Musika

Ihintza Orbegozo

2015.11.23

Ihintza Orbegozo

DISKO KRITIKA: ‘Aurri gara’ (Izaki Gardenak)

aurrigara

Poliki-poliki badoaz haien lekua hartzen Izaki Gardenak taldekoak euskal musikagintzan, eta bigarren disko luzea plazaratu berritan, hemendik hara eta handik hona ari dira euren musika lau haizeetara zabaltzen, aurtengo lanik ederrenetako bat dakarkigutelarik.

Duela bi urte Amaieratik hasi diskoarekin egin zen ezagun beste hainbat taldetatik etorritako boskotea. Hasiera batean Jon Basagurenek berak sortutako abestiei forma emateko proiektu bezala sortu zuten Izaki Gardenak, baina inguruko lagunekin talde formatua hartu, eta bat egiten jakin dute taldekideek, proiektua Jonek berak gidatzen badu ere. Folk, rock eta pop doinuak nahastuz, soinu propioa bilatzen jakin izan zuten hasieratik, baina oraingoan heldutasunera iritsi dira gainera. Joseba Baleztenak gitarra eta Iker Fernandezek bateria utzi, eta horien hutsunea ongi baino hobeto betetzen, hurrenez hurren, Eneko Zabala eta Arkaitz Ezkai ageri zaizkigu lan berrian, lehendik ere taldea osatzen zuten Eneko Leza eta Libe Garcia de Kortazarrekin batera.

Azkenaldian gure inguruan loratzen ari dira folk-rock amerikarra jorratzen duten taldeak, Lou Topet eta Aguxtin Alkhat kasurako, eta Gasteiz eta Iruñe arteko boskotea loraldi horren adibide garbia dugu, gitarra akustikoaz lagundutako doinu lasaiak, malenkonia kutsu nabarmen bat nabari zaielarik. Hitzetan ere nabari da hori, gizartearen inguruko kritika eta barne hausnarketara bideratzen gaituzten esaldiz beterik baitago lana, «Odolik ez daukana banpiroen hirian zoriontsu izatetik hurbilago dago» edo «itotzen nauten ametsak, aspaldi nik bilatu nituen» bezalakoetan ikus daitekeen moduan. Diskoaren izenburuak ere zeresana eman du, batek baino gehiagok begiratu behar izan baitu hiztegian «baliabide gutxi izatea» bezala definitzen duen aurri izan hori, eta Aurri gara” izeneko abestian ongi baino hobeto ikus daiteke: «Aurri gara. Oinutsik, babes gabe eta badator negua». Hori guztia, Jon Basagurenen ahots berezi eta nahastezinaz eta Libe Garcia de Kortazarren teklatu eta koru eztiez lagundurik.

Musika eta hitzak primerako soinu garbiz ageri zaizkigu, xehetasun guztiak nabarmen preziatzen direlarik, taldearen izenak berak ongi deskribatuko lukeen eran, estudioko lanean izan duten Victor Sanchezen ezinbesteko laguntzaren ondorioz.

Udazkena euskal talde eta bakarlariek euren lan berriak argitaratzeko garai ohikoena izaten da Euskal Herrian, Durangoko Azoka ere laster izanik erakusleiho aparta baita sortzaileentzat. Horregatik, aukera zabala izan eta denetariko sorpresak jasotzen ari garen garai honetan, diskorik txukun eta ederrenetako baten aurrean gaudela esatera ausartuko naiz, bai taldekideek eta baita ekoizleek ere lan bikaina egin baitute, emaitza paregabe bat lortuz. Abenduan Durangoko Azokan erosteko ezinbesteko bat, inongo dudarik gabe.

(Berria egunkarian, “Aurri izanik ere, ezer” izenburuarekin 2015eko azaroaren 22an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatDiskoakHemerotekaIzaki GardenakJon BasagurenJoseba B. LenoirKritikakLibeLou TopetOihuka