Musika

Antton Iturbe

2017.11.28

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Aitor Etxebarria

aitor etxebarria803

Aitor Etxebarria (Gernika, 1985)

Aitor Etxebarriaren unea da. El_Txef_A izenpean ematen dituen DJ saioen ospea mundu guztira zabaltzen ari den eta bere ekoizpenek nazioarteko banaketa eta salmenta maila estimagarria duten honetan, bere benetazko izena erabiltzea erabaki eta bere obrarik pertsonalena eta aldi berean kolektiboena eta unibertsalena eskaini berri digu: jaioterri duen Gernikako bonbardaketaren inguruko Markak dokumentalaren soinu banda. Mugarri baten moduan, entzule berriengana zabaldu du Etxebarriaren musika, eta harrera ezin hobea jasotzen ari da Euskal Herrian zein kanpoan. Atzera begira, egindako guztia berrikusi, hausnartu eta betiko zintzotasun eta ikuspegi irekiaz are jauzi handiago bat egiteko unea da. Soinu Eleak-en saio baterako ezin aproposagoa, beraz.

1.- “AURORA” (ALVA NOTO & RYUICHI SAKAMOTO, ‘Insen’, 2005)

AITOR ETXEBARRIA: Tira… Max Richter izan liteke.

BADOK: Ez zabiltza oso urrun. Alva Noto eta Ryuichi Sakamoto dira.

A.E.: Aiba! Ezagutzen ditut, noski, eta oso gustukoak ditut. Nire Forbidden Colours diskoetxearen izena hortik dator neurri batean, batik bat Ryuichi Sakamotoren aldetik. David Sylvianekin batera Merry Christmas Mr. Lawrence filmerako soinu bandan elkarrekin egin zuten abesti batetik, hain zuzen ere. David Sylvian erabat miresten dudan artista da. Bai abesti hori, baita bakarlari bezala azken urteetan atera dituen disko minimalista, lauso, zoragarriak ere. Erabateko eredu dira niretzat. Ahotsaren tratamendua eta pop ukitu pittin bat ilun, aldrebes, oso britainiar hori biziki maite ditut.

B: Filmetarako soinu bandetan, azkenaldi honetan, elektronika eta musika klasikoaren arteko uztarketa lantzen duten artista ugari azaldu da: Nico Muhly, Johan Johannsson…. Zuk ere bide hori lantzen duzula esan daiteke, ezta?

A.E.: Zintzoki esatea nahi baduzu, piano klasikoa ikasi dut, baina nire maila teknikoak konposizio sinple samarrak egiteko baino ez du ematen, ez pentsa. Hezkuntza klasikoko pianista bat naizenik ezin dut esan, ezta gutxiago ere. Era berean, nire mugekin eta minimalismoko oinarri batetik beti, nire musika erein, sortu eta hazteko gai naiz. Etengabe ikasten dut. Beste musikari trebeago batzuk agian bizitza guztirako gauza berean espezializatzen dira eta nik ez dut inolaz ere hori egin nahi. Bestalde, lotsarik gabe eta modu erabat espontaneoz probatu eta nahasten ditut gauzak. Trebezia musikala baino, estetika artistikorako gaitasun handiagoa dudala esango nuke.

2.- “WRONG” (EVERYTHING BUT THE GIRL, ‘Walking Wounded’, 1996)

A.E.: Tracey Thorn?

B: Bai! Everything But The Girl bikotearen barruan, baina noski, ahotsa berea da. Pertsonalki, abesti honek garrantzi handia du nire bizitzan, pop testuinguru batean elektronika aurrerakoia, edo gutxienez garai hartan niri aurrerakoia iruditzen zitzaidana, txertatzea posible zela erakutsi baitzidan, eta handik aurrera hasi nintzen elektronika munduan buru belarri sartzen. Zeuk ere ez duzula beti elektronika entzun suposatzen dut. Nondik zatoz musikalki? Noiz, nola eta zergatik erakarri zintuen elektronikak?

A.E.: Hasiera batean, nerabezaroan, punk erradikal hutsa nintzen, La Polla Records eta antzekoen kaseteak entzuten nituen etengabe. Gero skate-aren munduan sartu eta horri lotuta, gehienbat hip hopa entzutera pasa nintzen. Dr Dre, adibidez, oso gustukoa nuen. Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan nintzela, 19 urterekin, asteburuetan piano eta solfeo klaseak berreskuratzea erabaki nuen eta Bibora joaten nintzen perkusioa eta orkestra ikastera. Baina oso gogorra egiten zitzaidan eta sarri piper egiten nuen, Cybertech disko dendara joateko gehienbat. Han aurkitu nuen musika elektronikoa lehenengo aldiz. Hasiera batean, garai hartan oso modan zeuden trance moduko doinuek erakarri ninduten, baina haien inguruko estetika eta diskoteka giroak arrotz egiten zitzaizkidan. Beranduxeago ambient ilun eta minimaleko technoa aurkitu nuen eta, hor bai, erabat maitemindu nintzen, bai musikaz baita estetikaz ere. Hip hop geroz eta gutxiago eta minimal techno geroz eta gehiago erosten hasi nintzen, eta jabetzerako, azken honetakoak ziren guztiak. Buru belarri sartu nintzen mundu horretan, eta egun, beste mila estilo entzun eta gozatzen ditudan arren, technoa minimala, iluna, zorrotza eta lehorra izatea gustatzen zait, beti. Purista samarra naiz arlo horretan.

B: Festibal handietan zabiltza azkenaldian, baina lagunarteko punk kontzertu txikiak nahiago dituzula komentatu izan duzu. Zer dela eta?

A.E.: Kontzertu handietan gozatzen dut noski, baina aukeran txikiak eta gertukoak nahiago. Lagunarteko freskotasuna eta goxotasuna maite ditut, baita musikari eta ikusle arteko harreman ia fisiko hori ere. Nire barneko punkak bizirik dirauela suposatzen dut, kar, kar. Saio elektronikoetarako ere gune autokudeatu txikietan festibaletan baino erosoago sentitzen naiz. Azken hauetan elektronikari ematen zaion lekua eta tratamendua oso eskasa iruditzen zait. Pop-rock indie artista guztien izenak letra handietan beti, eta elektronikakoak, bazter batean, txiki-txikian. Diskriminazio nabaria ematen da techno artistak rock munduaren ohiko show business sistema horretan sartzera behartuta sentitzen direnean. Bestalde, technoa berez eta oinarriz, pop izarren hierarkia moduko horren aurkakoa da. Niregatik balitz, izen guztiak tamaina berean eta orden alfabetikoan jarriko nituzke. Eta nirea azkena bada, hala bedi.

3.- “A SEA OF LOVE” (HUERCO S., ‘For those of you who have never (and also those who have), 2016)

A.E.: Uff, Nathan Fake? Autechre? Mila gauza datozkit burura, baina ideiarik ez dut, egia esan.

B: Zail samarra zela onartu behar dut. Huerco S da.

A.E.: Artista ezagutzen dut baina bere musika ez dut asko entzun.

B: Oso disko ederra izateaz gain, egileak berak honen inguruan esandakoa da doinu hau ekartzera bultzatu nauena. The Fader aldizkarirako eman zuen elkarrizketa batean, disko hau DJaren ezinegona “sendatzeko” sortu zuela dio. Ezinegon hori inoiz ez dela aipatzen eta DJak beti primeran pasatzen duela suposatzen dela zioen, eta noski, horrek ez duela zertan beti horrela izan. Huerco Sren arabera, DJa lanean ari dela ahazten dute entzuleek askotan, agian festarako inongo gogorik ez duela, baina jendeak espero duena ematera behartuta sentitzen da eta horrek ezinegon handia sortzen du. Bestalde, etengabe bidaiatzeak eta aireportuetan ordu asko bakarrik pasatzeak eragiten duen asperdura, eta askotan depresioa ere, aipatzen zuen. Disko honetako doinuak une horiek goxatzeko bereziki egin ditu. Zeuk oso antzeko bizipenak izan dituzula ziur naiz eta egoera hori nola kudeatzen duzun jakin nahi nuke.

A.E.:  Metodorik ez dudala esango nuke. Bizitzako unearen arabera egoera berberak modu ezberdinez eragiten zaitu. Batzuetan oso pozik sentitzen naiz munduaren punta batetik bestera bidaiatzen, eta beste batzuetan oso gaizki. Orain dela gutxi, bira baten erdian nengoela, ezinegon horren ondorioz gau bateko saioa bertan behera uzteko zorian izan nintzen. Hori gertatzen denean zeure buruari zertan ari zaren galdetzen diozu eta agian gauzak beste patxada batez hartu beharko zenituzkeela planteatzen hasten zara. Hala egin dut nik behintzat, eta azkenaldian, DJ eta musikari izatea nire lana dela onartu eta horrek ematen didan plazeraz ahalik eta gehien gozatzea erabaki dut. Bira horien erritmoa baretzen eta bidaietan hiriak ezagutu ahal izateko tarte bat hartzen saiatzen ari naiz azkenaldi honetan. Bestalde, hotelean bizpahiru ordu lo eginda, goizeko ordu bietan euforiak jotako jendez gainezka dagoen klub batean sartu eta pintxatzen hastea ez da batere erraza, eta alkohola edo beste “kitzikagarri” batzuk erabiltzen hasteko tentaldia oso indartsua da. Adikzioan erortzeko arriskua oso handia da eta kontu izan behar da horrekin. Gauzak dagokien denboraz prestatu eta lasaitasunez gozatzen jakitea lagungarria da arrisku hori ekiditeko. Sarritan jendarteko giroa bihurtzen baita kitzikagarri eta energia iturri. Aurtengo Sonar festibaleko saioaren aurretik, bizpahiru egun neramatzan ia lorik egin gabe eta leher eginda nengoen, baina jendearen erantzunak eta energiak dena ahantzi arazi zidaten. Edozein modutan, garbi utzi nahi nuke gurea ez dela gizarteko beste edozein langileren egoeraren ezberdina. Lanpostu eta bizitzako alor guztietan antzeko sentsazio eta arriskuak gertatzen direla ziur naiz.

B: Beraz, oro har era honetako arazoez garbi hitz egiteko dugun zailtasuna da benetako auzia, ezta?

A.E.: Hala da. DJak ez gara bereziak zentzu horretan. Ezinegona eta depresioa alde guztietan dago, eta alkoholarekin ezkutatzeko joera ere, noski.

B: Bira luze horien ondoren “desintoxikazio” moduko zerbait beharko duzu, ezta? Zer erabiltzen duzu horretarako?

A.E.: DJ bizitza oso egozentrikoa da, denbora guztian zeu baitzara arreta guztiaren fokua. Batik bat, ikuspegi hori lurrera jaistea da beharrezkoena etxera bueltatzen zarenean. Azken batean, munduko zentroa ez zarenaz jabetu eta zure ingurukoei begiratzea tokatzen da, bizitza errealera. Horrelakoetan, musika klasiko asko eta bigarren eskuko merkatuetan erositako jazz diskoak eta halakoak entzuten ditut. Elektronika oso gutxi entzuten dut. Ahalik eta kanpoko “kutsadura” gutxien jasotzen saiatzen naiz.

4.- “PIEL” (ARCA, ‘Arca’, 2017)

A.E.: Arca da. Izugarri gustatzen zait. Egia da ere une egokian azaldu dela. Hots, futurismo teknologikoaz pittin bat nazkatzen eta naturaren sinpletasunera bueltatzeko joera ematen ari den garai honetan, berak, orain dela 200 urteko kantari batenak diruditen ahotsa eta doinuak ekoizpen martziano batez jantzi ditu, eta nolabait une honetako sentsibilitateari eta kezkei erantzun egokia eman die.

B: Erabat ados nago esaten duzunarekin. Arca Venezuelan jaioa da eta, horren harira, Hego Amerikan eta Mexikon ibili zara azkenaldi honetan. Bertako kultura eta bizimoduak zugan eragina izan duela dirudi, sare sozialetan egin dituzun iruzkinen arabera. Hala da? Zertan gauzatzen da lotura hori?

A.E.: Hala da, bai. Gustura ibiltzen naiz inguru haietan. Esperientzia “izpiritual” bitxiren bat izan dut gainera, “ate astral” batean Temazcal erritual bat egitea eta antzeko gauzak. Eta tira, nahi duzun bezala har dezakezu, baina benetan, nolabait aldatuta etorri naizela esango nuke. Ayahuascari lotutako esperientzia erdi mistikoak ikusi ditut desertuaren erdian kokatutako antzinako kanping moduko batean, erabateko iluntasunean eta izerdi patsetan, amaren sabela bailitzan, zeure burua garbitu eta errora iristeko asmoz. Era guztietako jendea ikusi dut saio horietan murgilduta. Izugarria izan da. Ez dut esango orain txaman baten moduan era honetako saioetara dedikatuko naizenik, noski, hainbesterako ere ez da, kar, ka… Baina inpaktu nabaria izan du nigan. Oso interesgarria izan da. Bestalde Hego Amerikako herrialde gehienetan, techno eta house musikarekiko jarrera oso freskagarria aurkitu dut eta plazer handia izan da hango jendearekin elkarlanean aritzea.

B: Pittin bat topikoa izan daiteke, baina elektronika eta techno “puruaren” sormenerako testuingurua beti oso anglosaxoia edota germaniarra dela pentsatzera jotzen dugu. Baina ez du zertan horrela izan. Hego Amerikan ikaragarrizko joera aberatsak baitaude.

A.E.: Bai, zalantzarik gabe. Europan beti munduko jakintsuenak eta intelektualenak garela pentsatzeko joera dugu. Argentinan, adibidez, oso house eszena indartsua eta interesgarria dago aspalditik. Mexikon inoiz entzun ez duzun izena duen herri batera joaten zara eta kriston festibal baten erdian ikusten duzu zeure burua. Inoiz egin ditudan saio basatien eta luzeenak han egin izan ditut eta jendez gainezka zeuden, jende gaztea gainera. Trumpen murruaren ondo-ondoan egindako bat gogoratzen dut bereziki. Energiaz beteriko lekuak daude.

5.- “MANYFACES” (RRUCCULLA, ‘Early Sound Sketches’, 2017)

B: Euskal Herrikoa dela aurreratzen dizut.

A.E.: Tropikal moduan hasi da baina gero footwork tankera hartu diot. Telmo Trenor izan al daiteke?

B: Ez, baina footwork-a aipatzen duzula eta, oso gaztea dela esango dizut.

A.E.: Ez dakit.

B: rruculla da.

A.E.: Ah! Bale. Bere izena entzun dut nonbait.

B: Santurtzi aldeko neska gazte bat da, bateria jole moduan hasi zen eta orain era honetako collage elektroniko harrigarriak eraikitzen ditu. Zale asko ahobete hortz uzten ari da, neu barne. Artista hau aukeratzeko arrazoia euskal eszena elektronikoaz hitz egitea da. Euskaldunen eta euskal musikaren ingurunearen aldetik, elektronika musikarekiko halako estigma historiko bat izan dela esango nuke. Zorionez, azken urteetan elkarren arteko ezin ikusi hori pixkanaka gainditzen ari garen arren, zein da zure ikuspegia auzi honen aurrean? Edo, lehenengo eta behin, hala dela uste al duzu?

A.E.: Bai, erabat. Ni musika munduan hasi nintzenean, elektronika “txamako” erdaldunen musika zen guretzako, argi eta garbi. Hori ukatzea, gezurretan aritzea da. Euskadi/Espainia gatazka politikoa horren erdian sartu zen eta erabat banandu zituen musika ikuspegiak. Musika elektronikoa topera zekarren kotxe bateko gidariak erdalduna behar zuen izan bai ala bai, zalantzarik ez genuen egiten horretan. Nik ulertzen dut, oholtzaren gaineko taldea jendearekin interaktuatzen ikustera ohituta dagoenarentzat, DJaren presentzia arrotza egitea. Baina ez ditut zilegi ikusten horren inguruan sortutako hainbat aurreiritzi: “ez duzu ezer egiten”, “zein aspergarria”, “ez da musika”… Estigma bada, bai.

Festibal handiek “kuota” moduan elektronika sartzeak, beti orduz kanpo, beti apendize ezkutu baten moduan eta ghetto kutsu batez aurkeztuz, lagundu baino gehiago estigma hori bultzatu egiten du. Hedabide orokorren aldetik ere oso kultura eta jakinduria gutxi dago. Betiko izenak aipatzen dira behin eta berriro, sakontzeko gaitasunik edo gogorik ez dago.

B: Maltzurkeria pittin batez galdetzen dizut hau. Markak egin eta gero hasi zaituzte, oro har, musikari “seriotzat” hartzen?

A.E.: Jende askoren aldetik ziur nago baietz. Orain arte egin dudan guztia remix moduko musika dela eta orain arte ez naizela “benetan” konposatzen hasi esango dute. Garbi daukat hala pentsatzen duen jendea badagoela.

B: Heziketa falta dago, ezta? Eta horretan prentsa munduak badu bere ardura.

A.E.: Noski baietz. Batil bat prentsa “handiak”, orokorrak. Tira, adibide garbi bat emango dizut, EITBko historia guztian telebistan bere musika ibilbideaz zuzeneko elkarrizketa bat egin duen lehen DJa neu izan naizela uste dut. 2017an! Sonar festibalak dagoeneko 25 urte bete dituenean! Mesedez! Baina beno, elektronika musikariok ere erruaren gure zatia onartu beharko genuke. Jarrera berekoia izan dugu sarritan, herrietako gazte asanbladetan ez dugu hainbeste parte hartu eta agian asanblada horietako batean elektronikako musikari batek bere ikuspegia eta bere beharrak garbi azaldu izan balitu, gauzak ezberdinak izango lirateke orain. Nork daki.

6.- “QUARZ” (LCC, ‘d/Evolution’, 2015)

A.E.: Uff, ezinezkoa zait asmatzea. Hainbeste gauza izan daitezke…

B: LCC dira.

A.E.: Ostras! Gustukoak ditut eta ezagunak gainera. Asmatu ez dudala jakingo balute, kar kar…

B: Ulergarria da bizpahiru minutuz entzunda ez asmatzea. Originaltasunaz hitz egin nahi nuke oraingoan. Elkarrizketetan balio handia ematen diozula esan duzu. Baina bestalde, musika elektronikoa teknologiaren bilakaerari hain lotuta egonik, menpekotasun horren ondorioz sarritan oso homogeneo eta berdintsua izatera jotzen du, edo jotzeko arriskua du behintzat, ekoizle denak azken belaunaldiko software bera erabiltzera bultzatuta sentitzen baitira. Nolabaiteko ekarpen pertsonal bat beharrezkoa da originaltasuna lortu ahal izateko. LCC-ren kasuan, taldekideek Asturiasko naturako soinu grabaketak erabili zituzten disko honetarako oinarri moduan, eta horrekin, bide batez, aldarrikapen ekologista bat iradokitzen saiatu ziren. Zein esango zenuke dela zuk musikari egiten diozun ekarpen pertsonala?

A.E.: Teknologiaren frikia ez naiz, ezta gutxiago ere. Kateto bat ez naizen arren, ikasten oso motela naiz eta eroso sentitu arte ez ditut tresna berriak nire musikarako erabiltzen. Sentimenduak espresatzea da nire lehentasuna eta zentzu horretan kantugile-abeslari baten antzekoa naiz. Egunero ikasten ditut gauza berriak eta ondorioz egiten ditudan diskoen forma eta estiloa oso anitza eta aldakorra da. Ez daukat ezkutatzeko ezer, musikaz gozatu eta mila gauza ezberdin sentitzen ditut, eta horixe adierazten dut nire emaitzetan.

B: Zure zigilu pertsonala zintzotasuna da, beraz. Kantugileari buruz diozuna interesgarria da. Zure musikaren azpian zeure pertsona dago, askoz modu esplizituago batean adierazten duen kantugile baten neurri berean.

A: Bai, erabat. Batik bat LP moduko albumetan. EP modukoak aldiz, batzuetan guztiz “funtzionalak” izaten dira, DJ saioetarako lagungarri izan daitezen. 18 urterekin bere kontzeptu musikal pertsonala ezarri eta bizitza guztian aldatu gabe mantentzen duten artistek harritzen naute. Bestalde, DJentzako erreminta moduko pieza funtzional horiek konposatzeak ere badu bere garrantzia, gero sormen handiz nahastu baitaitezke pieza berriak eta erabat ezberdinak konposatu ahal izateko. Hori da musika elektronikoaren alderdi ederrenetako bat.

7.- “NARKOPOP 1″ (GAS, ‘Narkopop’, 2017)

A.E.: Ezaguna egiten zait nolabait. Blade Runner berriaren soinu banda gogorarazten dit.

B: Ez zara urrun. GAS (Wolfgang Voigt) da. Ezagutzen? Baietz suposatzen dut, bere Kompakt diskoetxeak argitaratu baitu Markak Europan.

A.E.: Bai. Ez dut gehiegi entzun baina bai, noski, ezagutzen dut. Disko hau zehazki ez nuen ezagutzen baina izugarri gustatzen ari zait. Markak-i dagokionez, diskoaren banaketaz arduratu dira.

B: Ados. Bai, artista handia da Wolfgang nire ustez, musika aldetik zein alderdi bisualetik, bere musikarekin batera argitaratu dituen argazki bildumak zoragarriak iruditzen baitzaizkit. Kompakten harira, Forbidden Colours zure diskoetxeari buruz galdetu nahi nizun. Norberaren diskoetxea izatea, autoekoizpena, elektronika munduan aurrera ateratzeko modu bakarra dela dirudi azkenaldi honetan, ezta?

A.E.: Ba ez dakit zer esan. Alde batetik ondo dago, kontrol osoa baituzu, baina beste alde batetik zure musika ahalik eta jende gehienarengana ailegatzea nahi duzu eta horrek promozio lana eskatzen du. Berez, bi artista mota daude, management sendo eta profesionala dutenak eta managementik ez dutenak. Muga garbia da. Lehenek medioetan azaldu ahal izateko dirua dute eta besteek ez. Baina beti gertatzen den bezala, lehen talde horretan egoteak hainbat gauzatan amore ematea eskatzen du eta askatasuna galtzea. Ni Forbidden Coloursen erabat libre aritzen naiz nahi dudana, bai nirea bai beste artista batzuena, argitaratzeko orduan.

B: Ba al duzu nolabaiteko irizpide artistikorik?

A.E.: Ez. Hemen ere unean uneko gustuaz eta gozamenaz fido naiz. Kompakt-ekiko harremana gure lehen argitalpenetik dator. Lehen egunetik interesa erakutsi zuten eta hainbat kopia erosi zizkidaten Europan banatzeko. Reinhard Voigt pertsonalki ezagutzen dut, baita bere lan taldea ere, eta oso jende apala eta atsegina iruditzen zait. Aldi berean, oso serioak dira lanean eta ikaragarrizko bulegoak dauzkate Kolonian. Nolabait maila altuko kudeaketa eta antolakuntza underground eta alternatibo arimarekin uztartzen dutela esango nuke.

8.- “FROM THE AIR” (LAURIE ANDERSON, ‘Big Science’, 1982)

A.E.: Ez dakit, inoiz ez dudala entzun onartu behar dizut, baina agian, Laurie Anderson izan al daiteke?

B: Bai!

A.E.: Ahotsagatik izan da, berez abestia ez bainuen ezagutzen. Edozein erara, Laurie oso artista ameslari eta indartsua iruditzen zait. Garai haietan, bere moduko emakumezko artista independenteak oso urriak ziren eta ikaragarrizko meritua du. Ospe handiagoa duten gizonezko askoren gainetik dago, nire ustez.

B: Hala da, bai, eta ezin da ahaztu gainera bere jarrera feminista eta politikoki aktiboa. Horretaz galdetu nahi nizun hain zuzen ere. Markak diskoak oinarri politiko eta sozial garbia dauka. Diskoaren erdian kokatzen den Tia Luisitaren aitortza, batzuek gordinegia dela esan duten arren, niretzako diskoaren erroa da, eta hortik abiatuta eraikitzen da soinu banda guztia. Hitzik erabili gabe eta modu abstraktuz, zeure sentimenak eta zeure ikuspegi politiko eta soziala ere adierazten dituzu hor.

A.E.: Hori da. Askoz zailagoa egiten zait nire ideia politikoak hitzetan adieraztea. Panfletario izaterik ez nuke nahi eta, bestalde, eguneroko alderdi politikoen ika-mika horiek ez zaizkit gehiegi interesatzen. Humanista bat naizela esango nuke, eta ideia zabalago eta betierekoagoak, eta aldi berean pertsonalagoak, aldarrikatzen ditudala.

B: Eta alde horretatik ikusita, zergatik egiten duzu Markak? Nola kokatzen da zure ibilbidean?

A.E.: Gernikan ematen ari den mugimendu kultural alternatibo handi baten barne kokatuko nuke: Astra, Trinketea, Lobak ekimena etabar. Sentsibilitate oso ezberdineko jendea elkarlanean emaitza ederrak lortzen ari da.

B: Markak egiteak aldatu egin zaitu? Gernikara “gerturatu” zaitu?

A.E.: Ni beti egon naiz Gernikatik gertu, orain dela gutxi arte hor bizi izan naiz, baina agian orain arte ez da horren bistakoa izan nire ekarpena.

B: Diskoa zure izenarekin aurkezten da, nahiz eta talde oso bat egon atzean.

A.E.: Hannot Mintegia fimaren zuzendaria da eta musika %100ean nirea da. Horregatik geratu da nire izena, nahiz eta berak taldean jo. Nik aspalditik nuen nire izenpean disko bat ateratzeko asmoa eta Markak-ek testuinguru ezin hobea eman dit horretarako.

9.- “SUN TO SOLAR” (LAUREL HALO, ‘Dust’, 2017)

B: Era honetako disko pertsonalagoak egiteaz gain, DJ techno moduan aritzen den emakumea da.

A.E.: Helena Hauff, agian.

B: Hortxe-hortxe…

A.E.: Laurel Halo.

B: Oso ondo.

A.E.: Arrazoi duzu, bere DJ sesioen aldean oso ezberdina da, haietan kriston egurra ematen baitu eta hemen askoz bareago eta ia pop azaltzen da.

B: Oso disko fina eta interesgarria iruditu zait, aurtengo nire kutunen artean dago. Beno, azkenengo galdera bezala, etorkizunerako proiektuei buruz galdetu nahi nizuke eta bide batez, Laurel Haloren abestiaz baliatuz, ea bera bezala zeu ere kantatzera animatuko al zaren…

A.E.: Mute diskoetxe ospetsuaren baitan dagoen Mute Song editorialarekin kontratua sinatu berri dut eta oso-oso pozik nago. Pentsa ezazu, Johan Johannsson, Max Richter eta Nick Cave moduko artistekin batera, filmetarako soinu banden ekoizle zerrenda batean sartu naute eta honek produkzio handiagoetako filmetan lan egiteko aukera ireki dit.

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaEl_Txef_A