Instrumentuak eskuan, harmonia ederrean sartu dira Et Incarnatus orkestrako kideak Donostiako Tabakalerako Taba kafetegira. Harmonia dago haien eskuekin sortutako doinuetan, eta harmonia dago haien urratsetan; jo dute sarrerarako prestatutako pieza, eta elkarri lekua eginez hartu dute dagokien lekua. Migel Zeberio batu zaie, Urmugako zuzendari artistikoa. Besoak altxatu ditu, habanera bat jo dute, eta ondoren hasi da aurtengo Urmugaren aurkezpena.
Zeberiok eta Et Incarnatus orkestrako kideek ez ezik, hainbat norbanako eta erakundetako ordezkarik hartu dute parte aurkezpenean. Hala nola Felipe Uriarte Urmugaren ibilbidearen arduradunak, Ana Lopez Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko eta kultura eta sormen industrien zuzendariak, Ainara Lasa BERRIAko marketin saileko koordinatzaileak, Betti Bidart Baigorriko (Nafarroa Beherea) Basaizeako kideak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Urmugako lerroaren antzera, bata bestearen ondoan jarri dira, talde argazkirako.
Uztailaren 11tik 31ra egingo dute aurten Euskal Herria Urmuga lerroan barrena josiko duen zeharkaldia, seigarrenez. Arabako Gorobel mendilerroan hasi, eta Urdatxen (Zuberoa) amaituko da. Eta, tartean, leku hauetatik pasatuko da: Gaztelugatxetik eta Urdaibaitik (Bizkaia), Aiatik eta Berastegitik (Gipuzkoa), eta Uxuetik eta Zangozatik ere (Nafarroa). Hain zuzen, horixe da Urmugaren bereizgarria, Zeberioren ustez: ohiko ekitaldiak iristen ez diren lekuetara iristea lortzen duela. “Apustua egiten dugu sekula horrelako ekitaldi bat antolatzerik izan ez duten hainbat herri txikiren alde; arnasa eta ikusgarritasuna ematen saiatzen gara”.
Aurten, gainera, efemeride bat izango dute hizketagai: mila urte bete dira Ipuskoa hitza testu batean idatziz agertu zenetik. “Aurten hartu dugun bideari zentzua emango dion gauzetako bat zera da, mila urte direla Ipuskoa izena, Gipuzkoa, azaldu zela dokumentu batean. Orain dela mila urte, Iruñeko erreinuaren garaian”. Horri esker, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, eta pozgarritzat jo du hori Zeberiok.
Euskal Herriko mugetatik harago egingo du aurten Urmugak. Adibidez, ekitaldi bat egingo dute San Juan de la Peñako monasterioan (Espainia). Zergatia azaldu du Zeberiok: “Nahiz eta orain soilik Euskal Herria hartu gure komunitatetzat, garai batean Pirinioen iparralde osoan zabaltzen zen —hala diote etorriko diren gure Pirinioetako lagunek—. Eta hura izan zen Iruñeko erreinuko monasterio garrantzitsuenetako bat. Haren mende zegoen Gipuzkoako eta Bizkaiko zati handi bat”. Bailara horretako musikariek eta dantzariek ere hartuko dute parte, eta “ilusioz” daudela esan du, Pirinioetako komunitateko parte sentitzen direlako.
Hain zuzen, ibilbide hori egiteko gogotsu dela adierazi du Felipe Uriartek: “Aurten, 80 urte bizkarrean, ez dut Urmuga osorik egingo. Ez da indar faltagatik, baizik eta gazteak azkarregi joaten direlako, eta ez dut gogorik haien atzetik mingaina aterata ibiltzeko. Baina zatiren bat egingo dut: tartean, Uxue eta San Juan de la Peña artekoa. Han baitago gordeta Ipuskoa hitza jasotzen duen dokumentu hori. Agian ez dugu ikusiko, baina han ondoan egongo da. Iristeko desiratzen nago”.
Musika emanaldiak
Aurten ere, mendia bezain elementu garrantzitsua izango da musika, etapak egiteaz gain, mendi eta larreetan kontzertuak emango baitituzte dozenaka musikarik. Aralarko San Migelen (Nafarroa), Leireko monasterioan (Nafarroa) eta Baigorriko Etxauzia gazteluan izango dira emanaldiak, besteak beste. Guztira, 25 musika emanaldi baino gehiago antolatu dituzte aurten: Maika Etxekoparrek, Eñaut Elorrietak, Aire Ahizpek eta Joseba Irazokik parte hartuko dute, esaterako.
“Urmugan apustua egiten dugu inoiz horrelako zerbait antolatzerik izan ez duten herri txikien alde”
MIGEL ZEBERIO / Urmugako zuzendari artistikoa
Aniztasuna lortzen saiatu direla kontatu du Zeberiok: “Nahasketa bat egiten saiatu gara: gaur egun boladan dauden artistak, Olaia Inziarte eta Janus Lester, adibidez. Garai batean kantuan aritu ziren beste hainbat: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Anje Duhalde… Eta gazteak ere bai: talde gazte pila bat izango dira, ibilbidea hasten ari den jendearen alde egin nahi dugu eta».
Lorea Zulaika abeslariak kantatu du ekitaldiaren amaieran, Et incarnatus orkestrarekin batera. “Batzuen bizitzak zenbat balio/ Garena galtzen badugu, adio”, abestu du. Iragana oroituz eta oraina aintzat hartuz, Urmugan barrena, duela mila urte jaso zen komunitate hura bizirik dagoela nabarmenduko dute uztailean.