Elkarrizketa

“Jaialdi handi batean jotzea da betetzeko dugun amets bat”

Elkarrizketa: Broken Legacy

Argitaratu berri duen Ortzimuga diskoarekin urrun ipini ditu mugak Broken Legacy taldeak. Aitor Atxa (ahotsa), Pello Uriarte (gitarra eta koruak), Asier Goitia (gitarra), Josu Manuel (gitarra), Unai Urkia (baxua eta bigarren ahotsak) eta Gorka Mondragon (bateria) dira taldekideak eta bigarren lana dute hau. Kalitatezko metalcorea euskaraz ere egin daitekeela erakusten tematuta jarraitzen du seikote oñatiarrak eta sekulako aurrerapausoak eman ditu 2019an lehen lana argitaratu zuenetik. Hasieratik taldea hazten ikusi duen Oñatiko Antixena Gaztetxean izan gara Unai Urkiarekin.

Broken Legacy

Bigarren lan honetan seikote bilakatu da Brolen Legacy taldea.

Taldearen bigarren lana duzue Ortzimuga. Aurrekoaren jarraipena izanagatik, hasiera berri baten itxura hartzen diot, aldaketa eta aurrerapauso handiak antzematen dira.
Bai, disko honetan lan gehiago hartu dugu kantuak egiterakoan, lasaiago hartu dugu prozesua eta aurreko diskoa egitearen esperientzia ere bageneukan. Aurrerapauso bat ematea zen normalena eta instrumentuei eta ahots melodiei dagokienean, gauza hobeak egiten saiatu gara. Aurrekoan, gainera, bi gitarra genituen, eta oraingoan hiru erabili ditugu. Gauza desberdinak sartzeko aukera eman digu horrek, askoz beteago geratu da.

Hori ahalbidetzeko, Josu batu zaizue gitarrista moduan, ezta?
Asierrek Mexikora joan behar izan zuenean, gitarra bakarrarekin geratu ginen eta zuzenekoetan indar gabe ginela sentitu genuen; orduantxe batu zitzaigun Josu. Asier bueltatzean, Josuk taldea uztea zen hasierako ideia, baina hiru gitarrekin zerbait desberdina egin eta eboluzionatzeko aprobetxatu genezakeela ikusi genuen. Oso gustura gaude emaitzekin.

Oso indartsu entzuten da guztia. Norekin grabatu duzue?
Asuan (Bizkaia) dagoen Chromaticity Studiosen grabatu genuen Aitor Ruiz eta Vhäldemar taldeko gitarra jolea den Pedro J. Mongerekin. Grabazioa Aitorrekin egin genuen gehienbat eta Pedrok nahasketak, masterizazioa eta gainontzekoak egin zizkigun.

Letretan, gai sozialak eta sentimendu pertsonalagoak uztartu dituzue.
Ikusten ditugun gauzen inguruan kritika sozialak egitea eta guk edo ingurukoek bizi ditugun egoerak azaltzea gustatzen zaigu gure letretan. Gurea ez da disko kontzeptual edo oso metaforikoa, nahiko zuzen joaten gara. Aitor eta bion artean osatzen ditugu.

Gonbidatu batzuk ere izan dituzue. Zeintzuk izan dira?
“Askatasun eza” abestian, Drop! eta Wood Strings-eko Paulek abesten du. Lehen diskoan ere saiatu ginen bera egon zedin, baina azkenean ez zen posible izan. Lagun dugun Uckaia taldeko Landerrek ere hartu du parte “Bakardadea” kantuan eta azkenik, Pedro J. Mongek “Jukutria” amaitzen lagundu zigun. Gitarra zati mordo bat genituen abestian eta horiek ordenatzen laguntzeaz gain, asko gustatzen zaigun gitarra solo bat sartu zuen. Oso pozik gaude hirurekin.

Diskoak denbora darama kalean eta aurkezpen kontzertu batzuk ere eskaini dituzue. Zer nolako erantzuna jaso duzue? Nola sentitu zarete zuzenean horrenbeste denbora jo gabe egon ostean?
Zuzenean jotzeko gogo handiekin geunden. Bira honen aurretik, azkenekoz, iazko apirilean jo genuen Oñatiko Gaztelekuan, ikusleak eserita zirela. Formatu horretan musika estilo batzuek funtziona dezakete, baina gure moduko talde batentzat beste zerbait bilatzen dugu. Aurtengo apiril hasieran Antixenako Gaztetxean egin genuen aurkezpen kontzertuaren aurretik urduri geunden ea abesti berriak nola hartuko zituen jendeak, baina erantzun ona izan dugu, iruzkin positiboak jaso ditugu. Diskoa gustatu dela ematen du.

Ahots gogorrak dira nagusi abestietan, baina orrorik handienaren ostean, ahots melodia ederrak txertatzen dituzue. Taldearen bereizgarrietako bat dela esango nuke.
Bai, izan daiteke. Aitorrek eztarriko hots potentea du eta nirea, aldiz, oso melodikoa da. Kantu batzuk erabat gogorrak diren arren, bien arteko nahasketa egitea gustatzen zaigu. Gure ustez, melodiek ukitu polita ematen diote gure musikari eta musika oso gogorra entzuten ez duen jendeari gustuko izan dezaketen zerbait eskaini ahal die gainera.

Musikalki ere, metal eta hardcore oinarriaren gainean doinu melodikoak antzematen dira gitarra jokoetan. Musika gogorra eginagatik, melodiak aurkitzeko joera duzue. Musikari moduan gustatzen zaizuenaren isla al dira mutur horiek?
Bai, guk metalcorea egiten dugula esaten dugu, horrelako musika egiten duten talde asko entzun izan ditugu. Metalaren riff azkarrak eta hardcorearen sendotasuna nahasten ditugu eta hor eraikitzen da gure musika. Aipatzen dituzun gitarra melodiak garrantzitsuak dira guretzat, bikoizketak eta bestelakoak erabiliz sarri jolasten dugu beraiekin, asko zabaltzen dituzte abestiak.

Zeintzuk dira gustuko dituzuen taldeak?
Nahiko gustu desberdinak ditugu guztiok eta entzuten dugun musikaren baturaren ondorioz sortzen dugu gurea, baina komunean metalcorea dugula esango nuke. Taldeko batzuek hardcorea dute gustuko, beste batzuek metalcore klasikoa eta bagara denetarik entzuten dugunak ere. Orokorrean, talde batzuk aipatzearren: Latzen, Anestesia, Meltdown, Trivium, As I Lay Dying, Slipknot, Korn, Pantera, Sepultura…. esango nituzke.

“Metalcorea egiten dugula esaten dugu. Metalaren riff azkarrak eta hardcorearen sendotasuna nahasten ditugu eta hor eraikitzen da gure musika”

Iaz, Itoiz-en “Zati txiki bat la m”-en abestia zeuen eremura eraman zenuten bere bertsio bat kaleratuz. Nondik irten zen ideia?
Beti izan dugu gogoa lasaia xamarra den euskal kantu mitiko bat hartu eta gure ukitua emateko. Gauzak hala, gitarra jotzen zebilen batean kantuaren melodia atera zitzaion Pellori eta bere bertsio bat egiteko proposatu zigun. Horrela sortu zen ideia, pandemia garaian geunden eta zerbait desberdina egiteko aprobetxatu genuen.

Sare sozialek gero eta eragin handiagoa duten garaiotan, zer nolako garrantzia dute zuen moduko talde batentzat?
Handia, gauzak geroz eta gehiago doaz norabide horretan eta talde bat ezagutzera emateko giltzarri dira, irratian dagoeneko ez baita gure musika estiloa entzuten. Toki desberdinetako jendeak zure musika entzuteko balio dute eta lehen ezinezkoa zen hori. Lana eskatzen du, gainean egon behar zara, baina egiten duzuna zabaltzea nahi baduzu egin beharrekoa da. Sare sozialen garrantziaz jabetzeko, lehen diskoa Frantziatik eskatu ziguten eta bigarren hau, berriz ere Frantziatik eta Bartzelonatik eskatu digute.

Talde desberdinekin han eta hemen taula partekatzen, diskoetan elkar laguntzen… Ez zaudete bakarrik honetan ala? Nola ikusten duzue euskal metala?
Ez da arrakastarik handiena duen musika estiloa, baina badago mugimendua. Horren adierazle da hainbat kontzertu antolatzen dituen Basque Underground Metal elkartea, adibidez. Urte hauetan zehar hainbat lagun ere egin ditugu gainera: Calathea, Hellwatch, orain gutxi desegin den Meltdown… Kontaktuan gaude eta elkarri laguntzen saiatzen gara.

Ba al da taldearekin bete duzuen ametsik? Eta aurrera begira, ze amets gustatuko litzaizueke betetzea?
Disko bat ateratzea sekulakoa da guretzat eta dagoeneko bigarrena dugu hau. Egia da gaur egun gero eta erraztasun gehiago daudela diskoak egiteko eta norberak etxean ere egin ditzakeela gauza kuriosoak, baina gurearen moduko talde proiektuek balio handiagoa dute, eta jendeari gustatzen bazaio are gehiago gainera. Betetzeko dugun amets bat, rock edo metal jaialdi handi batean jo ahal izatea izango litzateke, ez da erraza eta agian lor ezina izango zaigu, baina ea egunen baten aukerarik dugun.

Kontzertu zerrenda polita daukazue aurretik. Taldearen momenturik onena al da hau?
Bai, izan daiteke. Hemendik aurrera ere erritmo honetan jarraitzea ez litzateke seinale txarra. Lehen diskoarekin ez geneukan egun dugun kontaktu sarea eta kontzertu gutxi eskaini genituen. Lortutako esperientziak eta diskoaren maila nabarmen hobetzeak hauspotu egin gaitu eta horregatik lortu ditugu kontzertu gehiago. Guztira 10 kontzertu ditugu bira honetan.

Nabari da esfortzu handia egin duzuela.
Diskoa kaleratzen genuenerako guztia prest izateko, gauzak behar bezala eta ordena batean egiten saiatu gara. Denborak errespetatu ditugu eta kontzertuak, kamisetak… prestatzen eta eskatzen joan ginen diskoa fisikoki izan bitartean. Tarte horretan, bideoekin lagunduriko hiru aurrerapen kantu ere kaleratu genituen diskoaren inguruan interesa sortzen joateko. Lan asko dago atzetik, baina oso pozik gaude emaitzekin. Uda osterako ere bagabiltza gauzak lotu nahian, ea irailetik aurrera ere beste kontzertu sorta bat eskaintzeko aukera dugun.

ETIKETAK:AnestesiaBroken LegacyItoizLatzenWood Strings