2021.04.06
Zea Mays taldea grabazio estudiora itzuli da azken egunetan. Oraingo honetan Tarragonako (Katalunia) La Casamurada aukeratu du kanta berriak Jordi Mora soinu teknikari eta Ricky Falkner ekoizlearekin grabatzeko. Hortaz, aurretik Berri Txarrak, Gatibu, Ken Zazpi edota Niña Coyote eta Chico Tornadok egindako hautu bera egin du Bilboko laukoteak.
Zea Mayseko kideak Jordi Mora (ezkerretik hirugarrena) eta Ricky Falknerrekin (eskuinetik lehenengoa), La Casamurada estudioan.
Taldeak ez du zehaztu grabatu dituen abesti berriak disko baten parte izango diren, baina horrela balitz Zea Maysen hamargarren diskoa osatuko lukete. Azken diskoetan kanpoko ekoizle batekin lan egiteko ohitura hartu du taldeak; hala, Carles Campionekin grabatu zuen Atera (2019), eta Dave M. Allen ingelesarekin Harro (2016) eta Da (2013).