Musika

Urko Ansa

2021.11.07

Urko Ansa

Disko kritika: ‘Eta hutsa zen helmuga’ (Liher)

Liher Eta hutsa zen helmuga

Hemen herensugeak daude diskoa argitaratu zutenetik urte eta erdira itzuli da Liher laukote donostiarra. Koronabirusak egitasmo asko zapuztu zizkien arren, azkenean, 35 kontzertu inguru ematea lortu zuten. Lan haren promozioa erdibidean geratu zelako edo, amorrazioz itzuli direla dirudi, eta azken lanaren soinu kolosala berdintzea lortu dute potentziari dagokionez.

Ezberdina da honako hau, haatik, eta bistan da taldeak bere etengabeko bilakaeran beste pauso bat eman duela. “Kintsugi”-rekin hasten diren momentutik argi uzten dute gitarren boterea present izango dela lan osoan, baita Lide Hernandoren ahots erakustaldi harrigarriak ere. “Kintsugi”-ren gitarra melodikoek eta doinu zoragarriek beste hit bat izan litekeen “Orbainetan lehena” dute bidelagun. Baliteke kantuak gehiegi konprimatu izana ere, “Arrastaka”-n bertan argi geratzen den moduan, baina azken honek berak hainbeste angulu zirraragarri dauzka (amaierako oihu zitalen errematea barne), ezen eta kontu hori bigarren mailan geratzen baita.

Aurreko diskoan koruei garrantzi berezia eman bazieten, oraingoan are konplexuagoak eta landuagoak dira. Koru konposatuez hitz egin behar dugu, eta horrez gain, konposatzeko eraren beraren aldaketa nabarmendu ere: estrofa-errepika eskematik haratago, aurre-errepika ugariak, zubiak eta aipatu koruen konplexutasunak beste maila batera eramaten baititu. Iñigo Etxarriren gitarra ahalguztidunak lan osoa abilki markatzen du, base erritmikoaren oinarri mardulak (entzun “Porlan” kantua!) berebiziko sostengua ematen dion bitartean. Aipatu ezaugarriei gitarraren pasarte melodikoek soinuari berari eman dioten tratamendu konprimitua gehitzen badiogu, Q.O.T.S.A. taldearen eragina izan dutela ondoriozta genezake. “Nor zaren ere” abestiak bigarren erdian egiten duen aldaketa ere aipatu behar genuke, hain justu, Liherren estiloko kantua zenari errepika berri bat asmatu eta Willis Drummondek egingo lukeenera hurbiltzen diren momentuan.

Hernandok berriz txunditzen gaitu “Ain’t No Lullaby” aipagarrian edota “Hasi” eta “Orri zuri batek” (MICErekin egindako biko zoragarrian) rock balada sentibera eta indartsuetan. Erakustaldi oraindik handiagoak egin ditzake dudarik gabe, baina bistakoa da gauzek bere momentu aproposa izan dezaten bilatzen duela. “Mairubaratza”-ren egurra deigarria bada, are gehiago dira sartu dituzten koru barroko eta gurutzatuak. Eta amaiera apoteosiko gisa, “Paradoxak” mastodontea; orain, astuna; orain, melodia eder baten jabea; hiru ahotsetan egindako errepika koloretsua (Noa Egiguren, Lidia Insausti eta Hernando); eta, dirdira berezi baten jabea. Lan mardula, konpletoa eta oso aberatsa Donostiako laukoteak egin duena; zeresanik emango du.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakLiherMiceWillis Drummond