Musika

badok

2018.08.28

badok

Benito Lertxundiren diskoaren aurrerapena entzungai

Benito Lertxundik urrian kaleratuko du Ospakizun gauean disko berria, baina aurrerapen gisa kantu bat plazaratu du plataforma digitaletan. “Kimu bat zuhaitzan” da diskoa iragartzeko aukeratu duen abestia, country-folk kutsua duena. Kantuaren egilea Allan Rankin abeslari kanadarra da, eta Jon Maia bertsolariak ekarri du euskarara. Abestian Errenteriako Zaria Koru Eskolako gazteek hartu dute parte, Imanol Elizasu Lasaren zuzendaritzapean. Datorren larunbatean Zarauzko udal kiroldegian joko du Lertxundik, 22:00etan hasita, eta bertan lan berriko zenbait kantu entzun ahal izango dira.

Lertxundiren hamazazpigarren disko luzea da Ospakizun gauean. Aurreko guztiak Elkar diskoetxeak argitaratu ditu, baina oraingoan Lertxundik berak sortutako Kantaita Enea zigilupean plazaratuko du. Duela hilabete batzuk Orioko Karkara aldizkariari emandako elkarrizketa batean, autoekoizpenera jotzeko arrazoiaz galdetuta hauxe erantzun zuen Lertxundik: “Arrazoi nagusi bakarra dago: obraren jabetza. Hamarkada askotan musikariok traketsak izan gara kontratuak eta halakoak sinatzerakoan. Kantuak ia opari eman ditugunaren sentsazioa dut”.

Disko berriaz luze mintzatu zen Lertxundi elkarrizketa horretan. Hemen irakur dezakezue osorik.

ETIKETAK:Allan RankinBenito LertxundiElkarJon MaiaKantaita Enea Records