Musika

badok

2020.04.23

badok

Rakel Arenaza ‘Raitx’-en lehen diskoa estreinatu dugu

Koban taldearekin ibilbidea amaitutzat eman ondoren, Rakel Arenazak (Donostia, 1991) bere bakarkako proiektua aurkeztu digu. Raitx izenpean, momentu oso pertsonaletan sortutako poesiak musikatu eta kanta intimistak konposatu ditu, letrak eta ahotsak protagonista bihurtuz. Abereek erantzungo balute da bere lehen diskoaren izenburua eta apirilaren 28an argitaratuko da plataforma digitaletan. Haatik, gaurtik aurrera osorik entzun dezakezu hemen.

Raitx

Rakel Arenaza donostiarraren proiektua da Raitx.

Koban taldeko hainbat kide izan ditu lagun Arenazak lehen disko honetako sei kantuak grabatzeko: Esti Berazak sintetizadoreak jo ditu eta Xalba Ramirezek gitarrak. Horrez gain, Joseba Salbidek —hau ere Kobankidea— oinarriak sortu ditu Arenazarekin berarekin batera. Iaz Kutxa Kultur Musika beka irabazi zuen Raitx-ek eta horren laguntzarekin grabatu du diskoa Gaztain estudioan. Pop elektroniko intimistako sei pieza batzen ditu diskoak, bakardadearen, elkar zaintzaren eta nork bere lekua topatzearen gaineko istorio bat osatzen dutenak —kantuen izenburuak jarraian irakurrita hauxe da emaitza: Badakit… dena zalantzan jartzeko iritsi zinen. “Ez zegoen beste aukerarik” —abereek esan ziguten— “en el amor no hay cicatrices, ni cortes de mangas, ni títulos, ni siquiera besos”. Eta hori da gure altxorra—.

Raitx portada disko

Raitx-en lehen diskoaren azala

ETIKETAK:Esti BerazaJoseba SalbideKobanRaitxRakel ArenazaXalba Ramirez