Musika

Rock klasiko berpiztua

Herdoila kendu nahi diote rock-and-roll doinuei, eta, horregatik, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako musikaren espiritua bilatzen dute. Klasikoa berritu nahi du Eskean Kristö taldeak. Orain, Azote kaldüz izeneko estreinako lana kaleratu du Arratiako boskoteak. Bertan eraberritu omen dute lehengoa. ACDC, Guns’n Roses, Kiss, The Rolling Stones, Willis Drummond, Niko Etxart… klasikoak dira haien inspirazio iturri, eta igartzen da eragina hamar kantaz osatutako obra horretan.

Eskean Kristö

Eskean Kristö taldea. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

2013an atera zuen taldeak aurreneko maketa, eta orduan irabazi zuen Azkue fundazioak antolatutako banden lehiaketa. Sari horren parte da diskoa kaleratzeko aukera. Hain zuzen, Baga-biga diskoetxeak eskaini die aukera. «Dena ematen dute; kristoren eszenaratzea daukate». Hala azaldu ditu Baga-bigako kide Arkaitz Ormaetxek. Gazteak dira taldea osatzen dutenak: Pello Artabe (ahotsa), Alex Harillo eta Haritz Ontal (gitarrak), Peio Artetxe (baxua eta harmonika) eta Imanol Arrese (bateria). «24 urteren bueltan» daude denak. Hala ere, Ormaetxeren irudiko, arrakalarik gabekoa da haien estiloa: «Hain gazteak izan arren, ematen du oso helduak direla». Bide beretik jo du ekoiztetxeko kide Ritxi Aizpuruk; «ausarta» iruditzen zaio taldearen nortasuna. «Garai bateko rock-and-rollaren indarra du: haren sakontasuna, haren arnasa, haren hasperena, haren substantzia, haren kolpea, haren zoriona…». Eta ahalmen horren erakusle da lanaren beraren izena: Azote kaldüz. Kolpeak emateari egiten dio erreferentzia, zigor ukaldiak emateari.

Justiziarik eza, pobrezia, ustelkeria, politikarien hipokrisia… horiek dira, beste askoren artean, diskoko kantuetan jorratu dituzten gaiak. Eta «kaleko modua» erabili dute kritika bideratzeko, alegia, «trufa, oldarkortasuna eta sentimenduak». Baina ez hori bakarrik: sentimenduek, umoreak eta lizuntasunak ere tokia izan dute diskoan. Askotarikoa da, beraz, landutakoa.

Ez dute bakarrik egin bidea; bidaideak izan dituzte obra eratzeko. Niko Etxartek jarri du ahotsa Latigo” kantuan, adibidez. Eta Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik liburuan oinarrituta idatzi dute Negar” abestia.

Oholtza, predikuleku
«Zuzenekoa da haien ezaugarri onena». Ahobizarrik gabe mintzo da Ormaetxe. Eta taldekideek ere horrela azaldu dute diskoaren oharrean. «Oholtza gainean eztanda egiten duten taldeak ditugu gustuko, elektrikoak, adoretsuak, eta, horrez gain, ikuskizun eta espektakuluaren aldekoak ere bagara». Zuzeneko emanaldietan, «plus» bat ematen saiatzen direla diote; osatu egiten dute diskoan bildutakoa. «Pizgarri eta bizigarri» da haientzat oholtza. Eta entzuleengan jartzen dute arreta: «Entzuleak gurekin egotea da kontua».

Euskara batuan idatzi dituzte diskoa osatzen duten hamar piezetako hitzak, baina sartu dituzte arratierazko zenbait hitz ere. Ondorioz, eta entzuleek dena uler dezaten, arratiera-batua hiztegi txiki bat txertatu dute obran, Geure berbategie izenpean.

ETIKETAK:Azote kaldüz!Baga BigaEskean Kristö