Musika

badok

2018.09.05

badok

“Kateak” single eta EPa kaleratuko du Jon Gurrutxagak

Jon Gurrutxagak prest du bere lan berria. Bi disko luze argitaratu ostean —Jon & Sugramas (2010) eta Hitz lauz (2014)—, formatu laburraren alde egin du oraingoan Elgoibarko musikariak. Lau abesti grabatu ditu Aieka estudioan, eta Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratuko ditu irailaren amaieran Lokatzetan Play biniloko single bildumaren barruan. Lanari izenburua ematen dion “Kateak” abestia entzun dezakezu hemen.

ION-35-2

Jon Gurrutxagak bere izenean grabaturiko hirugarren lana da “Kateak”. (Jairo Berbel)

Kateak bi formatutan argitaratuko da. Alde batetik, biniloko singlean, “Kateak” eta “Desitxuratuz” abestiekin, eta bestetik CD formatuan —singlearen barruan— beste bi kanturekin aipatutakoez gain: “Unearen oraina” eta “Wrinkled shirts and jackets”. Ohi bezala, Gurrutxagak hainbat instrumentu jo ditu diskoan (gitarra akustikoa, bateria, ahosoinua), baina kolaboratzaileak izan ditu estudioan. Iñigo Gorritxategik grabatu du baxua hiru kantutan, eta Patxi Zabaletak (gitarra), Marcos Collek (ahosoinua), Urbil Artolak (dobroa) eta Peio Gorrotxategik (teklatua eta grabazioaren teknikaria) abesti banatan hartu dute parte. Halaber, Xabi Lasak idatzi ditu “Kateak” eta “Desitxuratuz” abestien hitzak. Blues, gospel eta musika beltzaren beste aldaera batzuk jaso ditu Gurrutxagak lan honetan.

Arima Beltza taldean ezagutu genuen Jon Gurrutxaga, 90eko hamarkadan. Niko Etxartek euskarara ekarritako bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak —iraunkorrena Keu Agirretxearen UEK taldea izan da, zeinarekin hainbat disko grabatu eta zuzeneko ugari eskaini dituen; iaz elkarrekin sorturiko “Izanak” abestia plazaratu zuten bi musikariek—, baina sekula ez dio kantuak sortzeari utzi.

ETIKETAK:Arima BeltzaGaztelupeko HotsakIñigo GorritxategiJon GurrutxagaKeu AgirretxeaLokatzetan PlayMarcos CollNiko EtxartPatxi ZabaletaPeio GorrotxategiUrbil Artola