Musika

Andoni Tolosa

2020.02.03

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Tranpaldo’ (Joseba Tapia)

IMG_20191107_211151

Jakina da Joseba Tapia dela euskal musikaririk ipurterreenetako bat. Maiz erakutsi du bere ibilbide emankorrean, eta estimatzen zaio erosotasun-gunetik ihes egiteko duen joera. Eskertzekoa da, asmatu ala ez asmatu, bideak probatu, arriskuak hartu eta aurrera egiteko egoskorkeria. Egia esateko, ez luke zertan hala izan; aski da 30 urte baino gehiagoko ibilbidean sortu duen errepertorioaren tamainari eta kalitateari erreparatzea… badu edozein musikarik bertan goxo egoteko nahiko elikagairik. Baina ez, ez da geldirik egotekoa Tapia jauna, nahiz eta beti fidel izan zenbait ezaugarriri; besteak beste, hitzak aukeratu eta musikatzeko duen gaitasuna, herri-musikaren ipar-orratza ez galtzeko trebezia, edo esanahia teknikaren gainetik jartzeko egoskorkeria. Badakit honek eskela bateko panegirikoaren itxura hartu duela, baina ez, zorionez, Tranpaldo honetan musikari eta kantariak bizi-bizirik dagoela erakusten du, eta, gainera, gure pozerako, trikitia berriro eskuetan hartuta itzuli zaigu.

Hauxe da Tapiak zuzenean grabatutako bigarren diskoa, baina, aurrekoarekin alderatuta (Hain zuzen, Gaztelupeko Hotsak, 2002), oso bestelakoa gertatzen da. Leturia eta Arkaitz Minerrekin grabatutako disko hark Tapia eta Leturiaren alderik akustikoen eta hurbilena erakusten zuen; Tranpaldo hau, berriz, askoz ere joriagoa da, askotarikoagoa. Has gaitezke aipatuz inguruan bildu duen bederatzi musikariz osatutako taldea, haize sekzioa, hiru kantari, pianoa, baxua, bateria… ez al du honek Tapia Big Band izena merezi? Jarrai dezakegu aukeratutako kantuak eta egindako interpretazioak azpimarratuz, bereziki goraipatuz haize tresnen presentzia eta kantuei gehitzen dioten banda ukitua. Nola ez esan musikari bikainak bildu dituela inguruan, esperientzia eta gaztetasuna uztartuz, maisuki, ohi duen bezala. Azkenik, ezin utzi esan gabe askotariko eraginak sumatzen zaizkiela aire berrituz agertzen zaizkigun klasiko hauei, musikariak hazten jarraitzen duen seinale.

Hala eta guztiz ere, ez ditu bere kanturik agerikoenak aukeratu, ezin errazera jo. Plaza-gizon iaioari dagokionez, kantu errazagoak eta zailagoak uztartu ditu, entzulea paraje ezagunetatik ezezagunetara eramanez, betiere, disko honek dantzarako duen pultsioa albo batera utzi gabe. Zeren eta, orain galdera nagusia… hau dantzarako ala entzuteko disko bat da? Erantzuna argia da: ba al dago dantzatzerik musika entzun gabe? Ez du bihotzik, edo belarririk, “Putzu guztiek dute ondoan apoa” kantuaren bertsio discoak dantzatzeko gogoa pizten ez dionak.

ETIKETAK:Arkaitz MinerDisko KritikakDiskoakJoseba TapiaTapia eta LeturiaZakurraren Biolina