BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2015.03.03

Juan Gorostidi

Beñat Axiariren 2015eko uzta diskografikoa

Ohituegi gaude kantari edo musikari baten ibilbidea haren produkzio diskografiakoari lotzera, baina hori XX. mendeak ekarri duen ustez onurazko industria fonografikoaren irrupzioaren ondorioetako bat baino ez da.

Grabaketa eta zabaltze teknikek baldintzatu dute XX. mendeko musika eta, oroz gain, musika herrikoia kontsideratzen dena –popa, rocka, etabar–. Baina ez da hori gertatzen hainbat musikarirengan, batez ere “izar” bilakatzen ez diren horiengan, edo musika zuzeneko “sormen ekintza” gisa ulertzen dutenengan. Horien artean kokatu behar dira estilo anitzeko musikari garaikide asko, besteak beste, inprobisatzaileak eta jazz estilo guztietakoak. Bistako kontua da: musikari gehienen egunerokoa ez dago diskografiari lotuta, musika egiteari baizik. Industria diskografiakoaren gainbeheraren edo haren etengabeko aldaketaren kontuak musikaren kontsumoaren inguruko zirimoletan zeharreko aldagarrietako batzuk baino ez dira, inondik ez funtsezkoenak musikari eta musikariei dagokienean.

axiari

Beñat Axiari (Donapaleu, 1947).

Beñat Axiari dugu industria fonografikoaren menera ez dabilen musikari horietako bat. Haren berri dugunean, oso gutxitan izango da disko baten harira. Aurten, Gerezien denbora pastoralaren errejent gisa azaldu da medioetan, eta bestetan urteroko Errobiko festibala eta Martxoko Etiopikoak tarteko. Hainbat talde eta egitasmotan hartzen du parte musikari gisa eta, urteak aurrera, horietako lan batek edo bestek izaten du isla grabazioren batean. 35 urteko haren diskografia osatzen duten 40tik gora grabazioak (aparte beste horrenbesteko kolaborazio) haren emaitzaren isla dira, baina modu partzialean. Ez du diskoetxe finkorik (Europa osoko 20tik gora zigilurekin argitaratuak izan dira haren lanak), eta, harrigarria badirudi ere, ezagutza eskasa dago gurean haren lanaren inguruan. Halere, urte oparoa izango da 2015a haren diskoak dastatzen ditugunon artean, bi baitaude jada kalean, eta beste bi grabatuak eta prest, berehala argitaratuak izango direnak (Axiariren diskografia osoaren begirada orokor bat Sabeliztun blogean).

Baigorriko ZTK diskoetxeak argitaratu berri duen Ezkia haizean kantari komentatu dut dagoeneko, eta zein girotan sortu zen antzemateko, bada emankizunaren grabaketa bat ere sarean:

Bestelakoa da Naoned (Nantes) inguruko Quark Records zigiluak argitaratu berri duen Earthy Bird lana. Axiarik (ahotsa eta perkusioa) laukotea osatzen du Sebastien Costes-ekin (saxo sopranoa), Julien Desprez-ekin (gitarra elektrikoa) eta Edward Perraud-ekin (bateria eta perkusioa).

Earthly-bird-E.perraud

Sebastien Coste, Edward Perraud, Julien Desprez eta Beñat Axiari, Earthy Bird laukotea. (E. Perraud)

Bi taldetan bana ditzakegu diskoan eskaintzen dizkiguten piezak: Costes-en konposizioak alde batetik (“Poule 1″ eta “Poule 2″, “Kiwi” eta “Dodo”), eta hainbat bertsio bestetik.

Lau konpasetan kabitzen den oinarri melodikoa hartuta, bariazio kromatiko eta harmonikoak lantzen dira lehenengoetan. Zein neurritan Beñaten ahotsa beste instrumentu bat den –saxoarekin bat eginda edo harekin kontrapuntuan batez ere– eta zergatik saxoa bera izan den, gitarra elektrikoarekin batera, XX. mendeko instrumenturik garatuena, hori ondo antzeman liteke lau pieza horietako edozein entzuterakoan. Hala ere, bat komentatzeagatik, iraupen luzeena duen “Dodo” piezarena egingo dut: bera dago zuzeneko jazz emanaldietan egiten diren egituratik hurbilen. Ia hiru minutuko hasiera samur batekin abiatzen da, eta, aire magrebtarra duen lelo azkar eta hipnotikora igaroz, segidan bateriaren soloari egiten dio lekua, eta lelora itzuli ondoren, gitarra indartsuarekin lehertzen da. “Poule 1″ (diskoan bigarrena) eta “Poule 2″ (diskoan hamargarrena eta azkena) piezak konparatzeak ere asko esaten du taldearen gaitasunari eta bat-egiteari buruz: lehenengoan, ahotsa eta saxoaren jokoak gailentzen dira; bigarrenean, berriz, himno sakon eta koral baten giroa lortzen da, oinarri melodiko eta erritmiko berdinak baliatuz.

Bertsioen atalean, Tom Waits-en “Dead and Lovely” kantuarekin abiatzen da diskoa, haren 2004ko Real Gone-etik hartua. Waitsek hain berea duen giro hits eta gozo-garratza eskaintzen badigu, Beñatek eta bere taldeak kolpatu egiten gaitu hasieratik, melodiak eta erritmoak eduki dezaketen potentzial osoa erakutsiz, Waitsen zera galdu gabe. Ezin ahantzi hemen Axiarik hain maite duen XX. mende osoko AEBetako kantari beltzek eraiki eta bultzaturiko tradizioa: Billie Holiday garaikoak abiapuntu (bere “Strange Fruit” harrigarria zuzenean entzuna diogu), Elaine Brown-en “The Meeting” edo James Shelton-en “Lilac wine” enblematikoen 2007ko Avril-en grabatutakoak adibide.

Bertsioekin jarraituz, Axiarik beste hirutan grabatu duen John Lewis-en “Django” klasikoa dago: lehenik 1989an erregistratu zuen Ulrich Gumpert-ekin eta David Holmes-ekin Kantuz diskoan; bigarrenik 1991ko Lili Purprea-n (Pedro Solerren gitarra flamenkoa eta Bernard Lubaten sintetizadorea lagun) eta 2007ko Avril-en, Philippe de Ezkurrarekin eta Ramon Lopezekin. Esan gabe doa pieza horretara itzultzea bere kutunenetakora etortzea dela. Komentatzen ari garen diskokoa da agian delikatuena, lirikoena, eta diskoaren erdian kokaturik, halako pausa bat ematen dio albumari.

Hirugarrenik, beste bitan grabatua duen –1994an eta 2004an– Garcia Lorcaren Lorik gabeko hiria-ren bertsio frantsesa dago (“Nuit sans sommeil”). Andaluziarraren Poeta New Yorken du agian poesia libururik kutunena Beñatek, eta inpresionismo literarioa bere kantaeran barneratzeko biderik egokienetakoa.

Azkenik, Monk-en “Round midnight” klasikoa dago (“Django”-n lorturiko giro intimista eta sublimea berretsiz), eta Tom Cora-ren “Saint dog” garaikidea, saxoaren soloan. Bernard Manciet poeta gaskoiaren oda errezitatu batez –gitarra erremindu bezain indartsu batez lagundurik– osatzen da lana.

Maila horretako grabazioek agerian uzten dute badela etengabeko eboluzio bat musikari hauek partaide diren tradizioaren barnean —hemen bertan komentatu dugun Bengalifere beste adibidea izan liteke—, eta beren musikarako erabiltzen dituzten instrumentuak haziz eta aldatuz doazela, Achiaryren ahotsa eta gaitasun interpretatiboarekin batera, haien akuilu bilakatuz.

Amaitzeko, berri bat: dagoeneko grabaturik dauden beste bi disko argitaratzear dira: Avril-en jarraipena izango dena (Achiary, Ezkurra, Lopez), eta Oihana auhenka egitasmoan parte hartu zuen José Le Piez eskultore-musikariarekin ondutakoa. Uzta oparoa, inondik ere, gure ahotsik sakon eta aberatsenarena.

ETIKETAK:Beñat Axiari