Ondarea

badok

2017.03.15

badok

PI.L.T. (PI.L.T., 1995)

PI  L T  EO-084 CD

Rockak ez du eremurik ezagutzen, eta pixkanaka-pixkanaka gure herrialde txiki honetan ere islatzen dira munduan zehar entzuten diren tendentzia interesgarrienetako batzuk; bakoitzak duen kreatibitate edo nortasuna bertan jarriz, baina entzundakoa islatuz; PI.L.T. bizkaitarrek belarriak adi izan dituzte Faith No More edo Clawfinger taldeen diskoak entzuteko, eta beraien musikan islatzeko. Eta ez dute modu txarrean egin, hau da, PI.L.T.-en nortasuna eman diete abestiei, nahiz eta batzuetan edaten duten iturrietara gehiegi hurbildu eta alkandora zertxobait busti.

Musiko esperimentatuak ditugu Pi.L.T.-arrak, eta horregatik agian, grabatzeko zerbait ezberdina egin nahi zuten; ikastetxe bateko aretora joan ziren denak batera jotzeko aukera izateko eta diskoa ‘zuzenean’ grabatzeko. Badirudi zuzenekoaren freskotasunari eman nahi ziotela garrantziarik handiena, baina emaitza txarra ez izanik, niretzat, planteamendu okerra egin dute; beraiek egiten duten musikak zuzenaren freskotasuna baino gehiago ekoizpenaren indarra behar du, eta hori estudio batean lortzen da, banan-banan grabatuz, klaketari serio jarraituz… Baina azken batean beraiek horrela nahi zuten, beraz… Gainera aipatzekoa da Jose Lastra teknikoaren lana, esan bezala, modu horretan eta horrelako leku batean grabatuta egoteko emaitza ez delako txarra.

Abestietan sartuz “Zero” edo “Inozentzia” abestien riffak Clawfingerrez bustiak daude, baina PI.L.T.-arrak suediarrak baino bariatuagoak dira eta ez dira hain burugogorrak. Teklatu eta bateria erritmo asko Faith No Morez bustiak daude, baina kasu honetan bizkaitarrak dira atzean geratzen direnak argi eta garbi, ahotsaren erabilera ere nahiko grisa gertatzen delako. “Tunelak irentsi arte” Nirvanaren abesti bat izan zitekeen, edo agian Ama Sayrena? Eta “Erraietatik”-en punteoa Morellok (Rage Against The Machine) sartu duela dirudi; behintzat diskoan bakarra da.

Broma ugari sartu dituzte, gehiegi, grabazioko inprobisazio pare bat (bakarrarekin nahikoa) eta “When the tary now” bromaren hiru bertsio (bakarrarekin ere…). 11. abestian bukatu izan balute diskoa 15.eraino iritsi gabe, baina tira… Eta nahiz eta nik amaierarako utzi alde txarrak, diskoa entzun ondoren inpresio ona geratzen zait, nortasunarena alegia.

Testua: Jon Martija (Argia astekaria, 1996-10-27)

ETIKETAK:Ama SayArgiaDisko KritikakDiskoakHemerotekaJon MartijaPi.L.T.