Musika

Jon Urzelai

2018.02.22

Jon Urzelai

Disko kritika: ‘Bideak darrai’ (Skabidean)

skabidean_azala

Konturatzerako atzean geratu dira Nafarroako hiriburuan dantza egiteko esperantza txikiren bat zutenei Juantxo Skalarik Iruñea heavy metala zela ohartarazten zien egunak. Sasoiak aldatu dira beraz, eta zalantzak ditut ea garai berriek doinu berritzaileak ekarri dituzten edota Skalariakeko abeslari zenaren uste hura hasiera beretik okerra ez ote zen. Dena dela, kontua da ska talde bat zeresana ematen ari dela Iruñerrian. Hemen eta orain. Beste behin.

Euskal Herrian sasi-ska egin duen talde saldoak eragindako saturazioaren ondorioz ska aurrizkiarekin sortutako hitz posibleen aukerak agortuta zeudela uste genuen honetan (buruari eragin eta skafandra edo skatergories bezalako hitz arrotzetara jo beharko luke egun halakorik sortu nahiko lukeenak), Skabideaneko mutil gazteek beraien bigarren disko luzea kaleratu dute. Enegarren klona izan zitekeenak halako zeresana sortzearen zergatia ulertzeko azpimarra dezagun gurean ohikoa den ska-usteko delako horrek Ingalaterran 70eko hamarkadaren amaiera eta 80ko hamarkadaren hasiera bitartean jorratu zen 2Tone delakotik eta haren erantzun euskaldunetik edan duen tamaina berean heldu diotela nafarrek Jamaikako soinuek berezkoa duten goxotasunari. Punk zuritik eta autoimitazio eta autoerreferentzialtasun kiribil amaigabetik zertxobait ihes egin eta erroetan topa daitekeen berotasun beltzari egin diote so eta, soilik horregatik balitz ere, merezi dute aitortzarik.

Iruñerriko gazte hauek, pianoaren eta kontrabaxuaren laguntzaz, rocksteady, early reggae eta antzekoen xarma aldarrikatu bai, baina genero ariketa soil bat egitea saihesten saiatu dira Bideak darrai izeneko disko honetan. Lan honek baditu lelo itsaskorrak (“Itzaletako amorantea”), ezinbesteko saiakera instrumental dotoreak (“Ezkaba” gorabeheratsua eta “Suzko gurdiak” film mitikoaren soinu banda are mitikoagoaren moldaketa), berezko groovea duten abestiak (“Don Boogie On”) eta baita Oskorriren bertsio bat (“Aita semeak”) eta, nola ez, dub jolasti bat ere (“Kamaleoia Dub”).

“Iruñea Jamaica Clash” abestian zera diote: “zerbait zabaltzen ari dea Iruñerrian zehar”. Ez naiz ausartuko hori hala ote den epaitzen, baina argi da jamaikar doinuek gurean zeresana ematen jarraitzen dutela, dela Xiberoots mauletarren raggamuffinarekin, Sustrajah Band bizkaitarren reggaearekin, Glaukoma jada izar bilakatutakoekin, Araialdeako sound-systemekin edo Euskal Herri zabalean topa daitezkeen beste hamaika adibiderekin. Interneten historiako musika guztia eskura dagoen garaiotan, iraganak emandako oro geroa eraikitzeko baliagarri izan daitekeela frogatzera ez ote datozen hauek guztiak, indarra hartzeko batzuetan pauso bat atzera egitea beharrezkoa izan daitekeela, alegia.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakJuantxo SkalariOskorriSkabideanSkalariak