Musika

Jon Urzelai

2022.06.17

Jon Urzelai

Disko kritika: ‘Bezperen dirdira’ (Lumi)

Bezperen dirdira

Gizakiaren eta makinaren arteko mugetan arakatzearena ez da kontu berria, jada badira zenbait hamarkada artea horretan ari dela. J.G. Ballard idazlea autoen talketan plastikoa, beira eta metal puska amorfoak baino gehiago bilatzen tematu zen gisa berean ausartu zen Jean Tinguely eskultorea gailu mekanikoak bere obraren protagonista bilakatzen. Haragia eta metala uztartzeko saio bera egin dute zenbait filmek ere: zeresana eman zuten Tetsuo burdinezko gizona edo Titane gordina izenda genitzake tradizio horretan, besteak beste.

Donibane Lohizuneko Lumi bikotea zortzi urteko ibilbidean halako zerbait egiten saiatu da; kableetatik odola igaroarazten, alegia, edo zainetatik kobrea, nahiago bada. Haien aurreneko EPan osagaiak oraindik bereiz zitezkeen, baina Itzal zikinak lehen lan luzean jada gaitza zen materia inorganikoa non hasi eta organikoa non amaitzen zen jabetzen. Hautu kontzientea zen hura: Nahia Zubeldiaren ahotsa eta gitarra eraldatu zituzten etengabe, eta Manu Matthysen sintetizadore analogikoen erritmo geroz eta konplexuagoek elementu guztiak bildu zituzten. Azalak iradokitzen zuen moduan, talka bortitza baino, bi munduen arteko banalerroak lausotuko zituen besarkada bat gauzatzen saiatu ziren orduan.

Bezperen dirdira disko berrian txirikordatzea estuagoa da oraindik. Gitarrarik ez da jada, eta glitch ehundurak, hezurdura industrialago bati dagozkion hotsak, kolpeak eta giroak, denak dira indartsuagoak bederatzi kantuotan. Soinu hodei trumoitsu bat heda dadin ere uzten dute zenbaitetan, harrabots mekanikoa eta ahots mutante bat era irudimentsuan josiz. Zubeldiaren ahots ederra bere horretan biluzik ager zedin uztea litzateke errazena, baina nahiago izan dute reverb onirikoz jantzi edo zeinahi efektu digitalez mozorrotu eta pultsu irmoak agintzen duenaren arabera transformatu. Sinbiosia lehenetsi dute; bizitza propioa duen izaki bat sortu eta menderatzen saiatu gero. Baita lortu ere. Lumi ez da Arca bezain lotsagabea, ezta The Knife bezain hezigaitza edo Gazelle Twin bezain oldarkorra ere; dotorea da, deslotua zenbaitetan, bai, baina neurritsua beti. Hemen gertu, Maria Arnal eta Marcel Bagés bikotea aipa genezake pareko ibilbidea egin duen musika proiektu gisa, azal leunaren azpian inperfekzio zehatza gordetzen baitute haiek ere. Lumi talde bakana da, dena den, talde handi guztiak izan ohi diren moduan.

Duela zazpi urte Antton Iturbe kideak balizko “Euskaltechre” batzuez idatzi zuen Berria-n, abstrakzio elektronikoan maisu diren Autechre bikotearen euskal aldaera bat entsegu lokal batean irudikatuz, doinu elektronikoei entzungor egiten genien garaiez ari zela. Halakorik inoiz izan badugu, horixe da Lumi; Euskal Herrian azken hamarkadan izan dugun loraldi elektronikoaren gailurra eta aspaldian iragarria zegoen istripu inprobable bat. Disko honek hein horretako aitortza izan beharko luke.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakLumiManu MathysNahia ZubeldiaUsoPop Diskak