Musika

“Rocka gustatzen zaionak badu cumbiarako belarria”

Erdibitu egin dira. Edo bikoiztu, zehatzago. Duela hilabete plazaratu zuten lan berriaren aurrerapen kanta Niña Coyote eta Chico Tornadok, bideo ilun, iradokitzaile eta energiko batez lagunduta —balio dute adjektiboek euren musika deskribatzeko ere—, baina hura soilik zetorrenaren erdia zen, eta astebetera etorri ziren kanta berria eta bideokliparen beste erdia, bestelako izenez sinatua: Don Condor eta Ñora Alacran. Musikari berberak, baina, aldi berean, ez guztiz berdinak. Niña Coyote eta Chico Tornado vs. Don Condor eta Ñora Alacran (Pozoia Records) izenpetu dute Usua De la Fuentek (Donostia, 1982) eta Koldo Soretek (Donostia, 1976) euren ibilbideko laugarren lan luzea, eta azken urteetan lekua irabazarazi dieten zuzenekoak eskaintzera itzuli berri dira harekin. «Oso ondo hasi da», ospatu du Soretek. «Duela bi asteburu Bilbo, Bartzelona eta Madrilen izan ginen, The Baboon Show-rekin, eta kristoren harrera izan zuen; oso gustura». Aurreko larunbatean, berriz, Berrizen (Bizkaia) eta Logroñon (Espainia) jo zuten: «Eromena izan zen».

Niña Coyote (Galder Izagirre)

Niña Coyote eta Chico Tornado bere alter egoekin, Don Condor eta Ñora Alacran. (Galder Izagirre)

Eraldatu egin da bikotea lan berrian, baina lortu dute euren unibertso bereizgarria bazter utzi gabe egitea. Bi aurpegiko lana da azkena, eta zazpi kantu datoz bakoitzean; bestela esanda, Niña Coyote eta Chico Tornadoren rock pisutsua batean; Don Condor eta Ñora Alacranen cumbia surfa bestean. Azken biak euren «alter egotzat» har daitezkeela diote. De la Fuente: «Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Don Condor eta Ñora Alacran ez dira etsaiak: kuadrillakoak dira», eta barreak ihes. «Musika pixka bat ezberdina egiten dute, baina ondo moldatzen dira: esango nuke rocka gustatzen zaionak cumbiarako belarria daukala, normalean».

Mexikon piztu zitzaien ideia. Hiruzpalau bider egon dira han biran, eta 2016an cumbia ugari entzutea suertatu zitzaien. «Harrapatu egin gintuen, poliki-poliki». De la Fuente: «Txantxa bezala hasi zen dena: noizbait egin behar genukeela guk ere cumbia talde bat. Izena ere hantxe asmatu genuen, hango lagun batekin; barre pila bat egin genuen horretaz pentsatzen auto bidaia batean. Gero, konfinamenduan, berriz hasi ginen cumbia pila bat entzuten, eta azkeneko hilabete hauetan joan gara gauzak probatuz. Guretzat ere sorpresa bat izan da: lanean jarri, halako kantuak sortu eta gustuko izatea».

Diotenez, modu «nahiko paraleloan» joan dira sortuz lan bikoitzaren bi aldeak. «Cumbia diskoan badaude kantuak aurretik rock formatuan egindakoak eta gero cumbiara pasatu ditugunak», azaldu du Soretek. «”Hilobia lantzen”-ez gain». Anestesiaren 1995eko abesti horren bertsio bat ere sartu baitute cumbia diskoan.

Entsegu lokalean ondu dute lehen diskoa; etxean, cumbiakoa. «Bigarrenak instrumentazio asko dauka; gitarrak, baxuak, eskusoinua, erritmoak… eta lokalean entseatzeko ez zen erraza», hasi du Soretek, eta segi De la Fuentek: «Niña Coyote eta Chico Tornadon beti dugu kontua dena guk egin ahal izatearekin, zuzenekoetan bion artean egingarri izateko. Baina hemen horrekin puskatu dugu, eta bakoitzak instrumentu pila bat grabatu ditugu».

“Cumbiarako hurbilketa bat izan da, gure ikuspuntutik. Iluna da oraindik ere, atmosfera sakonekoa, gure rockaren antzekoa”

Deigarria da, ordea, nola lortu duten lehen diskoaren rockaren arrastoa cumbiaren eremura ere luzatzea. Bat datoz. «Cumbiarako hurbilketa bat izan da, gure ikuspuntutik. Iluna da oraindik ere, atmosfera sakonekoa, gure rockaren antzekoa». Rockarena nola, cumbiarena ere «mundu oso zabala» dela diote, eta, batik bat, «cumbia relajada» deritzon ildoari jarraitu diotela zehaztu du Soretek. «Abiadura moteleko cumbia da, stoner ukitua duena». “Sin guaranche” kantua, adibidez, bossa novara hurbiltzen dela ere aipatu du, eta, oro har, «gitarra surferoak» baliatu dituztela. «Dena den, hau dena orain ari gara aztertzen; prozesua nahiko intuitiboa izan da».

«Lehen zail, orain zailago»

Bidelagunak ere izan dituzte proiektuan: Ioritz Apaolazak idatzi du “Sekurokrazia”-ren letra, Harkaitz Canok “Tarantula”-rena, Maialen Lujanbiok “Dantzan”-ena eta Karlos Osinaga Txap-ek abestu du “Eguzkiari itxoiten”-en —harekin grabatu dute lana, Bonberenea estudioetan—. “Dantzan”-en aurrenekoz abestu du, gainera, De la Fuentek. «Ez dut inoiz kantatzeko asmorik izan, baina pixka bat behartu ninduten, eta Maialenen letra bultzada izan da animatzeko». Gazteleraz ere lehen aldiz kantatu dute, dudak duda: «Mexikon pistear esaten diote lagunartean edateari, eta kantua ["Me gusta pistear"] haiei egindako omenaldi txiki bat ere bada».

Gustura dira zuzenekoen zirkuitua berriz piztu dela dirudielako, baina inpresioa dute underground eszena, talde txikiagoei leku egin izan diena, murrizten ote doan. Soret: «Guk jotzen jarraitzen dugu, baina inguruko talde askok idazten digute nola egiten dugun galdezka. Galbahea jarri du pandemiak». Eta berretsi De la Fuentek: «Lehen zaila zen, orain zailagoa».

Niña Coyote eta Chico Tornadorekin hasi dute bira oraingoz; ikusteko dago Don Condor eta Ñora Alacran zuzenean ikusi ahalko diren.

ETIKETAK:AnestesiaHarkaitz CanoIoritz ApaolazaKoldo SoretMaialen LujanbioNiña Coyote eta Chico TornadoUsua de la Fuente