Musika

Ane Eslava

2021.03.03

Ane Eslava

Bere bidea hartuta, etiketetatik kanpo

Ez da bakarka ematen duen lehen diskoa, eta badu eskarmentua musikari gisa, baina Eneritz Furyaken bigarren lanak —single bat ere atera zuen 2018an— «mugarri» bat ezarri du bere ibilbidean. Gehien landu duena da, gehien «hausnartu» duena; erabaki bakoitza «kontzienteki» hartu du, eta bere estiloa eta soinua sendotu ditu. Hamar abestik osatzen dute Emadan, batzuk berriak eta beste batzuk aurretik konposatuak, eta bere etxeko estudioan grabatu du osorik. Bihar Donostian erakutsiko du, kontzertua emango baitu Dabadaba aretoan.

ENERITZ FURYAK

Eneritz Furyak kantari eta musikaria. (Guillaume Fauveau)

Sarritan folkean sailkatu dute Furyaken musika, baina, hark dioenez, inoiz ez da eroso sentitu etiketa horrekin. «Ez delako egiten dudana, eta, asko edan dudan arren folk amerikarretik eta rock-and-rolletik, azken urteetan dezente aldendu naizelako hortik». Oraingoan, «jantzi bat» txertatu dio folketik gertu dagoen oinarriari, beste musika estilo batzuetan oinarrituta: elektronikoak, industrialak. «Oinarriak, elektronikarekin jantzita, beste norabide bat hartu du», adierazi du.

Musikariaren arabera, lan hau «kontzientzia hartzeko» une bat izan da: «Ohartu naiz orain arte egin dudanak zeukala balio jakin bat, baina ez zela hain kontzientea, egiten nuela intuizioz. Honetan izan dut aukera edo gaitasuna hautatzeko soinu bakoitza, hitz bakoitza…». Ondorioz, azken emaitzako ezer ez da izan ausazkoa. «Ia ezer ez», zehaztu du. «Etxean katu gazte bat dugu, eta atea irekitzen zidan; bada, kolpe horiek uztea erabaki nuen. Hori ez da hasieratik hautatua, baina hor uztea, bai, kontzienteki hautatu dut».

Kantuen hitzak ere ez dira ausazkoak. Ideia batek biltzen ditu jorratu dituen gai guztiak: bizitzak bi bide eskaintzen dizkiola gizakiari; edo ezarritako inertziei jarraitzea, edo bere bidea hartzea, horrek dakarren ahalegin eta sufrimendu erantsiekin. «Egunerokoan bizi dugun talka bat da: agintzen dizutenetik atera zaitezke, baina horrek sor diezazuke baztertua izatea, edo etengabe borrokatu behar izatea», azaldu du Furyakek. Kontzeptu horren aterkipean, beste gai batzuk jorratu ditu, askotan jolas poetikoen bitartez. Modu esplizituan ez bada ere, kritika sozialari tartea egin dio, eta hainbat galdera proposatu dizkio hartzaileari.

Itaun nagusiak lehenbiziko kantuetan planteatu ditu. “Emadan”-en zentzuari galdetu dio «non dagoen, zer gertatu zaion, ongi al dagoen». Bigarren kantuan, “Suhartzea”-n, galdetu du ea, inoiz norberaren ideiak sutara botako balituzte, ohartuko ote litzatekeen. «Zure ideiak erreko balituzte, gai izango zinateke usain hori identifikatzeko, beste usain batzuk identifikatzen dituzun bezala?», galdetu du. “Beltzaile”-n, berriz, egun iruzurtiaren sindrome gisa ezagutzen den kontzeptu psikologikoaz mintzatu da, termino hori gustuko ez duela zehaztuta. «Kantuak zera esaten du, etengabe jarri badituzte zure ideiak zalantzan, eta haiek erretzen saiatu badira, normala dela zu zeure buruarekin gaizki sentitzea; hartzaileari gogorarazi nahi dio agian bere barruan badela berak ikusten ez duen zerbait, balioa daukana».

“Etxean, aita ere sortzailea izana da, eta amak deitzen digu ‘farozainak‘, gauean argia piztuta uzten duten ero horiek”

Baina disko osoa laburbiltzen duen kantua aurrerago dagoen bat da: “Sinkropredazioa”. Beste kantuek zabaltzen dituzten mezu ilunen ondoren, «soluzio praktiko bat, agian utopikoa» proposatzen duela azaldu du. «Arraintxoaren eta marrazoaren irudia da: marrazoak arraintxoa jaten du, baina arrainak asko badira, marrazoak ezin die aurre egin».

‘Egin ezazu zuk zeuk’ kultura
Musikari gisa askotariko artistak izan ditu erreferente —James Blake, Serpentwithfeet, Xabier Lete, PJ Harvey, CocoRosie, Tricky…—, eta uste du influentzia horiek guztiek bere sorkuntzan eragina izan dutela. Disko berria egiteko garaian, baina, bereziki izan du gogoan FKA Twigsen Magdalene diskoa.Sortze prozesua lasaitasunez bizi izan du. Berez, diskoaren oinarria lau bider grabatu zuen, eta hirutan alde batera utzi zuen. «Itxaroten jakin nuen, eta laugarren aldi hartan, argi ikusi nuen», kontatu du. 2020ko urtarrilean izan zen, eta aste bakarrean egin zuen alderdi elektronikoaren produkzio osoa; urte askotako lana, une batean hautaturik. Egun horiek ez ziren bereziki lasaiak izan, kontatu duenez: «Etxean, aita ere sortzailea izana da, eta amak deitzen digu farozainak, gauean argia piztuta uzten duten ero horiek». Geroztik, hilabeteak igaro ditu dena nahasten eta masterizatzen, osotasuna har zedin, Mono musikari irundarraren laguntzarekin.

Pandemiaren ondorioz, diskoa argitaratzeko unea atzeratuz joan zen, eta momentu jakin batean ikusi zuen ezin zuela gehiago itxaron, «gauzek iraungitze data dutelako». Edonola ere, esan du, testuinguruak ezjakintasuna ekarri badio ere, «undergroundean edo txikitik» aritu denez beti, egokitzera ohituta dagoela, eta oraingoa ez dela izan aurretik bizitakoaren oso ezberdina, «tristea bada ere». Lana autoekoiztearen erabakia punkaren munduan hazi izanarekin lotu du: «Ikasi nuen jende batekin egin ezazu zuk zeuk kulturan mugitzen zena, eta ni dagoeneko ez naiz mundu horretan mugitzen, baina funtzionatzeko era hori nire DNAn sartuta dagoen zerbait da».

Biharko kontzertuari begira, «gogotsu» dagoela esan du, gutxitan jo duelako Donostian, baina gertuko dituen musikari asko hangoak dira. «Jende horren aurrean jotzeak, Dabadaba bezalako toki batean, emozio aldetik puntu berezi bat izango du».

ETIKETAK:Eneritz FuryakXabier Lete