BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2018.01.02

Juan Gorostidi

Otoitzak, ereserkiak, maitasuna: ‘Bas(h)oan’ entzunez

DISKOA – MUSIKA – BASHO
Denok dakigu diskoak galdu duela orain hamarkada gutxi batzuk zuen zentzu komertziala. Dena aldatu al du horrek? Ez. Diskoa ez da musikari batek bere lana aurkezteko egin beharreko marketin tresna hutsa —balorazio horrekin funtzio komertzialaren esparruan jarraitzen dugu—. Disko batek aukera eman dezake hainbat musikari elkartu eta egitasmo berri bat gauzatzeko. Diskoa ez da helburua, gauzatze horretan emandako urratsetako bat baizik. Hipotesi honek musika egiteko modu bat du atzean, hasi baino lehen “produktu komertzialaren” irizpide nagusia bazterrean utzi duena: egitasmoa nagusitzen da, eta musikariek lantzen duten heinean iraungo du bizirik. Diskoa horren aztarna posible bat litzateke, argazki bat bidaia baten arrastoa den bezala, inondik ere ez bidaia.

Esandakoa, esan beharrik ez dagoen zerbait da musikari gehienen ibilbidean, ez ordea musikaren industria deitzen den horretan. Eta distortsio handia sor lezake alde horrek, industriak mugitzen baititu ahotsak, marketin adituak, medioen eta festibalen programazioa eta horren inguruko kanpaina nahasgarriak. Horrek guztiak musikarien bizi baldintzekin du zerikusirik, baina ezer gutxi musikarekin berarekin.

B.Achiary_J.Irazoki_J.Achiary_ARG_Ramon M Zabalegi_01

Julen Axiari, Beñat Axiari eta Joseba Irazoki. (Ramon Zabalegi)

Bas(h)oan egitasmorako elkartu diren musikariek aurrekoa garbi dutela iruditzen zait, eta aurkeztuak izan dira dagoeneko: “Noraino hel daiteke Beñat Axiariren ahotsa? [...] Noraino Joseba Irazokik gitarra bati atera diezaiokeen soinu ugaritasuna? [...] Noraino Julen Axiariren perkusio batzuetan tribal erritmiko indartsu eta besteetan zoro esperimental jazzera emana? Noraino haren ahots ñabarduraz eta erregistro anitzez betea?”. Galdera erretoriko hauekin abiatzen ziren Gorka Erostarbek lehen zuzenekoari eskaini zion kronikaren aurreneko hiru paragrafoak. Orain arte esandakoarekin badute galderok zerikusirik, halere. Oraino harritu egiten baikaitu musikari batzuek elkar entzuten eta bestearen dohain onenak goratuko dituen ekinean jarduten ikusten ditugunean. Hiru musikariok zuzeneko artistak dira; medium bilakatzen dira jendaurrean, eraldaketa bortitz baten menpe. Artistaren funtzioa hori dela uste dugunok ere txundituta geratzen gara une batez denbora arruntetik at eramanak sentitzen garenean, komunio harrigarri baten kide. Baina beste asko ikaratu egiten dira halako fenomeno sakroen intimitatean —eta ez hainbeste, agian, zenbait giza olde erraldoitan nolabaiteko fusio-bizipena gauzatzen zaienean—.

Hiru musikariok eskaini digutena kantuaren eta musikaren betebeharrari dagokio, baina sor dezaketen unean uneko hunkiduraz haratago —musikak, egun, zarata-girotik duen horretatik libratzerik bagenu— gutxi batzuentzat egiten den errebelamendu moduko bat dugu. Oraingo honetan, beste inoren sorkuntzetan bermatzeko premia sentitu dute: haraindiko paisaia artistiko berezia ikuskatzerik eta eskaintzerik izan zuen orain mende erdiko aparteko musikari batengana jo dute, Robbie Bashorengana. Eta harenak zukeen bitxitasunetik eta aire exotikotik libratzeko, eguneratu egin dute sonoritatea, eta baita euskara erabili ere —ingelesarekin lehen aldiz modu honetan nahasiz— Itxaro Bordak hitz guztiei eman dien jite hurbilaz eta bateratuaz baliatuz. Operazioa arrisku handikoa da, erraldoi baten arrimuan saiatzeak norberaren urritasunak agerian utz bailezake, eta, omenaldiaren aitzakiarekin, agermena zena arrunkeria bilakatu.

Alde batetik, Robbie Basho estatubatuarra oso urruti gelditzen da gure erreferentzia musikaletatik, geografikotik eta historikotik —existitu zenik ere inor gutxik daki—. Zerbait entzun dugu 60ko eta 70eko hamarkadetan gazte batzuek “Mundu Berri” batez erditzeko egin zituzten ahaleginez, baina, orain aitona-amonen adinean gaudenon zapore mikatzeko plateren oroitzapenetara garamatza gehienetan sasoi haietaz aritzeak, edota, beste giro eta esparruetara begira jartzen garenean, aberaskume batzuen —Amerika eta Europa iparraldekoen— amets xaloetara, non Indiarako bidaiak eta Ameriketako indio natiboen erritoak intsentsuz eta barne-bidaia narkotiko susmagarriez lurruntzen ziren. Konnotazio horietatik eta musikari eta kantari handi baten itzalean, bada, nola sortu gaurkotasun osoa dukeen lan berri bat euskal esparruan?

Aipatu ditut ahaleginaren bi ildo bateratzaileak: Bashoren lana eta Bordaren hitzak. Baina lanaren aurrekoak edo kanpoaldekoak lirateke horiek, nolabait esatearren. Barrukoek Axiaritarrengan eta Irazokirengan dute oinarria eta funtsa. Kanpo- eta barru-oinarri horietan sostengatuz, hiru giza adierazpide nagusi garatu dituzte lan honetan: ereserkiak, otoitzak eta exaltaziozko maitasun aitortzak.

KANTUZ KANTU
Hiru zatitan dago formalki antolatuta diskoa: hiru kantu eta interludio bat lehenean; gero, lau kantu eta bigarren interludioa, eta, bukatzeko, beste hiru kantu. Antolaketa hori ez da kontu formal soila, zati bakoitzean eskaintzen baita osotasun bat. Era berean, paisaia ezberdinak zabaltzen zaizkigu zati bakoitzean, baina disko osoaren batasuna galdu gabe. Lehen zatiko hiru kantuak nolabait sailkatu behar banitu, esango nuke lehena maitasunari eskainiriko aurkezpen delikatua dela, ereserkia dela bigarrena, eta otoitza hirugarrena. Eta sailkapen mota horrekin jarraitzeko aukera dugu disko osoan zehar: bi otoitz bigarren zatian eta maitasun eta ereserki bana; bi maitasun kantu eta ereserkia, amaitzeko.

Robbie Basho joan den mendeko 60ko eta 80ko hamarkaden artean nabarmendu zen gitarrista eta kantari estatubatuarra izan zen. Gitarra amerikarraren ikertzaile eta garatzaile birtuosoa —kontzertu klasikoetarako instrumentu bihurtu nahi zuen— eta kantari aparta —lirikoa batez ere, baina bere herrialdeko sustrai natiboak eta beltzak arakatu eta garatu zituen—, ahots bakanekoa eta inprobisatzailea. Gitarrista eta kantari gisa, Joseba Irazokik miresten duela esan beharrik ez dago, baina munduko bazter eta denbora honetatik egin nahi izan dion omenaldirako “berraragiztatze” operazio bat behar zuen, behar zuten gure hiru musikariok. Basho hirukoiztu egin da, beraz, Beñaten, Josebaren eta Julenen gorputzak hartuz; hiru belaunaldiko musikari —berrogei urteko aldea haien artean—, esperientzia musikalera hurbiltzeko hiru modu propiodunak.

Bashoan azala

Gorputz edo batasun horretatik haratago, lana oso irekia dela esan genezake; kantu bakoitzean leihoak etengabe zabaltzen ditu. “Omaha tribal prayer”, “Omaha berri” eta “Wounded knee oihua” deiturikoak ditut “ereserkitzat”: aldarri ozen bat, gorputzak taldean eta dantzan jartzeko ahalegina. Lehena Bashoren 1972ko The Voice of the Eagle diskotik hartua da. Omahak sioux taldeko natiboak dira, eta kantuak erabiltzen dituen lehen hitzak (“Wakantanka, Wakantanka dé Doo Aton-Hé”) haien hizkuntzetatik hartuak dira, Ama Lurrari eta Izpirituari zuzendurikoak, gerora boy scouts bezalako taldeen sutondoetan sarri kantatuak eta dantzatuak izan direnak. Gure hirukoaren bertsioa Bashorenarekin alderatzea aski litzateke antzemateko haien asmoak zertan gauzatu diren: perkusioak jartzen du oinarri sendoa, eta gitarrek betetzen dute halako kantu batek beharko lukeen orkestrazio lana. Aski da une batez gitarrak itzali eta tinbalen gaineko hiru ahotsak entzutea hauek disko osoan izango duten zentzuaz eta indarraz jabetzeko. Beñat ezagutzen dugunok badakigu bere-berezko lurraldean barneratzen dela “dantza tribala” aipatzen dugunean. Bakarrik dabilenean oinarri hori aukeratzen baitu bere kantu indartsuenentzat: bere eskuz egindako danborra eta harriaren kontra jotzen dituen kanaberak. Gure kantarien artean hamarretik bederatzik konposiziorako eta interpretaziorako hautatzen duten gitarra eta pianoa alboratuz, kontrakarrean, Beñaten kantu eta kantaera “salbaia” da, eta propio aldarrikatzen du –basa eta salbaia hitzak, behin eta berriz agertzen dira bere kantutegian–. Iparrameriketako natiboekin duen lotura haren ibilbide osoan antzeman liteke. 1991ko Lili purprea diskoko “Indien” piezan kasu, Navajo tribuaren two steps herrikoi baten inguruko ia zortzi minutuko inprobisazio gogoangarria.

Hiru ahots aipatu ditut, eta horri dagokio lan honen bereizgarririk nabarmengarrienetako bat: Beñatenak hartzen du erdigunea, baina besteak sartzen direnean ez dute ohiko konpartsak edo apaingarriak izateko egiten. Gure belarriak ohituegiak daude abesbatzen harmonia klasikoetara —hiru tonuko bitarte gozoak, eta abar—. Ez joan hara horren bila: hiru bakarlari ditugu, eta bakoitzak bereari jarraitzen dio, ez tesituran soilik, baita melodia ulertzeko eran ere; eta hori, jazz maisuek lez, ondokoa tenkatuz. Diskoan antzematen dena, nabarmenago geratzen da oraindik zuzenekoetan.

Beste bi ereserkiek ere, aurrekoaren izpirituari jarraituz, dantzara bultzatzen gaituzte, eta ahotsen, gitarren eta perkusioen indarrez daude eramanak. “Omaha berri”, zaldi gaineko kabalkadetan oinarrituriko erritmo ohikoa dugu —bikoitza oinarrian, baina hirukoitza bere barruan, Hego Ameriketako milongen kasuan gertatu bezala—, kolpe bakoitzean azpimarratu nahi dituen hitz-ideiak aldarrika: Aldaketa (“aldatu ditzagun gogoa, aditza, bidea, bihotza”), Bakea, Damua, Barkamena, Adiskidetasuna… irrintzi batean lehertu arte. “Wounden knee oihua”, berriz, diskoa ixteko aukeratua izan da, azken aldarrikapen baikor eta borobil baten moduan: “Mendetan hautsi gaituzte, lehertu eta errautsi” baina eusten diogu “Iraupena bihotzean, lehen goizeraino”. Bashoren “Wounded Knee Soliloquy” kantuaren izenburuari eta izpirituari eutsi diote, baina bakarrizketa aldarrikapen bilakatuz. Hiru ahotsak beste behin, eta errekastoaren ur-soinu goxoa amaieran.

“Otoitzak” ere hiru dira, Bashorengandik hartu eta bere horretan birsortuak ala guztiz beste esparru batera eramanak: “Orphan’s lament”, “Salangadou” eta “Isabatik Mauleraino”, azken hau Bordaren bertsoetan Axiariren konposizio berria. “Orphan’s lament” da disko osoan kantuaren egiturari hobekien atxikitzen zaion piezetako bat. Leloaren inguruan egituratua eta crescendo instrumentalak bidaia gozoan eramana: “My face was brown and my hair was long. / Cut my hair, hushed my song. / Will you wait, will you wait for me” (“Aurpegi beltza eta ile luzea / ilea moztu eta kantua isildu zidaten / Itxoingo al didazu?”). Garrasiari uko egiten ez dion erregu apala.

“Salangadou” kasu berezia da, eta berezia ere gure musikariek eman dioten tratamendua. Ereserki kreoleari Bashok egin zion bertsioak ezagunagoa bilakatu zuen: haurra galdu duen ama larritu baten auhena. Bordak gehitu dizkion koplek auhen hori (“Ttipi Ttipi, zu, ihintz lorea…”) askatzeko balio dute, are gehiago xamurtasun larria fandango alai batez kantatua denean: “Ñiñako bubak darama. / Bruma ederren atean./ Itzuliren baita ama / egun euritsu batean”.

Eta hiru kantuz osaturiko diskoaren lehen zatia burutzeko “Isabatik Mauleraino” pieza dugu: XX. mende hasieran, Isabako emakumeak, arreoa osatzeko edo behar zituzten sosen bila, udazkenero, enaren bidea kontrara eginez, Mauleko espartinen fabriketara joaten ziren, eta oinez egin behar izaten zuten bidea gogoratuz osaturiko pieza hunkigarria dugu hau. Azpimarragarria da zein elegiazko giroa lortu den kantu honetan. Beñatek, nafar jotaren airez, hain berea duen kantaera ozenez —mendian edo plazaren erdian kantatzen zen era ia galduan—, Irazokiren gitarra arkuz igurtziaz eta txistuari ateratzen dion notez nola goratzen duten giro hori. Perkusioaren moldeek garai bateko “rock sinfonikoa” deituriko hura gogorazten didate hemen.

Norbait harrituko du hiru kantuok “otoitza” moduan kalifikatu izanak, baina halako kutsua hartzen diet, sailkatzeko joerari nolabait jarraitu beharrez: ozen zuzenduak dira beste norbaiti, beste horrek “otoitzean” ari dena salbatzeko ahala balu bezala —hori bera gertatzen da “Omaha tribal prayer” “ereserkian” ere, izenetik hasita, baina otoitzek badute barrura zuzentzen den zerbaiten jitea edo…

“Maitasun kantuak” deskribatzerakoan, zalantza gehiago pizten zaizkit. Ez al dira aurreko guztiak, bada, maitasun kantuak? Arbitrarioa da, beraz, sailkatze hau, baina bada exaltazio berezi bat orain arte komentatu gabekoen artean: diskoa zabaltzen duen “Wine song”-etik hasi, eta azken aurreko “Ba-nin adixkide bat”, Jon Miranderen poemarekin Beñatek aspaldian egin zuen kantu horretara arte. Tartean, “Blue crystal fire” eta Zuberoako “Maitiak bilhua holli” daude. Distantzia handiko erreferenteak, beraz; hegaldatze handiak. “Wine song” da diskoaren lehen kantua, laztan bat bezala sartzen zaiguna –Mikel Azpirozen organo akordez lagunduta, Beñaten bertsiorik lirikoena–. Ondorengo perkusio- eta gitarra-fraseek ez diote enbarazurik egiten lirikotasun horri. Aitzitik, ondorengo sonoritatearen iragarpen modura funtzionatzen dute, berehala etorriko denaren indarra eta eztia batuz: “Come in, I hear a Voice from inside / drink- wine; Love- divine:/ be blind; to yourself-” (“Ahaztu behingoz zeure buruaz, eta zatoz, barru-barrutik entzuten dudan ahotsari jarraiki” modu librean esanda). “Blue crystal fire” da, ziurrenik, Josebak eta Beñatek elkarrekin jendaurrean gehien kantatu duten pieza. Hainbat bertsio indartsu dago sarean zuzeneko hauekin, baina diskokoa da agian delikatuena. Duen erritmo dantzagarria baliatuz barruraino sartzen den kantu horietako bat da; hitz goxoenak gorputzaren kulunkan eramateko modukoak dituena: “Wrap your blanket around me, my love […] Wash my tears away mi love […] Sweet smiling moonbeams: be my rhapsody, be my rhap-so-deep” (“Bildu zure tapakia nire inguruan, maitea; xurgatu nire malkoak, izan nire hondoko rapsoda, maite-maitea…”).

Aipamen berezia merezi dute, azkenik, diskoaren hirugarren partean ageri diren “Maitiak nilhua holli”-k eta “Ba-nin adixkide bat”-ek. Junes Chübürüri eskainia da lehena, Beñatek berarengandik jasoa, nolabait; maisu zuberotarraren aitorpen gisa hor ipinia, ziurrenik. 1988ko Arranoa diskoan sartu zuen bertsioarekin alderatuz –a capella kantatzen zuen han–, haren ahotsak irabazi duen kromatismoa eta aberastasun melodikoa aipatu behar. Oraingoan, gainera, Josebaren gitarra dobroak eta Julenen perkusio metalikoen kontrapuntu finek kantuak berezko duen xarma handitzea lortzen dute. “Ba-nin adixkide bat” 1991ko Lili purprea-ko bertsioan ezagutzen genuen. Ordukoan Dominique Regefen erdi aroko rabelak osatzen zuen giroa. Oraingoan, hiru musikarien arteko elkarrizketa guztiz iradokitzaileak handitzen du kantua. Poemaren hiru estrofak intentsitatean gora doan aldarri dira, misterioz beteriko oroitzapena zauri ireki bat odoletan: “Bala bat horra zeikü: / ene ala hire? / laguna du ebaki / zertako enai hunki / harekin ni ere!”. Esan behar da Miranderen hitzetan aurkitu duela Beñatek bere kantuak konposatzeko oinarri sendoenetakoa, eta horren erakusle da honakoa. Diskoan zehar interpretatzen diren Bashoren melodiak errazago sartzen dira, dudarik ez, baina zortziko alaienaren amaierako aldarriaren aurretik, bi kantuon sakonerak gure paisaia minenen lekuko bihurtzen dira.

Aipatu dut hasieran zer funtzio betetzen duten gitarra-solo laburrek diskoaren egituran. Inpresioa dut Irazokik nahi izan duela azpimarratu Gitarra onomatopeikoa bezalako lanean garatzen ari den ikerketa, eta erakutsi, bidenabar, norainoko helmena izan dezakeen lan horrek Axiaritarrekin aurrera daraman uztarketan.

Beste behin esanez, hiru musikariok zuzenekoak dira lehenik eta behin, eta disko honetarako piztu den elkarlanak izango du ondoriorik. Haien lehen zuzeneko kontzertuan, Donostian, izan ziren jada aldaketak: “Basoan I” interludioak beste dimentsio bat hartu zuen Julenen kantu turkiarrarekin, eta “Wounden knee oihua” pieza, diskoari eta kontzertuari amaiera eman ziona, kantu pigmeo batez borobildua izan zen.

1989TIK 2017RA, POSDATA MODUAN
Beñat Axiarik Elkar diskoetxean grabaturiko disko honek badu aurrekari bat haren diskografian: 1989ko Ene kantu ferde ta urdinak. Disko hori berezia da niretzat, haren bitartez izan nuelako Beñaten berri. Ia hogeita hamar urteko bitarte honetan, hamaika dira grabaturiko proiektuak: 33 disko guztira, BADOKeko zerrendan ageri direnak –beste horrenbeste edo gehiago izango dira grabatu gabekoak–. Horietatik, beste bi baino ez dira Hegoaldean grabatuak, eta biak autoekoizpenak kontsidera genitzake, 2000. urtean Jazzlek argitaratuak. 1989ko disko hura deskatalogatua geratu zen biniloak CD formatura pasatu zirenean (Silex frantziarrak berrargitaratu zuen 1991n formatu berrian).

Berrogei urteko nazioarteko ibilbide profesional oparoa izan duen gure kantari esanguratsuena desagerturik egon da Hegoaldeko diskografian, eta baita plazetan ere (2013a arte ez zen Donostiako jazzaldira gonbidatua izan eta oso baldintza kaskarretan kantatu behar izan zuen). Bere izena ez da ageri 2012an Etxepare Institutuak argitaratutako liburuxkan. Lau kantari idatzi nuenean, hori izan zen gehien entzun behar izan nuen galdera: “Eta Achiary hori, nor da?”. 1989ko disko hartan bere estiloa finkatua duen kantari bat ageri zaigu, heldutasunean. Orduko musikari lagunak hauexek ziren: Philippe Deschepper (gitarra elektrikoa), Xabier Legasa (kontrabaxua, ahotsa), Michel Doneda (saxofoi sopranoa, pianoa), Frederic Gaillardet (akordeoia) eta Beñat Amorena (bateria), eta a capella kantatzen ez duenean (“Maitia non zira” eta “Ürzo bat jin izan da”) biko edo hiruko formatuan ageri da beti. Gauza bera gertatu da haren grabazio gehienetan, oso kide ezberdinekin. Zioa agerikoa da: Beñat ez da “kantaria”, popak eta rockak ohikoa duten ereduan; kantuz ari denean, ahotsa –gorputz osoa– instrumentu bizi bat da, bere baitako esplorazio etengabean. Haren musika- kideek ezin dute apaingarri funtzioa bete, harekin etengabeko elkarrizketan aritzea dute baldintza, maila berean, bakoitza bere sor-lekutik. “Achiary mozkortu egiten da kantuan” arrapostu zidan behin euskal kantarien kontzertuen promotore lanetan gehientsuen ibiltzen den batek, laidorik gogorrena aurpegiratzen ziolakoan…

Xaloegia nintzateke pentsatuko banu kontu hauen arrazoiak estetikoak edo artistikoak direla soilik; gustu kontuz ariko bagina bezala. Ez, “Herri Baten” kultura ulertzeko modua dago tartean, eta modu horrek zentzu patrimoniala nagusi duenez, jeloskor jotzen du kontzepzio horietatik at dabilen ororen kontra: beti negoziatu liteke “kuota bat”, ondarearen zati bat… baina eskema horietan sartu nahi ez duenarentzat, egurra.

Gauzak aldatzen ari direla pentsatu nahiko nuke, eta Bas(h)oan egitasmoa horren adierazle txiki bat izan liteke. Bertan parte hartu duten musikari gazteek ez dituzte gure hamarkada gogorrenak —sektarioenak, zikiratzaileenak— ezagutu, eta euskal kantari-musikarien hirugarren baga (60ko eta 80ko hamarkadakoak izan ziren bi aurrekoak), mende berriarekin bere heldutasuna erakusten ari dena, beste irizpide batzuekin mugitzen da.

ETIKETAK:Beñat AxiariElkarItxaro BordaJoseba IrazokiJulen AxiariMikel AzpirozRobbie Basho