Elkarrizketa

“Herri Urratsen jo ahal izango dugu, eta sekulako aukera da hori”

Elkarrizketa: Jon Garcia (Gar)

Orain bi urtetik Gar izenez da ezaguna Jon Garcia musikaria (Durango, Bizkaia, 1993). Hamabost urtez Mocker’s taldean baxu jole aritu ondoren, gitarrari eutsi, eta iazko urrian kaleratu zuen Oraina eskuetan, nostalgiaz blaitutako pop-rock estiloko disko autobiografikoa. Bakarkako proiektua den arren, musika banda bat du lagun bai estudioan bai oholtzaren gainean. Hala, Garciak martxan du uda bitarteko bira: Mutrikun (Gipuzkoa) izango da bihar, bandarekin, eta Durangon (Bizkaia) datorren ostiralean, akustikoan.

Jon Garcia. IÑAKI ESTEBAN

Jon Garcia. IÑAKI ESTEBAN

Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen Gar-ek, diskoa argitaratu eta hilabetera. Kontatu du sari ekonomikoa lagungarri izan zaiola binilozko diskoak egiteko, eta sari horrek dakartzan aukeretako beste batek berebiziko ilusioa egin diola: BBK Liven jo ahal izango du uztailean. Solasaldia hasi baino ordubete lehenago jakin du Herri Urratsen III. Musika Maketen Lehiaketa ere irabazi duela, eta, horrekin batera, oholtza gainera igoko dela maiatzaren 10ean, Senperen (Lapurdi), Nafarroa-Badok gunean.

Nola hartu duzu saria irabazi izanaren albistea?

Zer poza! Ez nuen espero. Bost talde ginen azken fasean, eta uste nuen Indigo-k edo Bisaiak-ek irabaziko zuela; musika alaia egiten dute, eta jarraitzaile asko dituzte, gainera. Halere, guk kristoren kanpaina egin dugu, eta badirudi emaitza izan duela. Izugarria da irabazi izana: Herri Urratsen jo ahal izango dugu, eta sekulako aukera da hori.

Gar proiektu berria da, baina denbora daramazu musikaren munduan, ezta?

Bai, 13 urte nituela hasi nintzen musikan, kuadrillakoekin. Kuarto Asalto punk taldea sortu, eta pare bat urtez aritu ginen jotzen. Gero, pasioagatik segitu nuen musikan, Asier Elias taldeko bateria jolearekin batera, Ritxi Blanco gurekin harremanetan jarri zen arte. Eskola berean ikasitakoak gara hirurak, eta elkarrekin entseatzeko gelditu ginen behin. Hala sortu zen Mocker’s taldea, 15 urte genituela. Rock progresiboa egiten genuen, ukitu psikodelikoak sartuta. Baina hamabost urtez aritu eta maketa bat eta lau disko kaleratu ondoren, bateria joleak beste bide bat hartu, eta taldea desegin genuen. Kolpe latza izan zen niretzat.

Eta Gar sortu zenuen orduan, duela bi urte.

Mocker’s taldearen ibilbidea amaitzean, dolua egin behar izan nuen. Finean, hamabost urtez, taldekideok asteburuero elkartu ginen musika egiteko. Horixe maite genuen, eta amaitu egin zen bat-batean. “Eta orain zer?”, esaten zidan buruak. Beraz, Gar sortu nuen, baina ez nuen etorkizunera begirako asmo zehatzik: musika egiteko beharrak bultzatu ninduen. Proiektua itxura ona hartzen hasi zen pixkanaka, eta, aizu, begira nora heldu garen.

“Disko honetarako sortutako abesti gehienak dolua egin bitartekoak dira. Barneko emozioak atera, eta abesti forma hartu dute”

Nolabaiteko terapia egiteko balio izan dizu, orduan?

Bai, disko honetarako sortutako abesti gehienak dolua egin bitartekoak dira. Barneko emozioak atera, eta abesti forma hartu dute. Horregatik diot disko autobiografikoa dela, eta, egia esan, prozesu horrek berriro jaiotzeko balio izan dit. Pasatu dira pare bat urte geroztik, eta orain beste kontu batzuekin nago; egia esan, oso pozik.

Esan daiteke denboraren joana dela Oraina eskuetan diskoko gai nagusietako bat.

Oso pertsona nostalgikoa naiz, oso sentikorra, eta ez dakit positiboa ala negatiboa den, baina asko erreparatzen diot iraganari. Oso momentu onak bizi izan ditut, eta maiz pentsatzen dut ez ditudala berriz biziko. Baina aurrera ere begiratu behar da: oraina da daukagun gauzarik politena. Horregatik, tarteka errieta egiten diot neure buruari, ezin da-eta etengabe atzera begira egon. Oraina da daukagunaz disfrutatzeko garaia.

Oraintxe bizitzen ariko zara, beharbada, gerora nostalgiaz gogoratuko dituzun momentu on horietako bat, ezta?

Zalantzarik gabe. Musikaren munduan inoiz bizi izan dudan momenturik onena da oraingoa. Izugarria da etxeko sofatik ateratako abestiak horrenbeste jendek entzutea, eta horren feedback ona jasotzea, gainera. Gaztea Maketa Lehiaketa irabaztean, nolabaiteko aitorpena jaso nuen artista moduan; urte asko daramatzat musikan, eta orain arte ez nuen espero halakorik lortzea. Irabazteak aurrera jarraitzeko indarra eman zidan, eta, orain, beste abesti batzuk sortzeari ekin diot; laster sartuko naiz berriro ere estudiora.

“Gaztea Maketa Lehiaketa irabaztean nolabaiteko aitorpena jaso nuen artista moduan; urte asko daramatzat musikan, eta orain arte ez nuen espero halakorik lortzea”

Mocker’s-ekin ez bezala, Gar proiektuan popari heldu diozu.

Mocker’s taldean egon bitartean ere rock-pop abestiak konposatzeko joera nuen, baina ez nituen argitara ateratzen. Taldea desegitean, serio heldu nien izkina batean utzitako abesti horiei, eta halaxe ekin nion bakarlari moduan Gar proiektuari. Gerora etorri zen bandarekin batera jotzeko ideia; finean, askoz ere zabalagoa baita hala lortu daitekeen musika. Oraintxe, nire banda originalarekin ari naiz, eta, kontzertu guztiak haiekin eman nahiko nituzkeen arren, bakoitzaren proiektuak direla-eta, ez da horretarako modurik izango. Ordezko musikariak dauzkat halakoetarako. Edonola ere, oso gustura nago popa egiten, beti izan bainaiz oso popero-a.

Baxua ala gitarra nahiago?

Kuarto Asalton, gitarra jolea eta abeslaria nintzen, eta Mocker’s-en, entseatzeko gelditu ginen lehen aldi hartan ere, izatez bi gitarra jolek eta bateria jole batek osatu genuen taldea. Denborarekin ohartu ginen musika talde serio bat izan nahi bagenuen baxu jole bat beharko genuela; ni neu hasi nintzen baxuarekin probatzen, eta gustura ibili nintzen. Hortaz, Mocker’s taldeko zuzenekoetan egon direnek baxu jolea naizela uste dute, baina gitarra jolea naiz izatez.

Izan al duzu erreferentzia artistikorik proiektu berria abiatzeko orduan?

Ez nuke esango erreferentzia jakin bat izan dudanik. Gorka Urbizuk bakarlari moduan ateratako lehen diskoa asko gustatu zitzaidan, eta baliteke nire abestiak sortzeko orduan haren eragina nabaritu izana; oso gustuko dut Benson Boone abeslari estatubatuarraren konposatzeko era, eta saiatu naiz haren indarra erakusten; Madrilgo Morgan musika taldea ere gustukoa dut; bateria jolea berriztarra dute, gainera [Ekain Elorza]. Hiru talde horien eragina izan dut, baina maiz entzuten dut hard-rocka ere, pop musika egiten dudan arren. Baten bat harritu egin da orain egiten dudan musikak ez duelako zerikusirik lehen egindakoarekin, tartean Oñatiko Burrunda Faktoriako Julen Agirre. Harritu bazen ere, lehen bi abestiak atera berritan esan zidan entzundakoa asko gustatu zitzaiola, eta Gar-en lehen kontzertua Oñatin bertan antolatu genuen.

Hortaz, Oñatiko Antixena gaztetxean eman zenuen lehen kontzertua Gar moduan, iazko azaroan. Gainera, jasotako sariengatik hitzartua duzu kontzertu bat BBK Liven, eta beste bat Herri Urratsen. Artista moduan, zein da zure agertoki ideala?

San Mames! Bandakoei ere txantxa bera egiten diet beti: “Eman dezagun egurra, noizbait San Mames betetzeko!”. Badakit oso-oso zaila dela, baina hori da nire helbururik handiena. Bestela, udako festibaletan jotzea izan daiteke egiazko helburu bat, halakoetan jende askok ezagutzen baitzaitu. Baina festibaletan jotzeaz gain, jai herrikoietan eta gaztetxeetan jotzen segitu nahiko nuke; halako lekuetan hasi gara, eta bertakoak dira artistei lehen aukera ematen dietenak. Etorkizunean makrofestibaletan joko bagenu ere —eta primerakoa litzateke—, ez nioke utzi nahi gaztetxeetan eta gune autogestionatuetan jotzeari.

ETIKETAK:elkarrizketaGARHerri Urrats Musika Maketa Lehiaketa 2026Jon GarciaOdile Bourguignon Goñi