Musika

Ihintza Orbegozo

2015.10.26

Ihintza Orbegozo

DISKO KRITIKA: ‘Egunkari ezkutua’ (Zura)

zura

‘Egunkari ezkutua’ (Zura, Oihuka, 2015)

Xabi Strubell izena irakurtzean jende askori Dut taldea etorriko zaio gogora, duela hamarkada pare bat euren post- hardcore doinuekin Euskal Herriko musikaren egoerara aire berritzaileak ekarri zuena, eta gaur egungo talde asko eta askorentzat erreferente bilakatu zena. Baina badira jada hamar urte hirukote hartako liderrak Zura taldea sortu zuela, euskal musikan euren lekua eta jarraitzaileak eskuratuz. Orain disko berriaz datoz, ibilbideko hirugarrena.

Egunkari ezkutua izenburupean argitaratutako lana 11 abestiz osatuta dago, eta aurreko Kiribil diskoko bossa nova erritmoak alde batera utziz, hemen rock doinuak dira nagusi. Horren barruan, hala ere, askotariko aldaerak aurki daitezke, Hipotesi txalogarriena”-ko pop-rock dantzagarria ia ukitzeraino heltzen diren melodia poperoagoetatik, Negar ixila”-ko gitarra astunetaraino.

Diskoa, gainera, literaturarekin zuzenean lotuta dator, hitz guztiak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren Leturiaren egunkari ezkutua liburuan baitaude inspiratuta —ez dira liburuko pasarteak, hartan oinarrituz Strubellek asmatutakoak baizik—, eta eleberriaren formatua mantendu dute, lau urtaroen segida errespetatuz, eta bakoitzari bi edo hiru abesti dedikatuz. Musika ez ezik hitzk ere aztertzea gustatzen zaionari komeni zaio, beraz, liburua (berriz) irakurtzea, askoz hobeto ulertzen baita 1957an Txillardegik idatzitakoa. Hark zioen «zeru lurraren handia eta ederra dastatu» «badirudi mundu zoragarri bateko sarean gaudela» modukoekin kritiko azalduz, edo lehen aipatu “Hipotesi txalogarriena”-n «iluna da poesia, alaia ez da poesigarri (…) zoriontsu zan, etzun idatzi aro hartan» bezalako esaldiekin, egunkarian zoriontsu zenekoan «ezin idatzi, ezin loak hartu, ezin ezer» horri erreferentzia eginez.

Abestiek, oro har, liburuaren esentzia transmititzen dute gainera, eta hasierakoetan melodia entzunerrazak ageri zaizkigu. Baina aurrera egin ahala, gitarra pisutsu horiek, doinu geldo eta progresiboak, erritmo aldaketa bortitzak —Ta heriotza” edota Landareak” kasu— eta distortsio gehixeago nabaritzen dira, bai gitarretan eta baita, nonbait, ahotsetan ere. Mikrofonoan ez da bakarrik aritu Strubell, diskoan zehar hainbat kantutan entzun baitezakegu Willis Drummond taldearekin ezagun egin eta bakarkako lehen lana ateratzear dagoen Jurgi Ekiza, baten ahots latza eta bestearen melodikoa ezin hobeki uztartuz.

«Dut-eko abeslariaren gaur egungo taldea» izatearen karga gainetik kentzeko moduko lanaren aurrean gaude —bada ordua gainera—, kalitatezko lana baita, erabatekoa. Nire diskografian, behintzat, egun batetik bestera ezinbesteko bihurtu da, ze, sinets iezadazue, entzuten hasteaz bat, guztiz engantxatzen zaitu.

(Berria egunkarian, 2015eko urriaren 25ean argitaratutako disko kritika)

ETIKETAK:DiskoakDutHemerotekaJurgi EkizaKritiikakWillis DrummondZura