Musika

badok

2019.11.19

badok

Nizuri Tazuneri eta Leihotikan, Berri Txarrak-en agurrean

Berri Txarrak taldeak ezagutzera eman ditu ostiralean eta larunbatean, Ikusi Arte birako azken bi kontzertuetan, irekitze lanak egingo dituzten talde gonbidatuen izenak. Ostiralean Nizuri Tazuneri trap bikoteak emango dio hasiera gaualdiari, eta larunbatean Lehiotikan taldeak. Bi talde gonbidatuen kontzetuak 21:00etan hasiko dira —19:00etan zabalduko dituzte Nafarroa Arenako ateak— eta Berri Txarrak 22:30ean igoko da oholtzara.

Nizuri_Tazuneri

Fani eta Norzzone, Nizuri Tazuneriko kideak.

Oso joera eta ibilbide ezberdinak dituzten taldeak hautatu ditu Berri Txarrak-ek bere despedidarako. Alde batetik, gaur egun hiri musika gisa ezagutzen den multzoaren barruan sartzen da Nizuri Tazuneriren trap proposamena, oso aldendua aldi berean Berri Txarrak-en musika estilotik. Ikusi egin beharko da nola erreakzionatzen duten entzuleek Fani eta Norzzone abeslarien hitz jarioaren aurrean. Nizuri Tazunerik bi disko baino ez ditu argitaratuak: Musika ala hil (Taupaka, 2017) eta Zazpi (Taupaka, 2018).

Lehotikan argazki berria

Leihotikan taldeak 25 urtetik gorako ibilbidea du.

Leihotikanek berriz, zortzi disko kaleratu ditu 25 urtetik gorako ibilbidean —1993an sortu zen, Berri Txarrak baino urtebete lehenago— eta Euskal Herriko punk-rock eta hardcore eszenako talde beteranoenetakoa da, baita ibilbide koherenteenetakoa izan duena ere. Non zaude? disko bikoitza argitaratu zuen 2018an eta hori izango da Iruñeko emanaldiaren ardatza, aurreko diskoetako kantu ezagunenekin batera.

ETIKETAK:Berri TxarrakLeihotikanNizuri Tazuneri