2026.05.13
20 urte igaro dira Bide Ertzean taldeak Non dira diskoa (2006) kaleratu zuenetik. Diskoak kritika onak jaso zituen -inoiz ez zitzaizkion bandari falta izan- eta Leidor sessions zuzenekoaren (2009) eta Don Inorrez-en (2010) aurrekoa izan zen, askorentzat taldearen diskorik onena. Non dira da BEk argitaratu zituen hamar diskoetatik seigarrena eta parte hartu nuen hirugarrena. Disko berezia da bi arrazoirengatik: gerra zibilari buruzko disko kontzeptuala da, batetik, eta teklatuek duten presentziagatik, bestetik, bere laugarren diskora arte gitarrak bakarrik erabili zituen banda batean.
“Iragana zain daukat/eta esan behar nuena agortu dut/maitasun kontuetan” abesten du Imanol Ubedak Berandu nator abestian. Imak urte batzuk zeramatzan gerra zibila galdu zutenei buruzko istorioetan interesatuta: Altsasuko aitonaren eta birraitonaren aktibismoaz galdetu zuen, diskoak entzun zituen eta gaiarekin lotutako liburuak eta aldizkariak irakurri zituen, 1936ak urrun eman dezakeelako baina “Gerra baten zauriak ez dira zahartzen/70 urteren ostean” (‘Haien bihotzen taupadak gara’). Non dira diskoak aurkitu zituen istorioak eta gogoeta batzuk biltzen ditu; gerrak eraman zituenen memoria berreskuratzeko saiakera bat da, etxeko jendea eta baita kanpokoak ere, Kataluniako Les dones del 36 edo Espainiako Trece rosas rojas-en kasuetan bezala.
Disko guztietan BEk idazle lagunen hitzak kantatu baditu ere (Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Iñigo Aranbarri, Mikel Ibarguren, Juanra Madariaga, Gotzon Barandiaran), adierazgarria da oraingo honetan diskoko letra guztiak Imak idatziak direla, oraingoan mezua material goria balitz bezala, eta norberaren hitzak beharko balitu bezala barrutik erretzen duena zehatz adierazteko. “Bizikleta bat/txalupa bat errekan/arratsak luzeak ziren/gerra baino lehen” abesten du Gerra baino lehen abestian. Hurbiltasuna eta soiltasuna, eguneroko baretasuna ezin hobeto deskribatzen dutenak gerrak dakarren gorrotorik eta indarkeriarik gabe; gauza txikien balio izugarria, Serratek Aquellas pequeñas cosas-en abesten zuena.
Diskoaren bigarren berezitasuna teklatuen presentzia da, taldearen beste ezein diskotan ez bezalako espazioa hartzen baitute. Ez zen aldez aurretik pentsatutako zerbait izan, baizik eta Fran Iturbe gabe entseatzearen ondorio naturala, Bartzelonara bizitzera joana baitzen, eta geratu zen espazio librearen ondorioa. Leidor Sessions diskoaren prestaketan ere gertatu zen, baina aurreko diskoetako abestiak batzen dituen grabazio bat zenez, ez zion hainbeste eragin kantuen arkitekturari. Non dira diskoan, aldiz, teklatuak lehen entseguaz geroztik daude, eta abestiak hazten doazen heinean beren lekua hartzen dute diskoaren soinu-paisaia osatuz.
Non dira diskoak bi gonbidatu berezi izan zituen: Gorka Urbizu eta Quique González. Gorka BEren aspaldiko laguna da, Grisa-n (2000) parte hartu zuen, eta Imaren bidelagun izan zen Peiremans taldean. Imarekin batera abestu zuen Ez dut atzera egingo abestian: “Agur maiteño, gudara noian/askatasuna zaintzera”, eta gurekin batera kantatzera igo zen oholtzara zenbait kontzertutan. Quique Gonzálezekin harremana ez zen hain hurbila, baina urte horietan estutu egin zen, berarekin hainbat kontzertu partekatu eta nik La noche americana (2005) eta Ajuste de cuentas (2006) diskoetan grabatu ondoren. Diskoari izenburua ematen dion abestian abestu zuen, berarentzat idatzia dagoela dirudiena ahots-kadentzia melodiara zein ondo egokitzen den kontuan hartuta, eta esan behar da ahalegin guztia egin zuela euskarazko ahoskera ahalik eta doiena izan zedin. Gorka eta Quique, luxuzko bi gonbidatu, eta harremanak bizirik jarraitzen du haiekin: Karlos Aranceguik Gorkaren bandan parte hartu du bakarkako ibilbide estreinatu berrian, eta gaur egun Quiqueren bandako kideetako bat da (2007ko Avería y redencióndiskoan ere grabatu zuen).
20 urte igaro dira Non dira diskoa argitaratu zenetik eta 10 urte Bide Ertzean taldearen azken kontzertutik. Egun hauetan berriro entzun dut diskoa, iraganean egindako zerbait entzuten dudan bakoitzean hartzen dudan ohiko arretarekin -ez naiz publiko ona neure buruarentzat, ia dena berregingo nuke-, baina oraingoan ez zen beharrezkoa izan. Abesti onak topatu ditut, eta bere buruaz seguru dagoen talde bat, kezkatzen duen eta oraindik ere guztiok kezkatzen gaituen zerbait kontatzeko gogoz: askatasunaren alde borrokatu zirenak ez daitezela ahanzturan erori.
Joserra Senperena, 2026ko apirila