Musika

badok

2017.11.24

badok

“Orratzak”, Hibai Etxebarriaren bideoklip berria

Hibai Etxebarria gernikarraren bakarkako lehen diskoa kaleratuko du Gaztelupeko Hotsak zigiluak datorren astean. Bi kantu multzoz osatuta dago TripTics I-II izeneko lana, estilo eta estetika ezberdinetakoak. Eragin anglosaxoiak biltzen ditu batak (hari moldaketez atondutako funka, rock amerikarra…), eta Euskal Herriko sustraietan errotuta dago bigarrena. Azken multzo horretakoa da giro bukolikoa duen “Orratzak” abestia, zeinean Izaro kantariak kolaboratu duen. Gaur kantu horren bideoklipa estreinatzen dugu BADOk atarian.

Bi hamarkada daramatza Hibai Etxebarriak musikaren esparruko hainbat proiektutan lanean, bai Aitor anaiarekin (El_Txef_A disko jartzaile eta musikari elektroniko ezaguna), bai bakarkako lanetan edo taldean. TripTics I-II diskoa musikari talde handi baten lanaren emaitza da. 30etik gora musikarik hartu dute parte grabazioan, musika klasiko, folk, jazz, pop edota rock estiloetan eskarmentu handikoak denak, eta beharrizan estetikoen arabera, batzuen edo besteen aportazioak jaso dituzte abestiek. Hibai Etxebarriaren proiektuak duen izaera eklektiko eta zabalaren erakusle da TripTics I-II .

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaEl_Txef_AGaztelupeko HotsakHibaiIzaro