Musika

Senperena, pianoaren soiltasunean bakarka

Hamarkada oparotako ibilbidea duen musikaria da Joserra Senperena (Donostia, 1965). Ricardo Aldarondo kazetariaren hitzetan, «30 urte luze hainbat ontzi kapitanentzat agertokietan lanean daramatzan nomada da bera: Fito y los Fitipaldis, Duncan Dhu eta Bide Ertzean-en teklista leial, La Buena Vidaren moldaketen egile, David Quinzanen ekoizle, edo sortzailekide Rafa Berriorekin». Hamaika proiektutarako musika sortzen ere aritu izan da, antzerkirako zein zinemarako, baina, betiere, sorkuntza propioa bazter utzi gabe. Azken urteetan «instrumentazio handiko proiektuetan» ibili da, besteak beste, Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen pelikularako musika sortzen, eta orkestrarako beste lan bat idazten —«etxean gordeta daukadana, kaxoi batean, estreinatu gabe»—, eta orain instrumentu bakarrera, pianora, eta haren soiltasunera itzuli nahi izan du. Existentzia minorrak izena jarri dio disko berriari, eta piano hutsezko hamasei kanturekin osatu du.

Joserra Senperena

Joserra Senperena “oso-oso bakarrik” dago disko berrian. (Jon Urbe / Foku)

Orotara, hamargarren diskoa du Senperenak, eta piano hutsez egindako hirugarrena. Mandarin Dotore (2003) eta Cuentos para adultos (2011) izan ziren aurrekoak, lan kolektiboak biak: lehenengoan, Rafa Egiguren idazleak eta Jose Luis Zumeta margolariak hartu zuten parte; eta bigarrenean, Harkaitz Cano idazleak eta Dora Salazar artistak. Disko berrian, ordea, bakarrik aritu da: «Piano hutsez egin dut, diskoaren atzetik ez dago diskoetxerik, ez managerrik. Oso-oso bakarrik nago disko honetan».

Iazko urrian ekin zion piezak konposatzeari, eta, sei hilabete inguruko lanaren ondoren, maiatzean grabatu zituen kantuak, Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoan. Hasieran, 25 bat pieza sortu zituen, eta aurreko proiektuetarako idatzitakoetatik beste hamasei bat ere berreskuratu zituen. Multzo horretatik hamasei aukeratu ditu azkenean. «Disko guztiekin esaten dut: saiatzen naiz musika mugarik gabe egiten, aurreiritzirik gabe. Ez ditut kontuan hartzen muga estilistikoak; ez zaizkit batere interesatzen, ez sortzaile gisa, ez entzule gisa». Hala, hamasei kantuak «ipuin bilduma baten» pare ikusten dituela azaldu du, «bakoitza bere unibertsoarekin».

Frantziako filosofo baten saiakera bati zor dio izena diskoak: David Lapoujaderen Les existences moindres-i. Duela bi urte argitaratu zuen liburua Lapoujadek, eta bere disko barruan dagoenarekin oso bat zetorrela iruditu zitzaion Senperenari: «1930eko liburu batetik hartu zuen hasierako ideia. Liburu hartan kontzeptua existentzia birtualak zen, eta berak existentzia minorrak bihurtu zuen. Esaten du existentzia minorrak agerian ez dauden gauzak direla, ezkutuan daudenak, ezagutzen ez ditugunak. Ezagutzen ez ditugunez, potentzialtasun handiagoa daukate, eta agian interesgarriagoak zaizkigu ezagutzen ditugunak baino. Existentzia minortzat hartzen dut disko hau, bere hamasei piezak».

“Ez ditut kontuan hartzen muga estilistikoak; ez zaizkit batere interesatzen, ez sortzaile gisa, ez entzule gisa

Filosofoaren beste esan bat ere bere egin du musikariak: «Artistak arrunta dena alde batera utzi behar duela dio, eta harago dauden gauza ahulen abokatu eta defendatzaile izan behar duela. Gustatu zitzaidan jarrera hori».

Keatonen irudiak zeharka
Diskoko konposizio lanak oso aurreratuta zituela, Euskadiko Filmategiaren deia jaso zuen Senperenak, Buster Keatonen zikloan parte hartzeko, The Navigator (1924) filmaren proiekzioan. Aitortu duenez, ezezaguna zitzaion Keatonen lana, baina Youtuben bere pelikula guztiak ikusten hasi zen, eta «maitemindu» egin zen —1930ean, Keatonek bere filmografia saldu egin zuen, eta eskubide guztiak galdu zituen; horregatik daude sarean ikusgai—. Atseginez onartu zuen Filmategiaren proposamena, eta diskorako idatzitako bospasei pieza baliatu zituen proiekziorako musika sortzeko. Eszenek hala eskatuta, pieza batzuk luzatu egin zituen, eta luzapen horietako batzuk mantendu egin ditu gero grabaketan. Piezei izena jartzerakoan ere izan dute eraginik Keatonen irudiek: etxean kantuak jotzen ari zenean, ezin zituen burutik kendu pelikulako eszenak, eta haiei tiraka jarri die izena kantu askori: “Jostailuzko kanoia”, “Heroitxoarena”, “Itzal antzerkia” eta beste.

Diskoa maiatzaren 18ko goizean grabatu zuen, «oso azkar»: bi ordu pasatxoan guztiak grabatu, eta hurrengo egunean nahasketak eta moldaketak egin zituzten. Hirugarren aldia izan da kanpoan grabatu duena, estudio batean beharrean: Chillida-Lekutik Senperena Ansorena (2004) diskoa Txillida Leku museoan grabatu zuen (Hernani, Gipuzkoa), eta Cuentos para adultos lehengo Tabakalera zaharrean, Donostian. Viktoria Eugenia Club aretora jo du oraingoan, etxetik hurbil duelako, eta, batez ere, etxeko sentitzen duelako: «Gustura jotzeko leku lasai bat nahi nuen, eta hau oso etxekoa zait, kontzertu eta emanaldi asko ikusten ditudalako hor». Bertan izango da, hain justu, oraingoz iragarri duen lehen kontzertua: urtarrilaren 24an, Viktoria Eugenia antzokian.

ETIKETAK:Bide ErtzeanDora SalazarHarkaitz CanoJose Luis ZumetaJoserra SenperenaRafa Egiguren