Musika

DISKO KRITIKA: ‘Emaidazu mainstream’ (Tutan Come On)

mainstreamcover

‘Emaidazu mainstream’ (Tutan Come On, Egilea editore, 2015)

“Euskal Herriak rockeatzen du, eta nik, eta zuk, rockeatzen dugu». Kantu bakarreko aldarriak segida izan du. Gasteizko Tutan Come On bikoa bueltan da Emaidazu mainstream bigarren diskoarekin, bigarren stoner rock eztandarekin. Ikusgarritasunaren bila, Durangoko Azokan aurkeztu zuten lana. Hain zuzen ere, Musika Zuzenean atariaren postuan eskuratu zitekeen. Kanda eta Ibon bizardunak izan arren, ez zuten ohar berezirik plazaratu. Ez zuten surik piztu. Ez zuten aldeko zein kontrako iritzirik sortu. Horrela ere, jendearen begi eta belarrietara eraman nahi dute beraien diskoa. Eta noski, bertan ez duzu koloretako ametsik topatuko.

Amesgaizto bilakatu da taldeentzat autoekoizpenaren bidetik hedabide orokor zein berezituetan lekua egitea. Horri buruz aritu ziren luze eta zabal Durangon, Gogoetaren Plaza solasaldien tartean. Literatura, musika, zinema zein beste alorretako jakitunek ikusgarritasun eza azpimarratu zuten. Egia da, gurean argitaratzen den guztiaren berri ematea ezinezkoa dela. Baina egia da hedapena lortzen dutenek iragazki hainbat gainditu behar dituztela ere, kolore ezberdinetako irizpideak direla medio. Tutan Come On arabarrek lerro hauek irabazi dituzte, ezer saldu gabe. Arrazoia beste bat da: rock disko ona argitaratu dute.

Urte luzea joan da 2014ko Entzun! urtekariaren bilduman kantu berria sartu zutenetik. Hamabi hilabetera iritsi da arabarren bigarren diskoa, eta ilunago rockeatu dute. Doom lehorrekoa da Hedapena” luzea, mainstream fenomenoarekin talka egiten duena. Beti heltzen da drama”, erritmoa azkartzeko. Stoner ehiztarien gisan, formula eraginkorrena posible egiten dute. Gitarra pisutsu eta bateria indartsuari melodia jartzen diote. Kandaren ahotsak identifikatzen du banda, Neubat, Vice-presidentes eta Trumborekin gertatu bezala. Bideoklip landua egin dute Ezin zaitut begiratu” kantu borobilenarekin. Otso bakartiaren balada”-k izenari kasu egiten dio, desertu bilakatu den basoan barneratuz. Infernuko hegoaldean” motzena eta Beluga” indartsua arabarren stoner biziaren isla dira. Oihu gorriz irudikatu dute azala, eta izenburua azken abestiarekin dator: «Utzidazu abesten, gorputzak eskatzen dit emaidazu mainstream!».

Estandarretik power triora pasatu ziren batzuk, eta bat gutxiago ere posible dela erakutsi dute gurean hainbat taldek. Tutan Come On bezala, hor ditugu Osso, Niña Coyote eta Chico Tornado, edo Viva Bazooka. Taldekide kopurua murrizteak dituen abantaila eta oztopo guztien gainetik, mainstream izatea kostako zaie. Diren bezala maitatu behar ditugu, eta ikusgarritasuna eman.

(Berria egunkarian, 2015eko abenduaren 13an “Ikusgarritasuna” izenburuarekin argitaratutako kritika)

ETIKETAK:DiskoakKritikakNeubatNiña Coyote eta Chico TornadoOssoTutan Come On