Elkarrizketa

Juan Luis Zabala

2014.12.08

Juan Luis Zabala

«Bakarkako bideari esker, musika egiten jarrai dezaket»

Elkarrizketa: Jon Gurrutxaga

Bere bakarkako lehen diskotzat du Jon Gurrutxagak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1978) Hitz lauz (Gaztelupeko Hotsak). «Aurrekoa, Jon & Sugramas izenarekin ateratakoa, nire proiektu bat izan zen, eta nik egindako kantuak ziren denak, baina, hala ere, talde forma eman nion. Disko honetara ekarri nauen zubi baten modukoa izan zen hura». Egilearen ustez, «rock disko semiakustikoa» da Hitz lauz. «Gitarra akustikoak presentzia handia dauka, baina esentzian nik uste dut rock musika dela, nahiko lasaia eta intimoa izan arren». Ahotsenean ariko da gaur Jon Gurrutxaga disko berria aurkezten, 17:40an.

Jon_Gurrutxaga

Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarra. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Nolakoa izan da diskoa sortzeko prozesua?
Hasieran disko xumeagoa argitaratzeko asmoa neukan, sei bat kanturekin edo, guztiz akustikoa. Mikro bat erosi eta grabatzen hasi nintzen, baina grabatzen ari nintzela kantu berriak sortu nituen, konturatu barik, eta kantu horiek janzten hasi nintzen… Hemen gitarra elektrikoa, hemen bateria… Azkenean, kantuak beste forma bat hartzen hasi ziren, eta erabaki nuen estudio batera joatea eta kantu gehiago grabatzea. Hamar kantu sartu ditut diskoan.

Kantu bakoitzari bere musikariak bilatu dizkiozu: Miguel Laguna, Keu Agirretxea, Gorka Eskauriaza, Patxi Zabaleta, Iñigo Gorritxategi, Mikel Azkargorta…
Bai. Lagunei fabore edo laguntza eske hasi nintzen. Diskoa jende gutxiagorekin egiteko asmoa nuen, baina jende guztia lanpetuta dabil. Eskerrak lagun musikari asko dudala, eta lana banatu ahal izan genuela gehiagoren artean.

Jon & Sugramasen diskoan ez bezala, honetan hitz guztiak euskaraz daude. Hiru kanturenak zeuk idatziak dira; gainerakoak Xabi Lasa, Iñaki Gurrutxaga eta Uxue Agirrerenak.
Jon & Sugramasen diskoarekin gustura geratu nintzen, emaitzari begira, baina jabetu nintzen ez zuela oihartzun handirik izan. Batek baino gehiagok esan zidan ingelesez kantatzen nuenean, kantuek ez zutela berdin betetzen. Orduan pentsatu nuen bakarkako lehen disko honetan dena euskaraz grabatzea. Horrez gain, ni euskaltzalea naiz, eta euskaraz egiten dut eguneroko bizitzaren zati handi bat. Ez zait arrotza egiten euskaraz kantatzea. Hitz batzuk neuk egin ditut, baina denbora gutxi nuenez hitzak egiteko, lagunei eskatu nizkien, eta oso gustura nago egin dutenarekin eta izandako harremanekin.

Bakarka jarraituko duzu aurrerantzean?
Talde batean parte hartzeko denbora eta dedikazio handiagoa behar da, eta adin batera iritsita zaila da talde bat osatzeko denbora izatea. Bakarkako bideari esker, musika egiten jarrai dezaket. Aukera gehiago eskaintzen dit musika munduan jarraitzeko, eta nik musika munduan jarraitu nahi dut hau delako nire pasioa. Hala ere, ez diot uko egiten talde batean jotzeko aukerari.

(Berria egunkarian, 2014ko abenduaren 7an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Gaztelupeko HotsakGorka EskauriazaIñaki GurrutxagaIñigo GorritxategiJon GurrutxagaKeu AgirretxeaMiguel LagunaMikel AzkargortaPatxi ZabaletaUxue AgirreXabi Lasa