Musika

Fred Berruet

2021.01.20

Fred Berruet

Anari – ‘Habiak’ (Esan Ozenki, 2000)

Abenduaren 26a. Donostiako Gazteszena aretoa mukuru betea, ondoko egunetan Bilboko Kafe Antzokia eta Bergarako Jam aretoa izanen ziren bezala. Pandemia batek edozein elkarretaratze susmagarri bilakarazi duen garai hauetan, irudia zertxobait surrealista suerta daiteke. Bada, 2000. urtea kontzertu aretoek neguan eskaini berotasun pixkorgarri berezi horretan bukatzear zegoen, Anari-k, Dut-ek eta Lisabö-k elkarrekin egin biratxo arrakastatsua zela eta. Hirurek disko berri bana atera zuten orduan, ia hamar urte lehenago Muguruza anaiek Negu Gorriak-en inguruan sortu Esan Ozenki diskoetxearekin: Dutek Askatu korapiloa hirugarren eta azken lana, Lisabök Ezarian lehen iraupen luzekoa eta Anarik Habiak izeneko bigarren diskoa.

Xabi Strubell Anari 2000

Xabi Strubell eta Anari Alberdi, ‘Habiak’ diskoaren aurkezpen egunean, 2000ko azaroaren 3an. (Berria)

Bakarlari izatetik, talde izatera
Hiru urte lehenago, Anari Alberdik (1970, Azkoitia) bere lehen diskoa kaleratu zuen, hura ere Esan Ozenkiren eskutik. Kantariaren historia urte gutxi batzuk lehenago hasi zen ordea, bateria jole bezala Akauzazte taldeko kide batzuekin osatutako talde batean. Ondotik, ikasle bezala Gasteizera joan eta bateria hango bizitoki ttikira eraman ezinik, gitarra bat erosi eta kantuak egiten hasi zen Jon Maia bertsolari pisukideak animatuta. Historiaren segida ezaguna da: maketa bat Euskadi Gaztea irratira igorri, kantu horiek Fermin Muguruzaren belarri zorrotzetara iritsi eta lehen diskoa grabatzeko tenorea iritsi zitzaion.

Euskal Herriko musikazaleek lehen disko hura sorpresa handiz hartu zuten. Anariren ahotsaren hauskortasunak eta zirraragarritasunak harrapatu zituzten lehenik. Doinu akustiko batzuk tarteko, Arabako hiriburuan bakarrik ondu hamar kantu gordin ekarri zizkigun, Xabi Strubell-en gitarra (Dut, Zura) eta Mikel Abrego-ren bateria (Bap!!, Negu Gorriak, -gailü) lagun. Horiez gain, eskusoinua, teklatuak eta, bereziki, txeloa azaltzen ziren, Anariren soinua izanen zena nolazbait zirriborratuz.

Ezusteko eder haren ondotik, milurteko berriarekin batera iritsi zen beraz, Habiak izeneko bigarren iraupen luzeko lana. Lehengoarentzat ez bezala, oraingoan abestiak diskoaren helburuarekin eginak izan ziren. Kantuak sortzeko unean berean, xedea bigarren bilduma osatzea zuela, alegia. Abestiak beraz, taldekideek entseguetan egin ekarpen desberdinez landurik eraman zituen estudiora.

Habiak 2000

Mikel eta Eneko Abrego anaiek egin zuten azalaren diseinua.

Bere kantuak dimentsio berri batera eramateko, Anarik Euskal Herriko musikari hoberenez inguratzen jakin zuela, begi bistakoa da. Aipaturiko Xabi Strubell eta Mikel Abrego eskarmentudunez gain, Bap!! taldean ibilitako Xabier Olazabal Drake-ren laguntza izan zuten grabaketarako. Andoaingo hardcore talde mitikoaren baxuaren soinua Zuria beltzez (Basati Diskak, 1992) edota Lehertzeko garaia (Esan Ozenki, 1994) diskoetan gozatu duenak ederki daki horrek berak beste betetasun bat emanen diola taldearen musikari. Baina laguntzaileen zerrenda ez da horretan amaitzen. Estudioan izan ziren ere Jon Oiartzun Jomes (zerra melodikoa eta Hammond teklatua), Mikel Azpiroz (Hammond teklatua), Xabier Zeberio (biolina) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Hori gutxi balitz, ahotsetan ere beste kolaborazio batzuk izan ziren, hala nola Petti, Ruper Ordorika eta Asier Zulueta Zulu-renak. Denak ere Euskal Herriko eta haragoko musika panoraman arrunt errespetatuak.

Elektrikotasunaren eta akustikotasunaren arteko oreka perfektua
Diskoa 12 egunez grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, lehen lanaren ekoizpenaz arduratu zen Kaki Arkarazo musikari (M-ak, Negu Gorriak, Nación Reixa) eta soinu ekoizlearen ardurapean. Honek kantuak halako soinu grabe eta potolo batez jantzi zituen, baina bereziki —eta garrantzitsuena da, agian—, hauen indar emozionala sublimatzen jakin zuen. Erran behar da lana zertxobait erraztua izan zitzaiola, Anarik Nick Caveren zuzeneko diskoa (Live Seeds, 1993) entzunarazi ziolako, nolako soinua nahi zuen hobeki uler zezan. Denborarekin Anariri lan hartako soinua gehiago ez gustatzea ulergarria da. Heldutasunera heltzean, denoi gertatu zaigu haur garaiko bizioren bat batere gehiago ez preziatzea, urte batzuk lehenago egin bekatu bat memoriatik ezabatu nahi izatea. Egina zitzaion eskaria kontuan harturik halere, Kaki Arkarazok bete-betean asmatu zuen. Australiar erraldoiarekin antzekotasun apur bat izateko ez baita nahikoa piano bat edo Hammond bat baliatzea. Hemen, ederki lortu du elektrikotasuna eta akustikotasuna uztartzen eta diskoari batasun bat ematen. Zentzu horretan, Habiak disko orekatua da. Alde batetik, kantatu daitezkeen kantu melodikoak baditu. “Zubiak”-en «eraikitako zubia, amildegi egin zaiguuuu…» errepika ez ote da dutxapean abesteko modukoa? Kantua hori baino askoz gehiago da noski, erritmo aldaketa eta bukaera apokaliptikoa dakartzan gitarra doinu idor hori lekuko… Hor dago ere “Bihotza galdu dut”, bals itxurako singlea eta dutxapean baino, euripean ero moduan kantatzeko gogoa ematen duena («eta euria ari du aspaldi ez bezala…»). Anariren klasiko handienetariko bat honezkero.

Disko orekatua da ‘Habiak’. Kantatu daitezkeen kantu melodikoak ditu batetik, eta eremu ezezagunetara eramateko gaitasuna duten abestiak, bestetik

Baina bestetik, lanak entzulea beste eremu ezezagunetara eramateko eta erosotasunetik jalgiarazteko gaitasuna duten abestiak biltzen ditu. Diskoa hesten duen “Itsas-erauntsiak” mehatxukorraren kasua da, bere perkusio, piano eta urruneko azpiko ahots horrekin. Gauza bera erran daiteke giro ilun eta hotzeko “Aztarnak” abestiaz, Jomes-en zerraren soinuak neguko haize hotz eta sarkorraren firfira gogora ekartzen digula. Zalantzarik gabe, duela pare bat minutu euripean baldin baginen, hemen elurteak zeharo harrapaturik gelditzen gara. Nolanahi ere, errepertorioaren aniztasun hau artista aske baten marka da. Etiketa bakar batekin definitzen ahalko ez den nortasun handiko musikari baten marka.

Melodia, hitzak kantatzeko bide bezala
Desberdintasuna berehala antzematen da. Lehengo disko haren aldean, Habiak-ek talde soinu sendoagoa dauka eta elektrikoagoa da. Abestiak desberdinki landuak izan dira eta soinuan hori nabari da. “Lehenengo diskoan kantuek harrapatu ninduten, eta oraingo honetan ni joan naiz kantuen bila”, zioen 2000. urtean Euskaldunon Egunkaria-ri egin elkarrizketa batean. Hortaz, diferentzia sormen prozesuan berean abiatzen da. Hemendik goiti, Anari talde bat izanen da, rock talde bat, nahiz bere ibilbide guzian kantuak berak bakarrik bere gitarrarekin defendatzeko nahikeria hori atxiki duen beti. Kantu on bat hori baita ere. Apaingarririk gabe ere bere kalitatea mantentzeko gai izan behar du.

Aldi honetan beraz, ahotsa osagai bat da besteen artean. Soinu tresnak ez dira bakarrik hor horren apaintzeko. Harekin osoki bat egiten dute. Diskoa zabaltzen duen eta lehertzeraino in crescendo doan “Habiak” abestitik, Ruper Ordorikaren ahotsa lagun, tentsioa gailurreraino daraman “Geuk piztutako suak”-eraino, ahotsek eta soinu tresnek errotik bat egiten dute. Hori talde oso baten lanari esker lortzen da. Funtsean, konponketetan ere nabari da lan kolektibo baten emaitza dela hau. Interpretazio mailan gainera, Anariren ahotsa zertxobait seguruagoa agertzen da eta erregistro ezberdinetan erosoago dirudi. Noski, estreinako lan hartarik hona, esperientziaren eta eskarmentuaren onurak begi bistakoak dira. Tarte horretan eskaini kontzertuek taldearen soinua sendotzen lagundu dutela ukaezina da.

Baina Anarirentzat, hitzak melodia bezain garrantzitsuak dira, edo gehiago. «Melodia, niretzat, hitzak kantatzeko bidea da», zioen 2015ean Entzun! liburuan agertu elkarrizketa batean. Hastapenetik gertatu bezala, hemen ere testuak ez dira autiobiografikoak. Burutapen eta sentsazio pertsonalak dira nagusi. Hori bai, tonua zertxobait aldatu da. “Estreinako diskoaren hitzak espontaneoak ziren oso, bigarren lan honetan berriz, askoz gehiago landu ditut”, zioen orduan. Hainbat kantutan, bikote harremanei buruzko gogoetak azaltzen dira. «Emaidazu eskua eta oinutsik iragango dugu elkarrekin denbora…» abesten du txeloaz, biolinaz eta Pettiren ahots sakonaz jantzitako “Denbora” abesti triste eta hunkigarrian.

Testu gehienak Anarik berak idatzi baldin zituen ere, kolaboratzaile batzuk izan zituen, hala nola, Ilunpeko Printzea-ren mundura hurbilarazten gaituen “Amultsu dator iluna” eta “Ekilibristak” abestietako letrak Juan Luis Zabala idazle eta kazetariarenak dira. “Zuganako bideak” pop-rock itxurako kantu labur eta dantzagarriarenak aldiz (bai, bai, probatu!), Jon Maiarekin borobildu dituzte.

Anariren ibilbidea ulertzeko ezinbesteko lana
Anariren «disko berdea» bezala geldituko den lan hartarik hona, gehiegitan “PJ Harvey euskalduna” bezala izendatua izan dena ez da geldirik egon. Ez horixe. Zebra gordinetik (Metak, 2005) gitarrei protagonismoa kentzen dien Zure aurrekari penalak dotorera (Bidehuts, 2015), hainbat disko paregabe kaleratu ditu, etengabe bidezidor berri batzuetatik ibiliz. Lan bakoitzak bere kolore propioa dauka. Bakoitza Anari izeneko puzzlearen pieza bat da. Denak ezinbestekoak dira musikariaren bilakaera ulertzeko. Denak beharrezkoak Anariren unibertsoan barneraino murgiltzeko. Bai, Anari unibertso bat da, ahots batek, melodiek, hitzek, kantuek, ehunka kontzertuk eta milaka zaleek osatzen duten unibertso bat. Komunitate sentimendu azkarra bada Anarizaleen artean. Batzuetan harribitxi hori norberarentzat atxikitzeko, babesteko gogoarekin, baina gehienetan BBC6 Music edo France Inter irratiek zergatik ez duten “Epilogoa” behin ere entzunarazi ulertu ezinik.

Sonic Youth taldeaz galdetzean, Thurston Moorek zioen talde bat bere publikoarengatik gorrotagarri izan zitekeela. Arrazoin du. Zaleak taldearen antzekoak izan ohi dira. Inor gorrotagarririk ez hemen, ordea. Anarizaleek beren kutunaren ibilbideko urrats bakoitza jarraitzen dute, ia itsuki eta konfiantza osoz, ederki baitakite ez diela huts eginen. Justu kontrakoa; diskoz disko, exigentzia maila gorago jartzen du. Irla izan (Bidehuts, 2009), Zure aurrekari penalak eta Epilogo bat (Bidehuts, 2016) horren froga argiak dira.

Anari unibertso bat da, ahots batek, melodiek, hitzek, kantuek, ehunka kontzertuk eta milaka zaleek osatzen duten unibertso bat. Komunitate sentimendu azkarra bada Anarizaleen artean

Habiak ez da bere diskografia jada oparoko lanik goraipatuena. Baliteke denborarekin haren soinua zahartu egin dela, baina Anarik eternitateari eskaini harribitxi guzti horien artean, aitortu behar dut nire gogokoen artean dagoela. Lapurdin zuzenean preziatzeko lehen aukeretarik bat, disko honen aurkezpen kontzertu batean izan genuen, 2002ko apirilaren 19an Baionako La Luna Negra kabareteko giro intimoan hain zuzen. Handik hona, ateak ireki dira, kontzertu parrasta bat izan dira, bai Lapurdin, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo ere.

Lehen disko hartako freskotasun gozagarriaren konfirmazioa baino askoz gehiago da Habiak. Historia egitera etorria den artista handi baten obra da. Itoiz-etik Bide Ertzean-eraino, batzuk jadanik euskal rockaren esparrua zabaltzen hasiak baziren ere, hamaika kantu hauek izugarri lagundu zuten mende hasierako euskarazko rockaren mugak zabaltzen.

2000. urtean Egunkaria-ri eskaini elkarrizketan, kantariak berak zioen ez zuela bere burua Anari bezala ikusten luzaroan eta ez zuela baztertzen etorkizunean beste zerbait egitea. 20 urte iragan dira eta zorionez, beti kantu eta disko berriak egiten dihardu. Ez dira hainbeste hain ibilbide oparo, luze eta koherentea izan duten artistak. Egunotan beste zuzeneko disko bat kaleratu duen Nick Cave horietarik bat da. Aspaldi du ordea, Anarik ez duela inoren erreferentziaren beharrik bere bide eredugarria jarraitzeko.

ETIKETAK:-gailüAkauzazteAnariAsier ZuluetaBap!!DutEsan OzenkiFermin MuguruzaJon MaiaJon Oiartzun 'Jomes'Juan Luis ZabalaKaki ArkarazoLisaböM-akMikel AbregoMikel AzpirozPello RamirezPettiRuper OrdorikaXabi StrubellXabier Olazabal 'Drake'Xabier ZeberioZura