Elkarrizketa

Urko Ansa

2018.10.09

Urko Ansa

“Akustikoak betetzen nau eta kantuok hori eskatzen zuten”

Elkarrizketa: Jon Gurrutxaga

Bi formatutan kaleratu dJon Gurrutxaga Elgoibarko blues zaleak lan berria: binilozko singlea bi kanturekin (“Kateak” harrigarria eta “Desitxuratuz melodikoa, Urbil Artolaren laguntzarekin), eta lau kantuz osatutako CD-EPa: aurreko biak gehi “Unearen oraina” (do it yourself ia totala) eta “Wrinkled shirts and jackets” (hau bai, blues geldoa, baina bluesa azken finean). Peio Gorrotxategik Hernanin duen Aieka estudioan grabatu du, haren gidaritzapean, eta hainbat lagunen kolaborazioak izan ditu. Bakarkako lana da, ordea, barnerakoia eta arrunt biluzia. Ustekabe atsegina da lortutako azken emaitza, ohiz kanpokoa ere bai seguruenik, baina berezkoa duen estilo horrekin. Berehala konturatuko zarete Jon Gurrutxagaren lan bat dela. Musika guztia berak egin du, eta singleko bi kantuen hitzak Xabi Lasak idatziak dira (aurreko diskoan bost letra egin zituen). Beste biak Gurrutxagak berak egin ditu.

Jon Gurrutxaga berria

Jon Gurrutxaga: Arima Beltza, UEK, Jon & Sugramas, Andrakan, Bikustik… (Jairo Berbel)

Sorpresa handia hartu dut zure lan berriarekin, honek dakarren aldaketagatik. Lehenago ere paisaia akustikoak landu dituzu, bai bakarkako aurreko diskoan baita Sugramasekin ere, baina hau beste kontu bat da.
Bai, eta hain zuzen ere nik uste dut horregatik etorri zaidala ondo EP formatuan kaleratzea. Kantu bakoitza bere amarena zen eta aproposa ikusi nuen horiek denak bildu eta gauza txiki batean ateratzea, disko luzea izan gabe. Auskalo, hurrengoan agian berriz ere disko motza aterako dut eta akaso denak estilo bertsukoak izango dira, baina bai, ez nituen gordeta utzi nahi ordenagailuan, argitaratu baizik. Dena den, “Kateak” zuzenean jotzen aritu naiz, nahiz eta grabatuta dagoen bezala ez egin.

Lanari izena ematen dion kantuak ustekabean harrapatu nau, gospel eta soularen arteko nahasketa bat dirudi. Baina oso pausatua da, abesti osoan lortzen duzu hori mantentzea.
Bai, berez lokalean loop-ekin sortutako kantua da, eta hasiera batean baneuzkan nire kezkak, nola eraman hori estudiora, baina egia esan oso gustura gelditu naiz. Egia da jatorri beltza daukala: batez ere soula, gospela ere bai…

Zenbat ahots geruza sartu dituzu?
Ez dut gogoratzen, pila bat.

Eta denak zureak dira, disko osoan bezala. 
Bai, gainera kateen hotsa entzuten da. Esklabotza garaiekin lotu nahi izan dut kontzeptua.

Perkusioarekin ere efektu hori lortu nahi izan duzu, ezta?
Bai, batez ere buruan irudi hori neukala sortzen hasi nintzelako: esklaboak kateatuta, eta oinez ibiltzean ateratzen duten zarata. Egia da hitzak irekiak direla eta ez direla bakarrik esklabotza garaian kokatzen ahal. Gaur egungo garaiekin ere lotuta daude, azken batean hitz egiten duelako gaur egin ditugun kate, hesi, harresi horiez.

Xabi Lasari azaldu zenion nolako letra nahi zenuen?
Bai, kateena komentatu nion. Etorkinekin ere lotu nahi izan dut: lehen bezala gaur egun ere, arazoak dauzkan jendeak bere herritik alde egin behar du, eta topatzen ditu hesiak, arantzak, kateak, itxitako tokiak.

Nik esango nuke lan berri hau haustura bat dela, baina “Desitxuratuz” kantuari halako aire bat topatzen diot, zure ibilbideko laburpen bat balitz bezala. Gero Urbil Artolak atmosfera oso pertsonala eman dio. Bera slide gitarrarekin aditua da, eta kantu honetan dobroa jotzen du.
Bai, dobroa bi modutakoa izan daiteke. Bata gorantz begira jotzen da, eta soketatik mastilera tarte handiagoa dauka. Baina beste dobro mota bat dago soken artean hainbeste tarterik ez duena, eta normal jotzen dena. Dobroa instrumentua da, eta slide-a jotzeko modua, burdina erabiliz egiten dena. Slide hitzaren esanahia “irristatu” da.

Nondik ezagutzen duzu Urbil Artola?
Ni oso Ben Harper zalea naiz, eta honek Weissenborn izeneko instrumentua jotzen du, teknika aldetik Urbilek jotzen duen dobroaren antzekoa izan litekeena; azken finean, steel gitarra. Hawain sortutako gitarra bat da, gero Weissenborn izeneko tipo batek forma eman ziona. Jarrita jotzen den instrumentu bat da, eta steel guitar bat da, burdinarekin irristatuz jotzen dena. Gisa horretako gitarra bat erosteko interesa neukan, eta hain justu bideo batean Urbil ikusi nuen instrumentu hori Iker Lauroba-ren diskoan grabatzen. Urbili idaztea erabaki nuen, eta kasualitatez nik nahi nuen marka zeukan berak, eta egun batean bere gitarra probatzeko geratu ginen. Oso ondo konpondu ginen, feeling ona eduki nuen gitarra probatzera joan nintzenean eta diskoan parte hartzea proposatu nion. Zuzenekoak elkarrekin bikote moduan egingo ditugu. Nire aurreko diskoko zein oraingo kantu berriak joko ditugu. Kantu hauek dobroarekin jantzita beste ukitu bat izango dutela argi dago. Berarekin f, eta grabaketan ere bai. Oso hartu-eman polita egin dugu.

Eta ados zaude lehen esan dizudanarekin, “Desitxuratuz” kantuak zure ibilbidearekin konexio apur bat ote daukan?
Agian diskoko kanturik melodiko eta era berean poperoena da, baina dobroaren soinuak ematen dio ukitu amerikarra…

Gero, erdialdetik aurrera amorru gehiago erakusten duzu.
Bai, hitzak ere mamia dauka: badago jende bat non zurekin jokatzen duenean ez den bera, eta horri egiten zaion kritika bat da; pertsona horri desitxuratzeko eskatzen diot, itxurakerietan ez ibiltzeko. Horregatik “zain nazazu, desitxuratu”.

Xabi Lasari gaia horrela proposatu zenion?
Ez, bere ideia izan zen, eta egia esan bere zalantzak zeuzkan ni gustura egongo ote nintzen melodia horri letra hura sartzerako orduan. Baina konbinaketa gustatu zitzaidan, ez baituzu zertan horrelako hitzak dituen kantu bat musika gogor batekin adierazi.

Kantu asko daude horrela eginda.
Bai, badirudi zerbaitekin ados ez bazaude ozenki esan behar duzula, baina ez du zertan hala izan. Melodia goxoa batekin, modu sotil batean eman dezakezu mezua.

“Unearen oraina”-k konpas oso markatua dauka hasieran, eta zure perkusioa konstantea da kantu osoan. Azken minutuan onomatopeiak oihukatzen dituzu.
Baxu jotzaileak esaten dit apatxe bat dirudidala, indio bat, kar-kar.

Onomatopeien erabilera hori nahiko urria iruditzen zait gure musikan, Niko Etxart eta Mikel Laboaz aparte ez da askotan erabili izan den baliabidea…
Ni gustura nago. Gitarraren tonalitatea Re irekian da, eta ez da ohikoa. Denetik egiten den arren, normalean gitarrak Mi-n afinatuta egoten dira. Weissenborna, ordea, afinazio hartan jotzen da; dobroa batzuetan ere bai. Afinazio horretan probatzen ibili nintzen, nire gustuko hainbat musikarik ere horrela jotzen dutelako, adibidez Stephen Stillsek kantu asko dauzka horrela. Horretan probatzen ibilita, halako batean kantu bat atera zitzaidan, eta egia esan kantu ezberdin bat da niretzat, bai erritmo baita tonalitate aldetik ere. Poliki-poliki hazten joan zen kantu bat da.

“Lehen bezala gaur egun ere, arazoak dauzkan jendeak bere herritik alde egin behar du, eta topatzen ditu hesiak, arantzak, kateak, itxitako tokiak”

Aurreko diskoaren harira (Hitz lauz, 2014) komentatu zenidan musikariei askatasun osoa utzi zeniela kantuak garatzeko orduan.
Oraingoan nahiko lotuta utzi dut neurea, gauza asko sartu ditudalako, baina eurena librea izan da. Musikari bati bere ekarpena egitea eskatzen diozunean askatasuna eman behar zaio, non eta nola egin nahi duzuna oso-oso garbi ez daukazun. Beti egoten dira komunean jartzen diren pauta batzuk, hori bai.

Haietako askorekin ibilbide luzea daukazu, eta bestalde, beraiek badakite zure estiloa zein den. Patxi Zabaleta ez da hasiko Fractality muturreko metal taldearekin egiten dituen punteoak egiten, kar-kar.
Hori da, taldeak badaki nik gutxi gorabehera zer eskatzen diodan, eta nik neuk ere esaten diet zein atmosfera lortu nahi dudan. Azkenean, hitz egin eta akordio batera heltzea da.

Kantu horretan (“Unearen oraina”), baxua kenduta, dena zuk egin duzu. Aurreko diskoko “Minaren mintzoa” abestian dena zuk egin zenuen, baina ez zegoen baxurik. Ez al duzu inoiz pentsatu baxua ere jotzea?
Bai, burutik pasatu zitzaidan, baina orain arte ez dut inoiz baxua jo, eta ez daukat baxurik. Zorionez, oso musikari onak diren lagunak dauzkat, eta oraingoan Iñigo Gorritxategiri proposatu nion. Baxu jole ona da, oso fina. Ni ez nintzateke berak egiten duenaren erdira ere iritsiko, kar, kar.

 “Wrinkled shirts and jackets” kantuarekin ingelesera itzuli zara, aurreko lana euskara hutsean egin eta gero. Nahiko abesti biluzia da, tenpo geldokoa, baina entzun eta berehala nabaritzen da blues bat dela.
Bai, ez da armonia aldetik betiko bluesa.

Hasieran Bob Dylanen aire bat hartzen diot armonika eta gitarraren arteko joko horri. Jende askok ez dakien arren, Dylanek bluesa asko jorratzen zuen, eta oraindik egiten du. 
Nik Bob Dylan ez dut hainbeste entzun, baina niri Rory Gallagherren alde akustikoa datorkit burura. Eta nire buruan kantua ingelesez entzuten nuen, agian estilo aldetik nahiko definitutako blues bat delako.

Iraganean horretaz hitz egin dugu, baina gogora ekarriko dut zuk estilo hori ia beti ingelesez entzun duzula, eta bluesa euskaraz oso gutxi egin denez, entzuten duzunaren %90 ingelesez kantatua dela. Baina, era berean, bluesa euskaraz egitea aldarrikatu duzu beti. 
Bai, euskara da nire hizkuntza, egunero %95ean egiten dut euskaraz, etxetik hasita lanera, eta kalean ere ia dena. Euskaldunekin behintzat. Nik uste dut polita dela norbere hizkuntzan musika sortzea. Egia da estilo hau ingelesez entzutera ohituta gaudela, eta sortzerako orduan beti egiten dugu ingelesez ariko bagina bezala, baina letra euskaraz egin ahala barneratzen zoaz, eta ohitze kontu bat da. Ez zait arrotz egiten, baina gertatzen da badaudela kantu batzuk, “Wrinkled shirts and jackets” honen modukoak, hasieratik ingelesez abestuta ikusten ditudanak.

Abesti horretan armonika Marcos Coll-ek jotzen du. Nor da?
Kristoren armonika jolea da, galiziarra, bere garaian Madrilen Tonky Blues Band taldean jotzen hasi zena. Talde horretan Adrian Costa bateria jolea zebilen, eta taldea desegin zenean, Adrianek eta Marcosek Los Reyes del K.O. sortu zuten, blues talde autentikoa, sustraiduna. Arima Beltza-ren garaian haiekin eszenatokiak partekatu genituen, eta hark nire diskoan parte hartzeak ilusioa egiten zidan, banekien kristoren armonika sartuko zuela.

Lau kantu hauek Hernanin grabatu dituzue, Aieka estudioan, Peio Gorrotxategiren gidaritzapean. Berak ere parte hartu du, “Desitxuratuz”-en teklatua sartuz. Nola izan zen grabazioa?
Lasai-lasai hartu nuen. Denbora askorik ez neukan, baina horrela egitea nahi nuen: nik neuzkan ideia horiek Peiorekin poliki-poliki grabatzen joan. 2017ko abuztuan hasi nintzen grabatzen. Bi kantaren hainbat instrumentu grabatu nituen, eta gero denbora batean laga egin nuen. Aieka Peiok berak etxean daukan estudio txiki bat da. Nik aspalditik ezagutzen dut, Arima Beltzaren garaietatik, askotan teknikari lanak egin baititu gure kontzertuetan. Elkar ondo konpontzen dugu, eta estudioz aldatu eta beste jende batekin harremana edukitzeko gogoa ere baneukan, musikaren bitartez harremanez gozatzeko.

“Nik uste dut denborarekin kantua zure tokia hartzen joaten dela. Nolakoa den abestia, abesteko moduak ere horrelakoa izan behar du”

Aurreko diskoan Hammond-arekin izugarri gustura zinen, emaitza oso onak eman zizkizun, Fredi Pelaez maisua tartean egonda harritzekoa ez dena. Lan honetan desagertu da, teklatu bat badago, Peio Gorrotxategik berak jotzen duena, kantu bakar batean ordea. 
Kantuek ez zuten eskatzen, eta egin zitekeen arren, ez nuen behar hori sentitu, hain zuzen ere ez direlako melodia aldetik hori eskatzen didaten kantuak.

“Desitxuratuz”-en teklatua grabatzeko ideia estudioan bertan sortu zen?
Bai. Teklaturik gabe ere funtzionatzen zuen arren, guztiz azken orduan osatu zen. Nik etxean nituen aspaldiko maketa horiek amaieran hartu zuten forma, bateria eta abarrekin. Lehen are biluziagoa zen, baina estudiora sartzeko ordua iritsi zenean, moldaketak egiten buru-belarri hasi nintzen eta bateriarekin proba batzuk egin nituen. Horrela funtzionatzen zuela ikusi nuen, amaierako zati horretan merezi zuela teklatu bat sartzeak.

Jon & Sugramas atera baino lehenago aita izan zinen, eta horrek gitarra akustikoa gehiago jotzera eraman zintuela esan zenidan. Aurreko diskoan distortsioak ere bazeuden, baina soinu akustikoekiko atxikimendua agerian geratzen hasi zen.
Bai, nahiz eta akustikoki sortutako kantuak izan, elektrikoak ere bazeuden, baina ez zuten Sugramasen zeukaten presentzia bera. Eta honetan ere akustiko asko daude. Oso gustura jotzen dut, betetzen nau, kantuak sortzeko oso polita da, baina ibili naiz elektrikoarekin ere. Badauzkat rockeroagoak diren beste abesti batzuk, baina gorde ditut aurrerago estilo bertsuko kantuak sortzen noan heinean argitaratzeko. Denbora gutxiago baitaukat eta denbora daukadanean batez ere akustikoa hartzen dut.

Tonu baxuagoak lantzen hasi zinen, batez ere Hitz lauz diskoan, eta orain ere ikusten dut hori. Bat etor daiteke gitarra akustikoaren erabilerarekin… Ez duzu luzimendua bilatzen, tonu oso altuak lortzeko arazorik ez baduzu ere…
Baina “Kateak”-en quintalaleches-en nago eh! Kar, kar. Egia da besteetan badaukadala azken garaietako tinbre hori. Nik uste dut denborarekin kantua zure tokia hartzen joaten dela. Agian lehen, Arima Beltzarekin, goian ibiltzen nintzen. Azkenean, kantuak eskatzen duena da. Segun eta nolakoa den, abesteko moduak ere horrelakoa izan behar du. Erakustaldia dohainik, hori da, erakustaldia; ez da kantuak eskatzen duena. Aldiz, “Kateak”-ek bai eskatzen zidan, gospel kutsu horrekin, pixka bat gorago ibiltzea.

ETIKETAK:Adrian CostaAitor BadiolaAmoranteAndoni MujikaAndrakanArima BeltzaEkaitz GarmendiaElur ArrietaExpresión SonoraIñigo AranburuIñigo GorritxategiIvan HernandezJon GurrutxagaJoseba AlonsoLander TrinidadLegen BeltzaLos Reyes del K.O.Marcos CollNapoka IriaPatxi ZabaletaPeio GorrotxategiUrbil Artola