BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2014.07.29

Juan Gorostidi

Doaiak egia zorrotz

Europa osoak ospatzen du aurten 1914–1918 Gerra Handia-ren urteurren borobila, 30 Urteko Mundu Gerra-ren abiapuntu izan zena eta iragan mendea erabat markatu zuena —mende laburra, 1914ean hasi eta 1989an Berlingo Hormaren jauspenarekin amaitua.

Ipar-Ekialdeko euskal herri edo hiri guztietan errepikatzen den oroitarriak zerbait adierazten du: Morts pour la patrie ageri da denetan, eta gerra hartan eroritakoen herri bakoitzeko izen zerrenda luzeak. Zeremonia, erakustaldi, argitalpen eta ospakizun andana artean, izan da gurean ere nabarmendu beharreko emanaldia: Ozaze Jaurgainian baino, Ozazeko erreka bazterreko soro batean eraikitako guda-antzezlekuan gauzaturiko Barbau Hamalau, alegia. Xiberoan ohi denez, ez ginen hara jendetza bertaratu, bai baina adin guztietako eta gogo anitzekoak, uztailaren hondarreko bi gautan.

Lubakiak txikia1. Hip-Hop dantzariak BARBAU AMALAU. Ozaze, uztaila 2014. Eliane Heguiaphal

‘Barbau Hamalau’ ikuskizuna, Ozazen. (Eliane Heguiaphal)

Iragarkiak zioenez, ez zen hura pastorala izanen, ezta maskarada ere, edo ohiko antzerkia. Hauetatik guztietatik izanen zuen, zerbait berriaren xerkan; ideien, hitzen, musika sorkuntzaren eta partaideen topaketak eragindako bilakaera autonomoaren ondorioa izanen zen emaitza, eta hala suertatu zen: borobila.

http://www.kanaldude.tv/Barbau-hamalau-ikusgarria-Xiberoan_v3033.html

Emankizunak izan zuen asko antzerki klasikotik (Greziako tragedien korutik eta Xiberoko pastoralen eta maskaraden maneretatik) non kantuak eta musikak leku zentrala duten, baina baita antzerki garaikidetik ere. Are gehiago, bere egiturak forma klasikoak eta garaikideak elkarren aurrean ipini eta haien arteko harreman tenkatu eta aberatsa erdiesten dute. Narratzaileak bi dira (edo hiru): batetik, kantuz diharduen koru tragikoa; bestetik, bufoi argia (Dominika Rekaltek, testuaren egileak berak maisuki antzeztua).

Dominika Rekalt, narratzailea BARBAU AMALAUn. Ozaze, uztaila 2014. Eliane Heguiaphal  (6

Dominika Rekalt narratzailea. (Eliane Heguiaphal)

Halere, bada ikuskizunaren une goren bat, gerraren errealitate gordina erakustekoa eta harrigarriki su indartsuen bidez giroturikoa. Une batzuetan beldurgarriak ere egiten ziren egiazko su eztanden artean, beste ahots bat behar zen, eta hori, hirugarren narratzaile emazteak ipini zuen Lübakiak izeneko pasarte ikaragarrian:

Lübakietan sartü beno lehen, kapitain batek erran deikü, lüza gabe denak etxen ginatekeela, bizirik eta osagarri honean. Eta hil bakant zonbait balin baziren, ez zütüala bala batek ehoko, baizik eta xahütarzün eskasak. Toaleta egin behar günüala, bizarra arraheinki moztü, orraztatü. Gerlatik ez günüala deusere arriskatzekorik, ez güntüala egotxiko. Lazükeria eta zinkinkeria zirela gure etsairik handienak, horier bürü eginez geroz, ez günüala deusere arriskatzen, gerlak ez güntüala egoxten ahal, egiten dügüna jüstoa delakoz, Jinkoa gure alde delakoz…
Zorriak gütan dütügü eta arratuek gainea hartü deiküe. Anhoak llifratzen deizküe, larrüzko hede eta hoinetakoak ahamenka eramaiten.
Küska bat egin bezain laster, haien usukiek iratzarrazten gütüe…
Axolbetzen gütüen lübakiak ürrintzütürik dira.
Gure beharrak heben eginez, pixa eta kaka senditzen da alde güzietan.
Haier gehitzen badira, izerdi, goitierrendakin, eta hilen kiñoa, greützekoa bada…

Urdintegi txikia. BARBAU AMALAU. Ozaze, uztaila 2014. Eliane Heguiaphal

Urdintegi izeneko alegiazko aberriaren beti salbatzaileak. (Eliane Heguiaphal)

Bada, beraz, halako bikoiztasun bat narrazioan, baita obraren gainontzeko ildo nagusietan ere. Aipatu narratzaileez gain, bi multzo ageri ziren nagusi: batetik, politikariak –hautagaiak lehenik, gerra bultzatzaileak gero, haren hondamena beren probetxurako ustiatuko zuten super urdinak, finean–, beren nazioaren, Urdintegi izeneko alegiazko aberriaren beti salbatzaileak. Bestetik, Malatiarrak, herri-artaldea, super urdinak goratu eta urkamendira ere gozatuz joango direnak; gerraren ondorioak larrutik pagatu eta –beti beranduegi– auhendatuko direnak. Bikoiztasunek multzo horien guztien tentsioak eta kontraesanak nabarmentzen dituzte obran zehar, gainontzeko baliabide eszenikoekin batera. Horra Malatiarren artean dantzaren bitartez sortzen dena: maskaradaren dantzak hip-hop dantzariak bere borobilean jasoaz…

Lubakiak txikia. Hip-Hop dantzariak2 BARBAU AMALAU. Ozaze, uztaila 2014. Eliane Heguiaphal

Hip hop dantzariak ‘Lübakia’ izeneko pasartean. (Eliane Heguiaphal)

Finean, bada tenkatze akuilagarri bat musika banda eta antzezle guztien artean, baita prosaren errezitazioak eta hitz kantatuek mantentzen dutena ere, edo dantzen eta urrats arrunten artekoa…

Hau guztia, goi mailako antzerki osoa izanik (Ozaleko erreka bazterrean emana, bai, ez Avignon-en) ez da inoiz ere joko estetizista batera makurtu. Gaiak eskatzen duen trataera tragikoa du, baina baita komikoa ere, komikotasun etsi eraginkorrago batena, nolanahi ere. Obraren testu osoak hitz eta esaldi bakoitza modu egoki eta neurtuan ipiniz, historiaren irakaspena egungo egoera gordinera erakartzeko intentzio osoa du. Horra narratzaile-bufoiaren azkeneko zenbait hitz:

Ohit zidee? Partitzeko püntüa zela jakin zen hartan, ohit zide nola besarkatürik izan zinden?
Ohit zidee, züen zaintzale zen Nazioak züen zain zelakoan, nola jauntsi züntüen haren kolore harroak? Ohoreak beztitürik ützüliko zindeela erranik izan zeizüen…
Gloriako bideen gainti garaipenez garaipen ibiliko zindela…. …/…
Züek nahi zeneikeen erran ez zela ez txit hala agitü, baizik eta alkar masakrateko egaririk izan zen bürdüin peza bakotxak gizentü zütüala ospe handiko norbaiten sakolak… Züek nahi zeneikieen erran, desegiteko baliatürik izan ziren inoxenten besoak berriz behartürik izanen zirela errautsetik eraikinen altxatzeko, eta haien izerdi eta nekeek berriz gizentüko zütüela ospe handiko norbaiten sakolak. Bena güti baizik ez ziren züen hitzen arrenküran zirenak, ordüan züentako gorde züntüen eta gaüak amets latzez bete zeitzüen…
Eta txik eta txak, horik oro badakitzat,
Eta txik eta txak, mila xenda kurritü ditiat

Amaitzeko, eta Gorka Knorrek 1975ean grabatu zuen Azken agurraren negarra kantu ezagunarekin obra burutu aitzin, koruaren hitzokin laburbildu liteke obraren ahala:

Nolaz ote da posible norberaren bizia
Arrotz iganten eskü tai gabe ezartea
Bizitze bat baizik ez da eta ez da lüzea
Behin egünak joan eta berant da damützea

Korua txikia BARBAU AMALAU. Ozaze, uztaila 2014. Eliane Heguiaphal

Kantuz aritzen den koru tragikoa da narratzaileetako bat. (Eliane Heguiaphal)

Halere, Morts pour la patrie horrek ez du historiaren irakaspen gordina islatzen: “Ipar Euskal Herria” esaten dugun hori ia guztiz frantsestu zen unea izan zela Lehen Mundu Gerra madarikatu hura, eta horretarako sei mila gaztek (“eskuara baizik etzakiten haiek…”) eskaini behar izan zutela pour la patrie beren bizia… Nola eta nork onartu horren ondoren hura guztia haien aurkako lakio zital izugarria baino ez zela izan? Eta hor jarraitzen dugu ehun urte hauen poderioan…

[Ipini ditudan lotuneez gain, hona BERRIAn argitaraturiko Dominika Rekaltekin elkarrizketa: http://www.berria.eus/paperekoa/1845/040/001/2014-07-01/boterearen_gakoa_beldurra_sortzea_da.htm ]

ETIKETAK:Gorka Knorr