Musika

badok

2014.09.12

badok

Tania de Sousaren ‘Lemazaina’

Atzo hasi ginen ezagutzen Tania de Sousaren bakarkako lehen diskoaren mamia, “Baso ilunetik” kantuaren bideokliparen bidez. Tania Tank (Talka Records & Films) izenburuko lana osorik entzuteko hilaren 18ra arte itxaron beharko dugu, egun horretan argitaratuko baita diskoa, baina gaur beste kantu bat aurkezten dizuegu badok.info-n: “Lemazaina“.

Tania de Sousa

Tania de Sousa, joan den uztailean, ‘Edozer dugu posible’ jaialdian. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Burujabetzaren aldarrikapen kantua da “Lemazaina“, eta bertan, besteak beste, Maite Arroitajauregi Mursego-ren biolontxeloa entzun dezakegu, sitarra eta haize instrumentuez gain. Fermin Bouzak (gitarra, sintetizadoreak), Maitane Alonsok (baxua) eta Ander del Solek (bateria) lagundu diote Zuloak eta The Dispositives taldeetako kide ohiari diskoa grabatzen, Bonberenea estudioan, Fermin Muguruza eta Karlos Osinagaren gidaritzapean. Diskoan beste kolaboratzaile batzuk ere izan dira, Xabier Solano (Esne Beltza) eta Koldo Soret (Niña Coyote eta Chico Tornado), kasu.

Gaur zortzi, hilaren 19an, diskoa zuzenean aurkeztuko du Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Kasernarat taldearekin batera. Ondoren, jakina da BIME jaialdian parte hartuko duela, urriaren 31n, eta azaroaren 14an Madrilen joko duela Euskadi Suena egitarauaren barruan. Horrez gain, urrian AEBetara joango da, eta besteak beste San Frantzisko hirian joko du. Baina datorren osteguneko aurkezpenera arte itxaron beharko dugu kontzertu data gehiago ezagutzeko.

ETIKETAK:Disko AurrerapenaDurangoko AzokaFermin MuguruzaTalka RecordsTania de Sousa