldiak eskaintzeko aukerak ematen dituztela uste du. Mikel Kazalis musikari eta soinu teknikariak (Estigia, Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia, 2Kate, Matxura) ere ongi ezagutzen ditu halakoak eta argi dio Espainiako Estatuaren aldean, musikaria egoera hobean egotea ahalbidetzen dutela espazio horiek. “Euskal Herria aspalditik izan da erreferente bat Estatuko beste leku batzuentzat, eta asko begiratu izan diote hemengo eszenari. Asko harritzen dira hemen astero izaten dugun kontzertu kopuruarekin”. Lorea Argaratek ere (Las Tea Party DJs)  “lehen pausoak emateko ekosistema polita” dugula azpimarratu du, euskal herritarrok kulturarekiko dugun atxikipen sendoaren ondorio. “Gizarte aktiboa da Euskal Herrikoa, herririk txikienean ere behin baina gehiagotan jartzen dugu karpa herriko plazaren erdian”.

Las Tea Party

Lorea Argarate, ezkerrean, Las Tea Partyren dj saio batean.

Elkarrizketatuek beste tonu bat darabilte Hegoaldeari beharrean Iparraldeari so egin eta geure beste bizilagunei buruz jarduterakoan. Frantziako irratietan entzuten den musikaren %40a, gutxienez, frantsesez izan da orain gutxi arte. Legez. 2016az geroztik, kuota %35ekoa da. Ez da hori Frantziako Estatuak kultura babesteko duen neurri bakarra, ordea. Elkarrizketatutako musikari guztiek izan dute ahotan bertako intermitentziaren sistema, gauzak asko errazten omen baitizkio musikariari. Mekanismo juridiko honen bidez, 12 hilabetetan 507 orduz (43 egun, horietako bakoitzean musikariak 12 orduz lan egin duela suposatzen baita) aritu dela bermatzen duenak laguntza ekonomiko bat jasotzen du Estatuarengandik. Ducauk ez du inoiz neurri hori probestu, jardunaldi murriztuan lanean aritu izanak ahalbidetu baitio bere musika ibilbidea azken 25 urtetan, baina ezagutzen ditu sistemaren nondik norakoak. “Ez da soluzioa, baina bada zerbait. Ez da erraza kontzertu kopuru hori lortzea eta, gainera, antolatzaile batzuek gutxiago ordaintzen dute sortzaileak ordu kopuru horren bila dabiltzala badakitelako, eta bada halako gatazkarik. Sistema ez da perfektua, ezagutzen dut sistema utzi behar izan duenik. Baina posible da, batez ere hiri handietan”.

Mixel Ducau: “Intermitentziaren sistema ez da perfektua, ezagutzen dut sistema utzi behar izan duenik. Ez da soluzioa, baina bada zerbait”

Mikel Kazalis zarauztarrak dio ez duela fede handiegirik gobernuengan, baina “musikak gizarteari, komunitateari, egiten dion ekarpenaz jabetzea” eskertuko luke. Nahiz eta Frantziako neurriak ezagutu eta balioetsi, “diru laguntzarik onena, jendeak zu ikusi nahi izatea” dela uste du eta, horren harira, gaur egun musikak aisialdirako aukera gisa izan duen gainbehera azpimarratzen du. “Gaur egun dena hotzagoa dela esango nuke, baliabide tekniko eta ekonomiko hobeak topatu ahal ditzakezu eta dena profesionalago egiten da, baina izpiritu errebelde hartatik asko galdu da bidean. Entzulegoa ere orokorrean pixka bat hoztu egin da”.

Aukerak, mugak eta paradigma aldaketak
Musikariak beti aritu behar izan du ekilibrista lanetan, beren diru iturriak dibertsifikatuz eta garai gorabeheratsuei aurre eginez. Baldintza horiek ohikoak diren arren, garaiak ere etengabe ari dira aldatzen. Mixel Ducauk dio musikariaren papera ez dela behinola zuen berbera, lehen beti behar baitzuten musikariren bat edozein ekitalditan gaur egun musika erreproduktore, DJ eta abarrek duten egitekoa betetzeko. Era berean, musikak galdu du agian azken hamarkadetan geure identitatearen eta gizartearen eraikuntzan jokatu izan duen papera: kontzertuetan ez omen da hainbeste jende pilatzen, esponsorizatutako makrojaialdi handietan salbu. Eta zer esan interneti buruz, jada diskoak ez baitira saltzen, kasik; musika entzuteko baditugu Youtube, Bandcamp edo Spotify.

Jada gure eguneroko hiztegiaren parte bilakatu diren enpresa izen horiei beste batzuk batuko zaizkie etorkizunean, ezinbestean. Horietako bat omen da blockchain, Lorea Argarateren esanetan. Ingeniaria da bera, eta Interneteko protokolo berri honek musikaria lehen lerroan jarriko duela uste du. Horretan ikertzen diharduen bitartean aritzen da musikari gisa, plazaz plaza eta aretoz areto. “Musikatik bizi ez garen arren, geure jarduna pixka bat profesionalizatzea lortu dugu: autonomoak izatera iritsi gara, ez da gutxi”. Beste elkarrizketatuen kasuekin alderatuz, DJ batek badituela hainbat abantaila uste du: materiala merkeagoa da, gaur egun ordenagailu arrunt batekin magia egin baitaiteke. “Bestalde, ekipoan pertsona gutxiago izaten gara normalean. Gure kasuan, argi teknikariak ere pisu handia duen arren, normalean auto bakarrean mugi gaitezke guztiok”.

Mikel Kazalis: “Gaur egun dena hotzagoa da, baliabide tekniko eta ekonomiko hobeak topatu ahal dira baina izpiritu errebeldetik asko galdu da bidean”

Musikariaren jarduna ez da musika sortzearekin amaitzen, baina. Kontratuak, fakturak, negoziazioak, sare sozialak eta beste hainbat eginbehar kudeatzeak nahiko buruhauste sortzen du eta lan ikusezin horrek musikarekiko harremana hoztu dezakeela dio Argaratek. Oreka gorde eta lanbide honek berekin dakarren guztiaz jabetzeko gidari izan omen du Ainara LeGardon artista bilbotarra, besteak beste. Musikaria izateaz gain, kultura kudeaketari buruzko hitzaldi eta tailerrak eskaintzen ditu LeGardonek, eta egile eskubideen gaia ere luze jorratu du David García Aristeguirekin batera idatzitako SGAE: el monopolio en decadencia (consonni, 2016) liburuan.

Gaiari buruz galdetzean argi erantzuten du: “Musikari batek dituen zailtasun nagusiak azpiegitura legal desegokien ondorio dira, Gizarte Segurantza ereduak ez du batere laguntzen eta dagoen legedia ere gutxitan betetzen da. Autonomoen kuotak diru sarreren araberakoa izan beharko luke, bestela, oinarrizko hainbat eskubide ez izateaz gain, ikerketa eta sormen artistikorako eperik ezin dugulako izan, horrek dakarren neke eta antsietatearekin. Oso promiskuoa izan behar du musikariak musikatik bizi nahi badu, eta horrek koherentzia artistikoa mantentzea eta osasuna bera kolokan jartzen ditu askotan. Era berean, ohikoa da legedia ez betetzea. Berez, kontzertuaren antolatzaileak artistari alta eta baja eman behar dizkio Gizarte Segurantzan, honek hala eskatuz gero. Gehienetan, horren ordez faktura bat eskaintzera behartzen gaituzte”.

Ainara LeGardon: “Musikari batek dituen zailtasun nagusiak azpiegitura legal desegokien ondorio dira, Gizarte Segurantza ereduak ez du batere laguntzen eta dagoen legedia ere gutxitan betetzen da”

Zaharrak berri ziurrenik. Eta garai digitalek ekarritako kontsumo ohituren iraultzari dagokionez, zer? Zein ondorio ekarri dizkio sortzaileari? Spotify, adibidez, musika munduko hiru multinazional nagusien esku dagoela argitu digu LeGardonek (Sony, Universal eta Warner). “Streaming plataforma batean izena ematean 10 euro ordainduz gero, horietatik 0,46 erabiliko dira artista guztiak ordaintzeko. 10 euro horien zatirik handiena, ia erdia, diskoetxe handien artean banatuko dute. Sortzaile batek 100 euro irabazi ditzan, 14 bider jarri beharko dute irratian bere abestiren bat, 100 disko saldu beharko ditu edo 25.000 bider entzuna izan beharko da ordaindutako streaming plataforma batean. Streaming hori debaldekoa bada, milioi bat aldiz klikatu beharko dute bere abestiren bat diru kopuru hori irabaztera iritsi dadin. Bakoitzak atera ditzala ondorioak”.

Teknologiak eta digitalizazioak aldagai berriak txertatu eta egoera hankaz gora jarri duela kontu jakina bada ere, funtsezko arazoek antzekoak izaten jarraitzen dutela dirudi. Baita erantzunek ere: musikarien sindikatuak sortzen hasi dira Espainiako Estatuan, baldintza duinen alde borrokan ari direnak. “Pozgarria da, musikariak orain arte bananduta aritu gara eta gure egoera horren isla da. Arte eszenikoaren munduan gu baino askoz aurreratuagoak daude alor horretan”. Bere ideiak eta musika zabaltzeaz gain, EKKI elkartean ere aritzen da Ainara LeGardon. SGAEren aldean egile eskubideak kudeatzeko alternatiba justuago bat defendatzen du Euskal Herrian sortutako plataforma honek. “Sortzaileak ahalduntzen dituen eredu bat da, baina ardura gehiago ere eskatzen dizkiona. Ea ardura hori hartzeko gai garen, pilota gure teilatu gainean dago”.

ETIKETAK:Ainara LeGardonHertzainakJoseba IrazokiLorea ArgarateMaite ArroitajauregiMikel KazalisMixel DucauMursegoMusikagintzaProfesionalizazioa