Musika

Julen Azpitarte

2019.06.30

Julen Azpitarte

Disko kritika: “El regreso del niño indio” (Maraca Diablo)

cover

Maraca Diabloren atzean Mendaroko Munlet bikoteko Ina Iriondo Herr Professor gitarra jotzailea dago, eta elektro-punk egitasmo hori bere ahalegin nagusia bada ere, Maraca Diablo aintzat hartu beharreko proiektua da. Inak, halere, oso lantzen behin astintzen ditu deabruaren maraka hauek. 2012an, hain zuzen, Hail zigurat! izenburuko estreinako lana plazaratu zuen, eta nik neuk urteko lan azpimarragarrienen artean aipatu nuen egunkari honetan: «Munleten elektro-punk-rock soinutik urrun dagoen proposamena da. Jatorria Uler 600 taldean du, Inak hantxe jo baitzuen Munlet abiatu baino lehen. Zortzi kantuetan gitarra iradokitzaileak eta tempo ertain eta ilunak nagusitzen dira. Oraingoan, rock eskema klasikoetatik hurbilago dauden doinuak idatzi ditu. Abestiak sinpleak izanagatik ere, ñabardurez josita ateratzen dira bozgorailuetatik, konponketa eztiak entzuten baitira han eta hemen».

El regreso del niño indio hau, baina, ez da bere aurrekoen jarraipena, inondik ere; batetik, lan askotarikoagoa delako, eta, bestetik, ezaugarri berritzaileak biltzen dituelako, tartean, euskararen presentzia handiagoa. Horrekin batera, grabazioak zantzu biografikoak gordetzen ditu, edo hamabi kantuek nolabaiteko mapa biografikoa osatzen dute, diskoa Inaren bizitzaren azken urteotako soinudun biografia bat baitirudi. Areago, bere bizitza musikala marraztu duten musiken bilduma bat dela esatera ausartuko nintzateke. Inak berak eskatutako promozio orrian hauxe idatzi dut diskoak nigan eragindako erreakzioaren inguruan: «Bere bizitzaren eta musika zaletasunaren erradiografia zehatza edo potreta koloretsua da, eta argazki horretan, desertuak, ametsak eta hildakoak biltzen dira, alegia, giro onirikoak, atmosfera sikuak eta pasarte ilunak. Hori guztia uztartzeko, baliabide eta erreferentzia asko baliatu ditu».

Hala, erreferentzien zerrenda amaiezina da, grabazioak bere pertsonalitate ipurterrea xehetasun osoz islatzen baitu: Nick Drakeren itzala, “Intxaurbakoitza”; western paisaiak, “El regreso del niño indio”; Spiritualizeden hipnotismoa, “Hurbileko izarraren azpitik”; elektro lanbrotsua, “Los Muertos”; sehaska kantak, “Zapata zein beteko dizu”; The Crampsen primitibismoa, “Zaldia, akerra eta inframunduko beste pizti batzuek”, edo Mendarokoak biziki maite dituen Cancer Moon, “Yellow Telephone” doinuaren moldaketa tarteko.

Inaren proposamena zale askoren gustukoa izango da, bihotzaz eta ezagutzaz eraikita baitago, baina batez ere zintzotasunetik egindako omenaldi bat delako. Musikariaren barrua josi duten artistei luzatutako oparia da, bere ezaugarri propioekin jantzia. Azkenik, diskoaren bi bertsio plazaratu ditu, estandarra, digipack formatuan, eta sorpresaz beteta datorren kartoizko kutxa batean datorren bertsio haluzinagarria.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakIna IriondoMaraca DiabloMunletUler-600