Musika

Nora Arbelbide

2018.02.09

Nora Arbelbide

Deus ez dute planifikatu

Bi ahots, bi gitarra, beste artista batzuen kantu eta doinuak eta XX. mendeko 70eko hamarkadako folka. Horra Pauline eta Juliette bikote artistaren oinarria. Pauline, hau da, Pauline Junquet (1994, Kanbo) eta Juliette, Juliette Alfonso (1998, Mananjary, Madagaskar), ttipitatik Itsasun bizi dena. Horrekin hasi ziren, eta horri eutsi. Gaur, berriz, talde formatua dute estreinatuko Senperen. Hegaldaka lehen diskoaren lehen aurkezpen ofiziala dute Larreko salan, 20:30ean. Zazpi musikari ukanen dituzte lagun, dela Ludovic Timoteo, Xabi Etxeberri eta Jimmy Arrabit.

Pauline Juliette berria

Ezkerretik eskuinera, Juliette Alfonso eta Pauline Junquet, Itsasun; bertan bizi da Alfonso. (Isabelle Miquelestorena)

Arrakasta beti erlatiboa den arren, 2014ko abenduan elkar ezagutu eta egin dutena bada zerbait, hasteko, haien gaztetasunean bereziki. Lehen urtean hamar bat kontzertu, bigarrenean hogei bat eta iaz 40 bat eta diskoa. Ongi saltzen ari da. Tartean, Benito Lertxundiren lehen partea Baionako antzokian, eta showcase bat Baiona-Ametzondoko Ikea zentroko Cultura saltokian. Kantaldiak ere izan dira, Aiherran eta Arrosan. Baita aurkezpen bat ere, Durangoko azokan. Miarritzeko Le Regina hoteleko bideoa ere badute: 56.000 klik baino gehiago ditu. Funtsean, bikotea frango presente da sare sozialetan. Baita prentsan ere. Fenomenoa aipatu nahian, fenomenoa elikatzen.

Irriz diote haiek ere ez dutela ongi ulertzen arrakasta hori. «Ez dugu esplikatzen, biziki harrituak gara. Ez dugu ulertzen zergatik arrakasta hau. Bertsioekin gainera. Bi gitarra eta bi ahots. Izugarri sinplea da», dio Alfonsok. Junquetentzat, beren «gaztetasunak eta freskotasunak» esplika dezake. Azkenean, identifikatzen errazak ere badira. Erraz pasatzen da. Mezuari dagokionez ere, mezu baikorrak dituzte nagusi; hor ere, proiekziorako errazak.

Hasteko, argi dute ez dutela deus aitzinetik planifikatua: «Gauzak bakarrik heldu dira», borobildu du Alfonsok. Haiek bederen ez dute deus bilatu. Diskoan bertan dituzten kolaborazioak, dela Xabaltx, Thierry Biskari edo Anje Duhalde, hauek jin zaizkie. Duhaldek kantu bat ere idatzi die. Diskoaren grabaketa Manex Meyzenc Agorilako zuzendariak zien proposatu, bikotearen musika gustukoa zuela-eta: «sostengu izugarria da», baieztatu du Alfonsok. Eta bikoteak beti baietz —nahiz eta orain hasi diren ezetz erraten—, irriz Junquetek.

Bertsioak eta sorkuntzak
Diskoan segitzen dute bertsioekin. Horien artean, Simon and Garfunkel bikotearen “The Sound of Silence”. Haien lehen kantua. Badute Francis Cabrelen “Des hommes pareils” ere. Baina berenak ere badituzte, euskaraz, laguna duten Maddi Sarasua bertsolariaren laguntzarekin osatuak. Geroan kantu batzuk frantsesez idatzi nahiko lituzkete, haiek berek. Baita gaztelaniaz ere. Garrantzitsua zaie hizkuntzen nahasketa hori.

Baina Junquetek dio oraingoz euskaraz idaztea «errazago» zaiela. Ingelesez ez omen dute mailarik. Frantsesak, berriz, «inpaktu gehiegi» omen du beren baitan; eguneroko hizkuntza dute. Euskara, berriz, sare elebidunetik jaso zuten, eta baita euskal kultura. Hasieran, kantu guztiak ingelesezko bertsioak ziren.

Telethonen alde
2014ko abendua izan zuten hasiera: egun hartan, Telethonen alde aritu ziren Kanboko elizan. Mikel Erramuzpek antolatu zuen kontzertua. Kanboko Saint Michel kolegioko zuzendariak bi musikariak ezagutzen zituen ikasle bezala. Bakoitza bere aldetik aritu zen kontzertu hartan; egun hartan zuten elkar ezagutu.

Hortik laster, Arrosako kontzertu bat iritsi zitzaien. Kalakan taldeak lehen zatirako talde bat behar zuela-eta, Erramuzpek egin zuen lotura Junquetekin. Junquet «pixka bat beldurtua» zenez, Alfonsorekin jarri ziren harremanetan. Eta horra bikotea, ofizial egina. Orduan ziren hasi euskarazko bertsioak kantatzen. Kalakanen lehen partea izanik, nolabait logikoa iduritu zitzaien euskarazko kantuak jotzea.

Arte horretan bi aitzin dasta ukan zituzten. Bata, EITBko Azpimarra emankizuneko lehen zuzenekoa. Madagaskarreko haurren alde ari den Amadea elkartea aurkeztera joan zen Alfonso. Eta, bide batez, Junquetekin zuzenean kantatu zuen. Elkartearen aldeko gaualdian ere aritu ziren. 

Geroztik bi urte eta erdi iragan dira. Beti «ikasten» segitzen omen dute, bide propioaren bila. Diskoan badute kantu bat bide hori azal dezakeena. “Zampa zampa” da kantua. Diskoko bakarra haien musika duena, hitzez gain. Geroari begira zerbait sakontzekotan, hortik jo nahiko luketela diote. Euskaraz eta malgaxez idatzia dute kantua, eta, musikari dagokionez, haien ohiko folka baino dantzatuagoa da. Instrumentu gehiago ditu.

Musikari gehiagoren laguntza izan dute diskoan, oro har. Taldearen indarra, hori dute oraingo erronka. Gaurko kontzertua lehena izanen dute taldearekin. Eta horretan segitzeko asmoa dute, nahiz eta ez diren bikote formatua uztekotan. Musika jotzea zaie garrantzitsuaena, kantatzea. Horretan dute plazera. Alfonsok ikasketak bazter batean utziak ditu mementoko. Eta Junquetek, berriz, hotel bateko harreran zuen lana utzi du, bateraezina egin baitzitzaion kontzertuen ordutegiekin. Musikatik bizi ahal izateko, mementoko intermitentzia paperen betetzen ari dira. Ea zer emanen duen. Baina saiatu, saiatu nahi dute, ikusiz orain arte saiatzeak funtzionatu diela.

ETIKETAK:AgorilaAnje DuhaldeBenito LertxundiJimmy ArrabitKalakanLudovic TimoteoMikel ErramuzpePauline & JulietteThierry BiskariXabaltxXabi Etxeberri