Musika

Peru Azpillaga

2018.09.21

Peru Azpillaga

Antipodetan jaiotako kantak

Talde berria izan arren, EraBaterako kideek ezer gutxi dute hasiberritzat. Proiektua Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria jotzaileak abiatu zuen; etxean momentu pertsonal zail bati aurre egiteko “mimo handiz” landutako abestiak plazaratzeko sentitzen zuen beharraren ondorioz. Hori aurrera ateratzeko, eskarmentu handiko musikariak biltzea lortu du: Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero baxu jotzailea, Ken Zazpiko Beñat Serna gitarra eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza ahotsetan. Antipodetan bataiatu dute bederatzi kantuz osatutako haien lehen diskoa.

8604518

Gaizka Salazar, Josu Aginaga, Mikel Caballero eta Jurgi Ekiza, atzo, Kafe Antzokian. (Luis Jauregialtzo / Fokus)

“Diskora joz, agian oihartzunen bat senti dezakegu aurreko talde horietakoa, baina nahiko urruna; oro har, berritasun asko dakartza, freskotasun handiko diskoa da, kantuek garapen eta konponketa oso bereziak dituzte eta atzetik istorio pertsonal bat dagoela nabari da” azaldu du Jon Basaguren musikaria, taldearen komunikazio lanetan murgildurik. Diskoa interesgarria izateaz gain, kolaborazioek “puntu” bat gehitzen diotela nabarmendu du. Besteak beste, Eñaut Gaztañagaren programazioak, Juan Alberto Batiz-en gitarra, Akatz taldeko haize sekzioa eta Ander Erzillaren saxoa aditu daitezke diskoan zehar. Horretaz gain, Josu Aginagaren gitarrak lagunduta ibiliko dira hurrengo hilabeteetan eskainiko dituzten zuzenetan.

“Egia esanda, hasiera batean ez neukan pentsatuta disko bat kaleratzea ezta talde bat sortzea, eta are gutxiago nik sortutako abesti horiek zuzenean jotzea” aitortu du Gaizka Salazarrek. Kantugintza min pertsonal batetik abiatutako bidea izan zen harentzat; “hortik hasi nintzen etxean kantu txiki batzuk egiten, letren bidez ideia batzuk azaleratzen eta pixkanaka handituz joan da dena”. Bai familiak eta baita lagunek asko animatu dutela adierazi du eta, horri esker hartu zuela taldea eratzeko erabakia.

Taldekideak aukeratzeko orduan ez zuen dudarik izan Salazarrek, Caballero aspalditik ezagutzen zuen eta “anaia” bezalakoa da harentzat; Serna eta Ekizarekin ordea ez zuen hainbesteko harremanik eta “dudaz beterik” kontaktatu zuen haiekin: “egun, oso pozik nago musika haiekin konpartitu izanaz, hasieran beldurtuta hots egin nien baina, gero, denak batu ziren proiektura”. Prozesua ere, berezia izan dela nabarmendu du. Normalean talde bat elkar ezagutzen da lehendik, batera entseatzen du, parrandak botatzen ditu eta musika konpartitu egiten dute. “Oraingoan ordea bestelakoa izan da, bakarka konpartitu ditut haiekin nik etxean konposatutako abestiak eta grabatutako maketa, beraz, nolabait esanda, estudioan ezagutu dugu elkar”. Hala ere, hasieratik konexio ikaragarria izan dutela dio, “kanta batzuk lehenengo entseguan jada primeran ateratzen zitzaizkigun; prozesu polita izan da benetan, nituen espektatibak nabarmen gainditu egin ditu”.

Antipodetan
Diskoaren izenburuak, proiektuaren atzetik dagoen istorio pertsonalari egiten dio erreferentzia. Salazarrek aita galdu zuen orain dela bost urte eta horren ondorioz, pare bat urte “noraezean ibili zela” azaldu du. “Antipodetan sentitzen nintzen, amatatuta eta burua beste toki batean nuela, hala hasi nintzen kantuak idazten eta konposatzen”. Intimitatetik sortutako egitasmoa da beraz, EraBatera taldea, pixkanaka handituz joan dena. “Ez dakigu noraino helduko garen, guk ez diogu helbururik ezarri proiektuari, denboran ahalik eta gehien luzatzea gustatuko litzaiguke baina ez gara horrekin tematuko ere”. Diskoak harrera ona izan duela uste dute. Aitzitik Salazarren aburuz, patxadaz entzun beharreko lana da, kantu komertzialik ez duena eta denborarekin proiekzioa izan dezakeena; “nik ibilbidea ikusten diot, eta ilusioa behintzat badago”. Jada kontzertu batzuk dituzte lotuta, batez ere azaroan zehar –lehenengoa Bilboko Kafe Antzokian izango da, azaroaren 8an–. Jaialdiren batean aritzeko eskaintzak ere jaso dituztela aitortu du Salazarrek, beraz, “ikusiko da zenbaterako ematen duen egitasmoak”.

ETIKETAK:AkatzAnder ErzillaBeñat SernaEñaut GaztañagaEraBateraJosu AginagaJuan Alberto BatizJurgi EkizaKen ZazpiMikel CaballeroWillis Drummond