Elkarrizketa

Mikel Lizarralde

2017.12.31

Mikel Lizarralde

“‘Quosque Tandem’ oso inportantea izan da diskoan”

Elkarrizketa: Ander Garcia

Ez da oso ohikoa disko batek manifestu bat ere biltzea bere barnean. Baina Ander Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1978) kontrabaxu jotzaileak horren beharra sentitu du, eta, Hiru (Errabal Jazz) diskoan, pieza bakoitzarekin nola lan egin duen azaltzeaz gain, dei egin die inprobisazioaren alorrean aritzen diren euskal musikariei beren sustraiei begiratu diezaieten. «Euskal musikan arakatzeko asko dugu, eta nik neuk hor aurkitu dut neure bidea». Ezohikoa da musikan egin duen bidea ere, ingeniaritza informatikoko ikasketak egin baitzituen bizitza musikari eman baino lehen. Txikitan biolina ikasi zuen, eta 19 urterekin hasi zen baxu elektrikoa jotzen. «Lagun gitarrista batekin hasi nintzen gelditzen… Bluesa, Pink Floyden kantuak, rock sinfonikoa…. Hiru maketa grabatu genituen, eta, informatika amaituta, musika ikasten hasi nintzen; Getxoko musika eskolan lehenengo, eta Donostian gero. Musikenetik pasatuta, azkeneko bederatzi urteak Madrilen egin ditu, eskolak ematen eta zuzeneko hamaika proiektutan lanean, eta orain dela lau urte Ttun-Kurrun aurreneko disko goraipatua kaleratu zuen. Ander Garcia Quintet Live zuzeneko lana argitaratu ondoren, aurten beste urrats bat egin du, eta bertsoaren eta euskal dantzaren oinarriak jorratu ditu Hiru lan berrian. 

Ander_Garcia

Ander Garcia baxu jotzaile bizkaitarra. (Monika del Valle / Argazki Press)

Ttun-Kurrun-ek oso kritika onak izan zituen. Han bazen euskal musika tradizionalaren oihartzunik, baina Hiru-rekin bide berri bat ireki nahi duzula esan duzu. Zergatik da mugarri bat disko hau zuretzat?
Lehenengo diskoan bada euskaraz kantatutako kantu propio bat, Santa Ageda doinuarekin hasten den beste bat… baina jazz garaikidearen kutsu handi bat ere badu. Azken hiru urteetan, baina, krisi artistiko bat izan dut… nora jo ez nekiela. Halako batean, lagun batek Mikel Laboaren Bat-Hiru diskoa jarri zidan, eta txundituta gelditu nintzen. Bat egin nuen lan horren atzean dagoen sentimenduarekin. Ez da bakarrik euskal musika; gehiago da: bertsoak, Ez Dok Amairu… Gero irakurri nuen [Jorge] Oteizaren Quousque Tandem, eta oso inportantea izan da lan berriaren osaketan, lan horri esker ordenatu ahal izan dudalako buruan nituen zenbait gauza.

Barrura begiratze bat izan da?
Musikan, asko begiratzen dugu kanpora. Normala da, jazza, rocka, bluesa asko entzun ditugulako eta asko maite ditugulako. Baina ikusi dut erroetara ere begiratu behar dugula. Musika inprobisatuaren inguruan aritzen garenok metodo bat daukagu ikasia, baina metodo hori aplika diezaiokegu euskal musikari. Kontua da normalean musika inprobisatua doinu afroamerikarrei lotua egon dela, hori garatu delako aurreko mendean. Baina metodoa metodoa da. Eta erabil daiteke beste musika hizkuntza batzuetan ere.

Gutxi jorratu den eremu bat da?
Ez dira asko. Iñaki Salvadorrek egin du, adibidez, eta izan zen talde bat, Amaraun, bide honetan aritu zena [Amaraun diskoa kaleratu zuen 2002an, Elkar diskoetxearekin], euskal doinuak inprobisazioaren esparrutik lantzen. Eta hor sakondu nahiko nuke nik. Euskal estiloaren eta inprobisazioaren arteko orekan. 

Hiru-n, kantu ezagunetara (“Mendian gora”) eta dantza doinuetara jo duzu. Horrez gain, konposizioan ere aritu zara, bertso eta dantza doinuetatik abiatuta. Lan metodo baten aldaerak dira?
Nik neure burua gehiago ikusten dut inprobisatzaile moduan, eta hori nire eguneroko bizitzan ikusten dut. Baina, kasu honetan, barrura begirako bidaia bat egin behar izan dut, nire barnean zeuden melodiak aztertu ahal izateko. Eta horren barruan kokatzen da hori ere. Oso argi dut lehendabizi nire ahots propioa osatu behar dudala… Gero joango naiz gehiago konposatuz. 

Hamaika proiektu dituzu euskal musikaren tradiziotik abiatuta. 
Bai; adibidez, Ion Celestinorekin ari naiz [Broken Brothers Brass Band]Lurpekariak deituriko proiektu batean. Bi kontrabaxu, bi bateria eta tronpeta bat gara, eta Nerea Erbitiren ahotsa. Bertsoak eta dantzak jorratzen ari gara free jazzaren biluztasunarekin. Aita Donostiaren kantuak, Zuberoako tradizioa… hor badugu eredu bat musika egiteko. Adibidez, Mikel Laboak garatu zuena. Carlos Sagik dio lanbroa duen musika dela, eta hori da! Batzuek duende deitzen diote, eta guk, lanbroa! Oteizak aipatzen zuen espazioa…

Zenbat proiektu dituzu orain? 
Khamin ari naiz Carlos Sagi eta Iraide Ansorenarekin, Lurpekariak taldean ere bai, Hibai Etxebarriarekin hirukote bat daukat… Eta Madrilen Desiree Duran neska-lagunarekin aritzen naiz Mallorcako [Herrialde Katalanak] doinuak eta euskal musika uztartzen dituzten kontzertuak ematen… Laster grabatuko dugu zerbait. Horiek guztiak ni gaur egun nabilen bidean kokatzen dira. Baina, horietaz gain, Chris Kase tronpetistarekin ere aritzen naiz Madrilen, eta egon naiz Rhonda Ross Diana Rossen alabarekin ere kontzertu batzuk ematen, funk-soul estiloan.

Rodney Kendrick pianistak esan omen dizu euskal musikan arakatzen segitzeko… 
[Kar, kar] Bai! Oso bitxia izan da. Lagun batek eman zuen nire izena Rossekin eta Kendrickekin jotzeko bi kontzertutan… Pentsa, Kendrickek James Brownekin jo du, Funkadelicekin, George Clintonekin! Entsegu batean, Kendrick hizketan hasi zitzaigun jazz eta blues musikaz, segregazioaz, pobreziaz… eta ni ere hasi nintzen Euskal Herriaz, euskaraz, gure nortasuna gordetzeko dugun arazoez… Hori laguntzeko, Mauriziaren grabazio bat jarri nion, eta han hasi zen tipoa oihuka eta saltoka! Sun Ra gogorarazten ziola esaten!!! Eta, halako batean, entsegu batean, Rhonda Rossen musika jotzen ari ginela, eskatu zidan nire musika jotzeko. Zelako momentua! Eta han hasi nintzen zortziko batekin inprobisatzen soul-funk bateria batekin! Azken batean, edozein musikarirekin hitz egin dezakegu, baina inportantea da gure nortasuna erakustea.

(Berria egunkarian, 2017ko abenduaren 30ean argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Ander GarciaBroken Brothers Brass BandErrabalEz Dok AmairuHibai EtxebarriaMikel Laboa